Imanol Pradales Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluko buru izan da gaur arratsaldean Arabako Parke Teknologikoan. Bileran, Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak eta Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak ere parte hartu dute, eta baliagarria izan da Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (ZTBP 2030ren) tarteko ebaluazioaren emaitzak, gobernantza eta eguneratzea, eta I+G+b-a Nazioartekotzeko Estrategia aurkezteko.
Lehendakariak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Kontseiluaren ibilbidea goraipatuz hasi du hitzaldia. Kontseilu hori 2007an eratu zen, “gure herrialdeko zientziaren, teknologiaren, ikerketaren eta berrikuntzaren itsasargi izateko”. “Hamarkadetan egindako ahalegin kolektiboaren ondorioz, berrikuntza handiko herrialdeen artean gaude. Alemania, Luxenburgo eta Irlandaren mailan gaude, eta gure errendimendua Europar Batasuneko batez bestekoa baino handiagoa da”, gehitu du.
Horren erakusgarri, esan du, 2021-2025 urteetan Euskadik I+G+b-ko inbertsioaren estimazioa gainditu du, eta aurreikusitakoa baino % 5,6 gehiago bideratu du, 3.070 milioi eurora iritsi arte. “Baina ez da nahikoa. Handinahiak izan behar dugu eta haratago begiratu. Oraindik ere Belgikatik urrun samar gaude, eta are urrunago Herbehereek, Danimarkak, Suediak eta Finlandiak osatzen duten berrikuntzako liderren taldetik”, aurreratu du lehendakariak, eta hau gaineratu du: “Europak aspaldi ezarri zuen oso helburu argi bat: Txinarekiko eta Estatu Batuekiko lehiakortasun-arrakala murriztea. Bada, hori lortzeko elementu nagusietako bat, hain zuzen ere, berrikuntza da”.
“Abangoardian egotea dugu helburu. Horregatik, lehenengoaz gain, bigarren honen aldeko apustu irmoa ere egin behar dugu. Beste inork garatu ez dituen produktuak edo prozedurak sortu behar ditugu; eta, ahal bada, berrikuntza disruptiboak sortu. Joko-arauak aldatzen dituzten horietaz ari naiz. Ez gara hutsetik abiatzen. Autogobernua berreskuratu zenetik garatutako politika zientifikoaren eta gure unibertsitate eta ikerketa-zentroen etengabeko hobekuntzaren ondorioz, Euskadi goi-mailara iritsi da jakintzaren zenbait arlotan. Horiek bultzatzeko unea iritsi da, eta ezagutza zientifikoak aurrerapen zehatzak ekartzekoa”, adierazi du.
Ildo horretatik, Pradalesek aurrerapen teknologikorako eta produktibitatearen hazkunderako mugarriak zehaztu ditu, eta erakunde arteko lankidetzarako eta lankidetza publiko-pribaturako deia egin du, “proiektu eraldatzaileei beharrezko bultzada emateko, eta ikerketa eta garapena ideia onetan gera ez daitezen lortzeko, baizik eta gizartera irits daitezen, produktu, irtenbide eta aberastasun gisa”.
ZTBP Euskadi 2030
ZTBP Euskadi 2030, 2021eko otsailaren 16an onartua, bide-orri estrategikoa da Euskadi 2030erako berrikuntzan aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean kokatzeko.
Bileran, egungo Plana abian jarri zenetik Eusko Jaurlaritzak bultzatutako plan eta estrategia berriak aurkeztu dira, Euskadin eraldaketa sakonak gertatzen ari diren testuinguru batean, eta horien artean dago berehala iritsiko den Industria Plana. Estrategia berritzaileen artean, nabarmentzekoak dira IKUR 2030 —neurobiozientziak, teknologia kuantikoak, neutrionika, superkonputazioa eta adimen artifiziala bezalako ikerketa arlo estrategikoak bultzatzen ditu— eta Basque Quantum (BasQ) estrategia, zeinak Euskadik maila globalean zientzia eta teknologia kuantikoan duen posizioa indartzen baitu, berrikuntzaren itsasargiekin batera.
Azkenik, Kontseiluak ZTBPa eguneratzeko prozesua eta I+G+b-a nazioartekotzeko estrategia aztertu ditu. Ekitaldia amaitzeko, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak bultzatutako estrategia kuantikoari buruzko aurkezpena egin du Javier Aizpurua Basque Quantum-eko zuzendari zientifikoak.
Bidebarrieta Kulturgunea acoge las citas del 27 de mayo al 9 de junio, a las…
Hoy se ha registrado una nueva muerte en accidente laboral en Bizkaia. Una persona que estaba…
En 2024, cada bilbaino depositó en el contenedor verde unos 26,5 kg de envases de…
El Museo Casa de la Moneda de Madrid ha acogido el estreno de la Reserva Ecoturista…
Los leones se medirán al exigente PSV Eindhoven, campeón de la Eredivisie, en un partido…
El gamer de la Real Sociedad Emre Yilmaz se ha proclamado campeón de la eChampions League,…