Euskal Poliziak abiaduraren kontrola indartuko du Euskadin

• Zaintza-lana areagotzeko kanpaina berria egingo du Euskadiko bide-sarean maiatzaren 26tik 30era
• 2024an, trafiko-istripuetan hildakoen %32 abiadura desegokiagatik izan zen, faktore nagusi gisa

Euskal Poliziak abiadura-kontrola areagotuko du datorren astean Euskadiko bide-sarean, maiatzaren 26tik 30era egingo den kanpainekin. Operatibo hori 2025. urterako programatu diren Trafikoa eta Garraioa Zaintzeko eta Kontrolatzeko Kanpainen egutegiaren parte da. Guztira 32 kanpaina egitea aurreikusten da.

Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, abiadura-mugak betetzen diren zainduko du, Euskadiko bide-sareko istripuen tasa eta zaurituen eta hildakoen kopurua murrizteko. Kontrolak, edonola ere, prebentziozkoak izango dira, eta abiadurari lotutako arriskuko bide-zatietan egingo dira, bai eta ezarritako muga gaindituta zirkulatzen den eta istripu-tasa handia dagoen puntuetan ere.

2024an, Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan trafiko-istripuz hildako pertsonen %32 faktore nagusia abiadura desegokia izan zen istripuetan hil ziren.

Beti errespetatu behar dira abiadura-mugak eta gogoan izan behar da, gainera, muga horiek gidatzeko baldintzak aproposak direnerako ezarrita daudela. Eguraldi txarra, euria, haizea, elurra… dagoenean, edo zirkulazio handia dagoenean, are gehiago murriztu behar da abiadura eta errepidearen eta zirkulazioaren egoerara moldatuko da beti.

Abiadura desegokian gidatzea da arrisku-faktore handienetako bat trafikoan. Abiadura gehitu ahala, gidariak ibilgailua kontrolatu eta geratzeko duen gaitasuna murrizten joaten da. Adibidez, 100 km/h baino gehiagora doan ibilgailuak, galtzada lehorra egonda eta baldintza onak izanda ere, ehun metro baino gehiago beharko lituzke arrisku-egoeraren batean erabat gelditzeko.