Ertzaintzak eta Aduana Zaintzako Zerga Agentziak drogaren aurka egindako dispositibo batean, 39 eta 34 urteko bi gizon atxilotu eta indoor marihuana-plantazioak desegin dituzte, bi gizon horien industria-pabiloi batean eta Astigarragako saltoki batean. Egindako miaketetan zenbait barietatetako 5.300 ale baino gehiago konfiskatu dituzte eta kukuluak zituzten 5.800 ontzi, haxixa, polena, haziak…. Merkantzia paketatzeko eta merkatuan banatzeko behar diren tresna guztiak ere konfiskatu dituzte. Operatiboan, bestalde, Hernanin aurkitutako beste plantazio bateko arduraduna ikertzeko eginbideak ireki dira.
Hernaniko ertzain-etxeak, Aduana Zaintzako Zerga Agentziarekin elkarlanean, Astigarragako industria-nabe batean marihuana-landareen eta -hazien landaketarekin eta salmentarekin zerikusia duten legez kanpoko jarduerak egiten ari ziren zantzu nabarmenak antzeman ondoren, abian jarri zuten azken hilabeteetan garatu den ikerketa.
Egindako ikerketei eta zaintzei esker, bertan zegoen enpresa zuzentzen zuten bi pertsonak identifikatu zituzten, eta maiatzaren 22an Ertzaintzako agenteak eta Aduana Zaintzako Zerbitzuko Unitate Operatiboko kideak pabilioian agertu ziren, hura miatzeko asmoz. Operatiboan parte hartu zuten kideek pabilioiko aretoak ikuskatu zituzten, eta lehenengo solairuko bi gelatan marihuana-plantazio bana aurkitu zituzten, zenbait hazkuntza fasetan zeuden barietate ugarirekin. Bi gelek sabaitik zintzilikatutako potentzia handiko led fokuak eta aireztatzeko eta erauzteko sistemak zituzten.
Guztira 5.000 landare eta kukuluak, haxixa eta polena zituzten 5.000 pakete —guztira 20 kilogramo inguruko pisua zutenak— konfiskatu zituzten. Gainera, legez kanpoko substantzia horiek paketatzeko eta merkatuan banatzeko beharrezko material guztia ere atzeman zuten.
Horrenbestez, enpresako bi arduradunak, 39 eta 34 urtekoak, atxilotu zituzten osasun publikoaren aurkako delitu baten ustezko egileak direlakoan, eta, ondoren, haiek herri berean zuten saltoki bat ere erregistratu zuten. Establezimendu horretan 350 ale baino gehiago zituen antzeko beste plantazio bat aurkitu zuten, baita perretxiko haluzinogenoak hazteko prestakinak, 800 pakete kukulu, haxix eta polen —guztira 6 kilogramo inguruko pisua zuten—, hainbat motatako marihuana-haziak, hazkuntza errazteko produktuak eta substantzia hori erretzeko tresnak ere.
Atxilotuak polizia-dependentzietara eraman zituzten, bidezko eginbideak egiteko eta, horiek amaitutakoan, epailearen aurrera eramateko.
Egun horretan bertan, eta egindako ikerketen ondorioz, Hernaniko finka bat ere miatu zuten, eta, nekazaritzako nabe baten barruan, marihuana hazteko behar diren sistema guztiak zituen beste indoor plantazio bat aurkitu zuten. Han 60 marihuana-landare inguru konfiskatu zituzten, eta arduraduna ikerketapean geratu eta haren aurkako eginbideak ireki zituzten.