BIDAIA OFIZIALA – LEHEN LEHENDAKARIORDEA
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordea Quebecen ari da parte hartzen gonbidatu berezi gisa Frankofoniaren Nazioarteko Konferentzian, mundu osoko 93 herrialderen mailan, euskal kulturaren proiekzioa indartzeko frantsesez hitz egiten den lurraldeetan “Ça colle au basque” proiektua abian jarri denean
Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxea 90 estatu ingururekin Quebecen garatzen ari den Frankofoniaren Mundu Erakundearen nazioarteko biltzarrean parte hartzen ari da. Biltzar honen helburua da OIFeko estatu kideentzat kultura-politikei lotuta dauden alderdi komunak lantzea, ibilbide-orri bat ezartzeko. Testuinguru horretan, Bengoetxea lehendakariordeak Euskadiko kultura-eredua azaldu du, eta «digitalizazioa kultura-aniztasunak adierazpen-bide berriak aurkitzeko aukera» dela defendatu du.
Aro digitaleko kultura-aniztasunari buruzko ikuspegiak jorratu diren biltzar honen lehen mahai-inguruan, lehendakariorde lehenak ingurune digitalean euskararen eta euskal kulturaren presentzia handitzeko Eusko Jaurlaritzak egin duen apustua azaldu du: “Interneten ez dagoena, ez da existitzen belaunaldi berrientzat”. Hala, Euskadi kultura-aniztasun horren alde arlo digitalean lan egiten ari dela erakusten duten adibideak eman ditu: Kulturklik ataria, herrialdeko kultura-agenda osoa biltzen duen gunea; Euskariana, euskal kulturari lotutako edukiak dituen eta Europakoarekin bat egiten duen online gunea; edo kalitatezko ikus-entzunezko edukiak ekoiztearen aldeko apustua, besteak beste.
Ildo horretan, Ibone Bengoetxea lehendakariordeak mundu osoko kultura frankofonoko ministroen artean definitu duenez, «digitalizazioa aukera bat da kultura-aniztasunak adierazpen-bide berriak aurki ditzan, eta, era berean, kultura-ondareari eusteko eta herritarren eskura jartzeko».
Halaber, komunikabideei errealitate digitalera egokitzeko babesa ematea defendatu du, izan ere, «frogatuta dago herritarrengandik gertu dagoen komunikabideen ekosistema funtsezkoa dela gizarte informatuago, espiritu kritikoago eta balio demokratikoetan oinarritutako batentzat».
Frankofoniaren Nazioarteko Biltzarra
Frankofoniaren Nazioarteko Erakundeak (OIF) biltzar bat antolatzen du bi urtean behin, kultura-politiken arloko esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko, eta mundu osoko herrialdeek parte hartzen dute bertan. Aurtengo edizioa Quebecen garatuko da, maiatzaren 22tik 24ra, eta Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde Ibone Bengoetxea gonbidatu berezi gisa bertaratu da, Etxepare Euskal Institutuak “Ça colle au basque” ekimena abian jarri ondoren, frantsesez hitz egiten duten herrialdeekin kulturaren arloan harremanak ezartzeko duen interesak bultzatuta.
Nazioarteko Konferentzian, eremu frankofonoko kultura- eta sormen-industriekin lotutako funtsezko gaiak jorratzen ari dira: kultura-industriak hazkunde ekonomikoaren eta gizarte-kohesioaren motor gisa, kultura ingurune digitalean, eta elkartrukeak kulturaren arloan.
“Ça colle au basque” frankofoniara irekitako proiektua
“Ça colle au basque”, burutik kendu ezin duzun zerbait azaltzeko herri-esamoldea eta Etxepare Euskal Institutuak bultzatutako proiektuaren izena da, eta helburutzat du lurraldetasunetik harago joatea, unibertso frankofono batekin loturak sendotzeko. Bost kontinenteetan zehar hedatzen den unibertsoa, 321 milioi pertsona biltzen dituena. Horrela, Eusko Jaurlaritzak, Etxepareren bitartez, euskal kulturaren proiekzioa sendotu nahi du, frantsesezko hizkuntza duten lurralde horietan duen presentzia, ezagutza eta eragina indartzeko.
Proiektu horren esparruan (“Ça colle au basque”), euskarazko lanak frantsesera itzultzeko laguntza-lerro bat deitu da, lurralde frankofonoek nor garen jakiteko leiho bat gehiago izan dezaten. Euskadik Frankofoniaren Mundu Erakundearen Biltzarrean duen presentzia munduan aliantzak zabaltzeko adibide bat da.