Ertzaintzak 35 urteko gazte bat atxilotu du goizaldean Barakaldon, indarrez lapurreta egitea leporatuta, lapurreta egiteko asmoz hiru ibilgailutan gutxienez kalteak egin ondoren.
Gaur goizaldean gertatu da Barakaldoko Landaburu auzoko Azkue kalean. Goizaldeko 02:50 aldera, Ertzaintzaren baliabideak adierazitako lekura agertu dira, herritar batek laguntza eskatu ondoren, pertsona bat auto batzuen kristalak hausten ikusi baitu. Pertsona horrek autoei kalteak egiten ari zen pertsonaren deskribapena ere eman du.
Barakaldon herritarrak babesteko lanetan ari ziren Sestaoko Ertzain-etxeko agenteak adierazitako kalera hurbildu dira, eta ingurua miatu ondoren, hiru ibilgailuk, gutxienez, kalteak zituztela egiaztatu dute. Auto guztiek kopilotuaren aldeko kristala hautsita zuten, eta, gainera, odol-arrastoak aurkitu dituzte auto batzuetan, zehazki, kopilotuaren ateko heldulekuan, abiadura-palankaren inguruan eta gordetegian.
Gero patruilek autoetatik metro gutxi batzuetara aurkitu dute berriemaileak emandako deskribapenarekin guztiz bat zetorren gizon bat. Identifikatu ondoren, agenteek egiaztatu dute pertsona hori odola dariola zegoela eskumuturretan eta bi eskuetako hatz-koskorretan zituen zauri txikietatik.
Egitateen egilea zela susmatuta, Ertzaintzak azaleko miaketa egin dio gizonari, eta bere gauzen artean kalteak izan dituen autoetako baten titularraren izenean zeuden garraio-txartel bat eta dokumentazioa aurkitu dizkiote.
Horren aurrean, agente jarduleek atxilotu egin dute 35 urteko gizona, ibilgailuetan indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Akusatua Sestaoko Ertzain-etxera eraman dute dagozkion eginbideak hasteko.