Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila Madrilekin hizketan ari da Unibertsitateen Dekretuaren erreformari ekiteko

Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioarekin hizketan ari da 640/2021 Errege Dekretuaren erreformari ekiteko. Errege-dekretu horrek unibertsitateen eta unibertsitate-zentroen sorrera, onarpena eta baimena arautzen ditu, bai eta zentro horien egiaztapen instituzionala ere. Datozen egunetan egingo diren bilera horiekin, Sailak ziurtatu nahi du araudi berriak eskumen-esparrua errespetatzen duela eta unibertsitate-sistema plurala, zorrotza eta kalitatezkoa indartzen lagunduko duela.

Argibideak
Prentsan agertu da Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak epez kanpo aurkeztu dituela Errege Dekretuaren proiektuari buruzko alegazioak Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioan. Hori dela eta, honako hau adierazi nahi dugu:

Baieztapen okerra da, okerreko premisa batean oinarritutakoa hain zuzen; izan ere, baieztapen horren oinarria da Ministerioak irekitako entzunaldiaren eta informazio publikoaren izapidean aurreikusitako epean aurkeztu behar zituela Sailak alegazioak. Hala ere, izapide hori, Espainiako Gobernuari buruzko azaroaren 27ko 50/1997 Legearen 26.6 artikuluaren arabera, berariaz herritarrei zuzenduta dago, eta, zehazki, eskubide eta interes legitimoak izan ditzaketen pertsonei, bai eta pertsona horiek ordezka ditzaketen legez aitortutako erakunde edo elkarteei ere, arauaren xedearekin zerikusia badute.

Bestela esanda, Ministerioak irekitako entzunaldiaren eta informazio publikoaren izapidea ez da Estatuak arauak egiteko orduan autonomia-erkidegoek parte hartzeko legez aurreikusitako bidea, beste administrazio publiko batzuek eskumen konkurrenteak dituztenean erregulazioaren xede den gaian.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak Ministerioari egindako alegazioak bi administrazio publiko eskudunen arteko idazki gisa ulertu behar dira, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean aurreikusitako lankidetza-, kooperazio- eta koordinazio-harremanen esparruan. Eta idazki hori ez da parte-hartze publikoaren izapidearen babespean egin; Ministerioari helarazi zaio administrazio publikoen arteko komunikazio instituzional modura; hori baita hain zuzen ere.

Izan ere, Sailak komunikazio hori ez egitea erabaki zezakeen, eta alegazioak Unibertsitate Politikako Konferentzia Orokorrean aurkeztera mugatu. Hala ere, Errege Dekretuaren proiektuarekiko eragozpenak Ministerioari aurreratzea erabaki zuen, Ministerioak bere edukiaren berri izan zezan Konferentzia egin baino lehen.

Azkenik, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak azpimarratu nahi du gai hau ez dela, inolaz ere, oportunismo politikoa egiteko erabili behar. Sailaren helburu nagusia da gure eskumen autonomikoak errespetatuko dituen eta unibertsitate-sistema indartuko duen araudia bermatzea, sistema hori hobetzen lagunduko ez duten konfrontazioetan erori gabe.