Rotetako kolektoreen berroneratzearen lizitazioa onartu da Donostian

Rotetako kolektoreen berroneratzearen lizitazioa onartu da Donostian

Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako beste gai batzuk: Lorategiak

Tokiko Gobernu Batzarrak Rotetako (Altza) hiri-berroneratze integralerako eta udal-zerbitzuak berritzeko proiektuaren obrak kontratatzeko espedientea onartu du, 3.191.725 euroko aurrekontuarekin eta 12 hilabeteko egikaritze-epearekin.

Eneko Goia alkateak azaldu duenez, proiektu hau «Altzako Hiri Berroneratze Integraleko Planaren barruan dago, Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren 2022-2024 Inbertsio Estrategikoen Erakunde arteko Planak finantzatuta«.

Proiektuaren helburua Roteta auzoan sare bereizlea proiektatzea da, ur beltzen kolektore baten eta euri uren kolektore baten bidez. Gainera, proiektu honetan kontuan hartzen da hiri drainatze sistema jasangarriak sartzea.

Hiri eremuan, kaleak eta gune publikoak drainatzeko sistemak egokitu egin behar dira klima aldaketaren ondorioz aurreikusten diren muturreko fenomeno meteorologikoei aurre egiteko. Drainatze jasangarriko sistemek euri uren infiltrazio naturala ahalbidetzen dute, haien bolumena arinduz eta azalera gogorretatik datorren jariatze ura xurgatzea erraztuz.

Lorategiak

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Donostiako parke eta lorategietako lore-parterrei zuzendutako sasoiko plantula apaingarria (udal mintegian errekriatzeko) eta erraboilak hornitzeko kontratazioaren espedientea. Aurrekontua 93.307 eurokoa da, eta egikaritze-epea urtebetekoa.

Kontratu honen xedea da hainbat genero, espezie eta barietateko landare apaingarriak eta erraboilez hornitzea. Lizitazioa hiru lotetan banatzen da:

    • • 1. lotea.- Neguko lore apaingarrien landarea
    • • 2. lotea.- Lore apaingarrizko erraboilak
    • 3. lotea.- Udako landarea eta lore-erraboil apaingarriak

2025/06/03-an argitaratua