Cristóbal Balenciaga Museoak Elkarrizketa baten Sotiltasunak inauguratu du

Erakusketak 31 sortze-lan biltzen ditu guztira, Cristóbal Balenciagarenak batzuk eta Demnarenak besteak: moda-etxearen sortzailea lehena, markaren sormen-zuzendaria bestea. Lan horiek arte-objektu gisa aurkezten dira, lan bakoitzaren xehetasunak isolatzen dituen eszenografia batean. Ondorioz, zehatz-mehatz azter daitezke hala estetika nola teknika, Balenciaga Etxearen kode ikonikoak biak ala biak.

Museoak BALENCIAGA etxearekin lankidetzan antolatu du erakusketa hau, aurten, Cristóbal Balenciagaren irudia, modaren historiari egin zizkion ekarpenak, utzi duen legatua eta orain arte izan duen eragina ardatz dituen programazio baten testuinguruan.

Erakusketa hau Ondarearen Europako Jardunaldien esparruan sortu zen, eta hasiera batean Keringeko egoitzan aurkeztu zen, Parisko Laennec Ospitale historikoan, 2024ko urrian. Orain, Cristóbal Balenciagaren jaioterrira dator, haren ondareari eskainitako museora.

Elkarrizketa baten Sotiltasunak erakusketak iraganaren eta orainaren arteko solas arin eta etengabea proposatuko du 2025eko maiatzaren 23tik 2026ko urtarrilaren 11ra bitarte. Hala, Balenciaga Etxearen bikaintasun tekniko iraunkorraren eta sormen aberatsaren ikuspegi paregabea eskainiko die bisitariei.

Erakusgai dauden lanak Balenciaga Etxearen artxibo zabaletik datoz. Cristóbalen lehen lanetatik hasita, prêt-à-portereko eta goi-mailako joskintzako bilduma berrienak ere hartzen ditu barnean. Museoaren bildumako obra bakar bat ere badago, bi erakundeen arteko elkarrizketaren irudi sinbolikoa.

Aurkezpenean izan dira Urkiri Salaberria Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendaria, Gaspard Demassé BALENCIAGAko Ondare zuzendaria, Goizane Álvarez Irijoa Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatua eta Miren Vives Cristobal Balenciaga Museoko zuzendaria.

Urkiri Salaberriaren hitzetan bilduma hau «gure ondare kulturalaren balioa azpimarratzearen adibide argi eta nabarmena da». Gaur, iragana (Cristobal Balenciaga eta oraina (Balenciaga sinadura) etorkizunari begira daude, belaunaldi berriei begira. Belaunaldien arteko elkarrizketa honek Euskadi nazioarteko panoraman kokatzen duen euskal figura unibertsalaz gozatzeko, inspiratzeko eta, zergatik ez, harro egoteko balioko die. Hau guztia kultur ondarea da «, adierazi du.

Info gehiago