Ertzainek gizon bat atxilotu dute gaur goizaldean, beste gizon bati, jantzita zeraman erlojua lapurtzeko, eraso egitea leporatuta. Biktimari hozka egin diote bizkarrean, eta ospitalean artatu behar izan dute. Lapurretako bat handik laster atxilotu du patruila batek, poliziarengandik ezkutatu nahian sartu den errekatxo batean. Atxilotua epailearen aurrera eraman dute, eta honek espetxeratzeko agindua eman du.
Gaur, osteguna, goizaldeko ordu bi eta erdietan, hiru gizon Sopelan ostatu hartuta zeuden lekura zihoazenean, beste hiru hurbildu zaizkie, eta bati jantzita zeraman erlojua kentzen saiatu dira. Biktimak lapurreta eragoztea lortu du, baina indarka ari zirenean, hozka egin diote.
Handik laster inguratu den Ertzaintzaren patruila bat, biktimari lagundu ondoren, lapurren bila hasi da. Patruilak inguruko errekatxo batean ezkutatuta aurkitu du susmagarrietako bat, polizia ikustean bertara jauzi egin duena.
Agenteek identifikatu eta, ondoren, atxilotu egin dute lapurreta egiten saiatzea eta lesioak eragitea leporatuta. Atxilotua, polizia-aurrekariak dituen 33 urteko gizona, Ertzaintzaren egoitzara eraman dute. Eginbideak amaitu ondoren, epailearen eskuetan jarri dute, eta epaileak behin-behinean espetxeratzeko agindua eman du.
Ertzaintzak erasoan parte hartu duen beste susmagarrietako bat identifikatzea ere lortu du, eta ikerketapean geratu da. Une hauetan hirugarren inplikatuaren identitatea zehazteko eginbideekin jarraitzen du.