Euskal Herriko Musika Bulegoak euskal musika panoramako urteko proiekturik esanguratsuenak saritu ditu gaur arratsaldean, Gasteizen. Orotara 11 sari banatu dira, inolako mailaketarik gabe: epaimahaiak esleitutako zortzi, Etxepare Euskal Institutuak emandako bat, EHMBEko zuzendaritza batzordeak eman ohi duen ohorezko saria eta bigarren urtez Publikoaren saria.
“Euskal musikaren aniztasunaren isla” izan da Jimmy Jazz aretoan bizitakoa, Maddi Arana, EHMBEko lehendakariak azpimarratu duen modura, genero, erritmo eta doinu mota ugariren ordezkari baitira aurtengo saridunak.
Bertan izan dira, besteak beste, Ibone Bengoetxea, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua; Irene Larraza, Etxepare Institutuko zuzendaria, Sonia Díaz de Corcuera, Gasteizko udalako Kultura zinegotzia, Ana del Val, Arabako Foru Aldundiko diputatua, beste agintari batzuen artean. Dozenaka musikari, ekoizle, manager, programatzaile, kazetari eta musikazale ere presente izan dira gaur arratsaldeko jai-kutsuko galan.
Ibone Bengoetxea, lehen lehendakariordeak, Jaurlaritzaren konpromisoa berretsi du bere hitzartzean: «Gertu izango gaituzue. Finantzaketan gertu; artistak kontratatzeko jardunbide egokiak sortzeko gertu; eta musikan emakume gehiago sartzeko erronkari aurre egiteko gertu. Baina, parametro horietatik haratago, musikak batu egiten gaitu. Jarraitu gure herria zuen sormenarekin ureztatzen. Zuek laguntzen diguzue herri harrotasuna sentitzen».
Sariak esleitzeko, Euskal Herriko artista eta taldeek iaz sortutako 190 musika-proiektu eta proposamen aztertu ditu musikagintzan aditu eta arituak diren zortzi pertsonak osatutako epaimahaiak. Hain zuzen, zortzi sari ebatzi ditu aditu-talde honek. Hala, sarien bederatzigarren edizio honetako saridunak hauexek izan dira: Arineketan, Bloñ, Eneritz Furyak, Gorka Urbizu, Libe, Olatz Salvador, Soinuak Haizean eta Verde Prato.
Epaimahaia honako hauek osatu dute: Arantzazu Calleja, ikus-entzunezko musikagilea; Iban Urizar, musikaria eta irakaslea; Iker Gurrutxaga, NAIZeko musika arduraduna; José Joaquín Forcada Unanue «Forki», musika- esataria; Mar Rojo, musika-promotorea; Nahia Zubeldia, kantaria eta musikaria; Raúl Urkiza, kultura teknikaria; Teresa Catalán, musikagilea; eta Yasmin Soud, pianista, musikologoa eta musika-kudeatzailea.
Etxepare Insitutuak, berriz, euskal musika mugaz kanpo, nazioartera, zabaltzeko egindako lana aitortu ohi du urtero. Bada, aurten, Izaro musikariak jaso du errekonozimendu hori, euskara eta euskal kultura espazio, lurralde eta publiko anitzetara eramateko egin duen lana eta beste hizkuntza batzuekin elkarrizketan arituz, ohikoak ez diren esparruetara ere euskara eramateagatik.
Aipatutako bederatzi proiektu hauetako bakoitzak, 2.000 euroko diru-saria eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura bana jaso dute.
Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteko zuzendaritza-batzordeak, halaber, ohorezko sari berezia ere eman ohi du urtero. Aurten Benito Lertxundi musikaria aitortu du bere ahotsak, bere doinuek eta bere letraz jositako paisaiek belaunaldi osoak markatu dituztelako azken 60 urteetan.
Bigarren urtez jarraian, publikoak parte hartu ahal izan du 30 proiektu finalisten artean bere gogokoenari botoa emanez aplikazio baten bidez. Kategoria honetako saria Josetxo Goia lideratutako Zabaldika laukotea proiektuak jaso du.
Nerea Reparaz eta Julen Telleriak gidatutako sari-banaketa ekitaldia bera mamitsua izan da, gainera. Aitortutako talde batzuk zuzeneko emanaldiak eskaini dituzte. Hain zuzen, Arineketan, Bloñ, Eneritz Furyak, Gorka Urbizu, Olatz Salvador eta Soinuak Haizean-en doinuak entzun ahal izan dira.
Jarraian, Izaki Gardenak taldearen kontzertua izan da, publiko orokorrari irekia.
IX.edizio honetarako, Musika Bulegoak LABORAL Kutxa, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gasteizko Udala izan ditu babesle nagusi, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Etxepare Euskal Institutua, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia eta Sympathy for the Lawyer babesle eta SGAE Fundazioaren eta Jimmy Jazz aretoaren lankidetza. Hedabide laguntzaileak: EITB, Berria eta Noticias Taldea.