Ertzaintzaren Ingurumenaren aurkako Delituen eta Hirigintzaren Atal Nagusiak Iruña Okako (Araba) Iruña-Veleia aztarnategi arkeologikoko ondare historikoaren aurkako etengabeko espoliazio-delitu bat ikertu du. Bi gizon identifikatu dituzte, kontrolik gabeko katak egin ondoren hainbat pieza arkeologiko eta txanpon eskuratu zituztenean.
Gertakariak 2024. urtearen zati batean eta 2025. urtearen hasieran gertatu dira, eta ikerketa Ertzaintzaren Miñoien Atalaren eta Arabako Foru Aldundiaren Museo eta Arkeologia Zerbitzuaren laguntzarekin egin da.
Gertaeren berri izan ondoren, Ertzaintzaren Ingurumenaren aurkako Delituen eta Hirigintzaren Atal Nagusiak zaintza-dispositibo bat ezarri zuen Iruña-Veleiako aztarnategiaren inguruan. Horrekin, egiaztatu ahal izan zen ustezko egileak asteko egun desberdinetan joaten zirela, beti gauez, metal-detektagailuekin, eta metalezko objektuak bilatzen zituztela, ondoren palekin eta aitzurrekin lurpetik ateratzeko, inolako metodologia arkeologikorik gabe.
Azken puntu horretan, Foru Aldundiko adituek kezka agertu zuten; izan ere, objektu historikoak eskuratzeaz gain, katak kontrolik gabe egiteak balio handiko informazio zientifikoa eta historikoa atzera bueltarik gabe galtzea eragiten zuen. Izan ere, aurkitutako piezen testuinguru arkeologikoa datatu eta ulertzeko, garrantzitsua da dauden lekua, sakonera edo egoera behatzea, eta, horretarako, metodologia egokia erabili behar da, ikertuek erabilitakoaren guztiz kontrakoa.
Hainbat hilabetetako ikerketaren ondoren, gutxienez 16 sarrera egiaztatu ahal izan dira aztarnategian 2024ko uztailetik, eta legez kanpo egindako 400 kata inguru.
2025eko apirilaren 18ko goizean, Miñoien Ataleko agenteek bi gizon infraganti identifikatu zituzten eta bi metal-detektagailu eta bi pala harrapatu zizkioten, baita metalezko bost pieza arkeologiko eta txanpon batzuk ere. Egileei atzemandako aztarna arkeologikoak Arabako Arkeologia Museora (BIBAT) bidali ziren.
Identifikatutako egileei eginbideak ireki zaizkie, ustez arkeologia-espoliazioa egiteagatik eta Ondare Historikoan kalteak eragiteagatik ikertu gisa, agintaritza judizialak noiz deituko zain.
Egitate mota horiek sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorrarekin edo hamabi hilabetetik hogeita lau hilabete arteko isunarekin zigortzen dira, Zigor Kodearen 323. artikuluan jasotakoaren arabera. Arau-hauste astun eta oso astun gisa ere jasotzen da Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legean, eta lehenengoa 250.000 euro arteko isunarekin zigortzen da, eta bigarrena berriz 1.000.000 euro arteko isunarekin.
Hau ez da Ertzaintzak egiten duen horrelako lehen operazioa. 2020an hainbat ikerketa egin ziren Asparrena, Garaio edo Kuartango eremuetan, besteak beste, eta baita Iruña-Veleian ere. Ikerketa horietako batzuetan, autonomia-erkidegoen artean mugitzen ziren talde antolatuak identifikatu ziren, haitzuloetan, aztarnategietan eta balizko arkeologia-guneetan bilaketak eta laginketak eginez.
25_0397 Gizon bat atxilotu dute Portugaleteko saltoki batean indarra erabiliz egindako lapurreta batean parte hartzeagatik…
25_0395 Lezo, motorzale bat hil da zirkulazio istripuan Lezo, motorzale bat hil da zirkulazio istripuan…
Ertzaintzak atzo, osteguna, arratsaldean egindako ikerketa baten ondorioz, Barakaldoko Cannábica elkarte batek erabiltzen duen lokal…
Ertzaintzak amaitutzat eman du "Mendeku" izeneko operatiboa, Polizia Nazionalarekin batera garatu duena, erakunde kriminalak atzemandako…
Ertzaintzako agenteek gizon bat atxilotu dute gaur goizaldean, beste bi gizonekin batera Zallako tailer batean…
El presidente del Athletic Club, Jon Uriarte, y el director general de fútbol, Mikel González,…