Imanol Pradales buru dela egin da lehen aldiz Euskal Poliziako agente berrien egiaztagirien banaketa

«Euskal Poliziaren egitekoa eskubideen eta askatasunen erabilera askea babestea eta herritarren segurtasuna bermatzea da», gogorarazi die Lehendakariak agente berriei.

Imanol Pradales lehendakaria, Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuarekin, Esther Apraiz EUDELen buruarekin eta Miren Dobaran Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiarekin batera, lehenengo aldiz buru dela egin da Euskal Poliziako diplomak eta kredentzialak banatzeko ekitaldia. Ekitaldi horretan 2.000 pertsona inguru izan dira, agente berrien senide eta gertukoak, erakundeen ordezkariak, ordezkari politiko eta sindikalak eta polizia-agintariak kontatuz.

Ekitaldian, Lehendakariak adierazi du emakumeek gero eta presentzia handiagoa dutela Ertzaintzaren barruan eta udaltzaingoetan, eta oroitzapen berezia izan du ETAk hil zituenentzat edo zerbitzuan hil zirenentzat. Halaber, zerbitzu publiko gisa egiten duen lanaren garrantzia azpimarratu du, herritarren eguneroko segurtasuna zaintzeko, larrialdi klimatiko, energetiko edo osasun publikoko larrialdien aurrean. Baita datorren astean Bilbon jokatuko den Europa Leagueko finala bezalako ekitaldien aurrean ere. «Ez zait bururatzen zuek baino hoberik gure babesa bermatzeko», nabarmendu du, Ertzaintzaren eta tokiko politiken arteko lankidetzaren adibide gisa.

Lehenengo aldiz, ikasleek hartu dute hitza zeremonian. Maria Echeverría, Ertzaintzako agentea, zuzendu zaie bertaratutakoei promozio osoaren izenean, “guztiok gara beharrezkoak Euskal Poliziak behar bezala funtzionatu dezan, eta misio batek batzen gaitu: errespetua, berdintasuna eta gizatasuna bezalako balioen ordezkari izateak. Une hau iritsita, rol hori gure gain hartzeko prest gaudela esan dezakegu”, esan du.

Tradizioari jarraituz, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian hautatzen eta prestatzen den promozio berri bakoitzak hegazti bat aukeratzen du enblema moduan. Arkautetik gaur atera den promozioa Ertzaintzaren 32. promozioa eta Euskal Poliziaren 4. promozioa da, eta lanperna-musua aukeratu du. Hegazti txikia da, erraz identifikatzen dena moko triangeluar handia duelako, alboetan konprimatua, puntan gorria eta oinarrian urdina. Hegazti lagunkoia da, kuriosoa, promozio honen espiritua islatzen duena.

EUSKAL POLIZIAREN 4. PROMOZIOA

Ertzaintzako eta udaltzaingoetako oinarrizko eskalako agenteen 4. promozio bateratua da, eta, gainera, bide-segurtasuneko eta ikerketa kriminaleko espezialitatea duten agenteak izango dituen lehenengoa.

Guztira, 400 pertsonak jaso dute gaur Euskal Poliziako agente-diploma, hauek dira:

  • Ertzaintzaren oinarrizko eskalako 30.
  • Ertzaintzako ikerketa kriminalean espezializazioa duten 101.
  • Ertzaintzako bide segurtasunean espezializazioa duten 56.
  • Euskadiko 31 udaletako 213 udaltzain: Amurrio, Andoain, Arrasate, Arrigorriaga, Astigarraga, Basauri, Bergara, Bermeo, Bilbao, Donostia, Eibar, Elorrio, Errenteria, Etxebarri, Getxo, Gernika-Lumo, Gorliz, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Mungia, Pasaia, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopela, Soraluze, Vitoria-Gasteiz, Zamudio, Zarautz, Zizurkil, Zumarraga.

Gaur kredentzialak jaso dituzten 400 pertsona horien artean, Herritarren Segurtasunerako agenteek bi hilabete daramatzate praktiketan, eta Bide Segurtasuneko eta Ikerketa Kriminaleko lankideek, berriz, espezializazio-ikasketak egiten jarraitu dute Akademian, eta datozen egunotan hasiko dira euren destinoetan praktikak egiten. In job praktikaldiko 12 hilabete horietan lanpostuan ebaluazio jarraitua izango duten praktiketako agenteak izango dira, eta aldi hori gainditzen dutenean eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren oniritziarekin, administrazio publiko bakoitzeko eskubide osoko funtzionario izango dira.

AGENTE BERRIEN PROFILA

Zenbakien arabera, Euskal Poliziako agenteen promozio honek Euskadiko segurtasunaren erronka berriei aurre egiteko lan nekeza hartu beharko du bere gain, eta promozioa osatzen duten pertsonak gazteak, prestatuak eta euskaldunak dira, eta emakumeak inoiz baino gehiago dira.

400 pertsona horietatik 149 emakumeak dira (% 37,3) eta 251 gizonak (% 62,7).  Gehienak 18 urtetik 30 urtera bitartekoak dira, eta gehien-gehienak 25 urtetik 30 urtera bitartekoak (% 45,36). % 77,67k goi-mailako ikasketak ditu eta % 95,48k euskarako B2 edo C1 hizkuntza-eskakizuna egiaztatu du.

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua