Ana Telleria Eusko Jaurlaritzako Auzoak Berroneratzeko eta Hiri Agendako zuzendariak “Klimaren ikuspegitik justuak diren hirietarantz aurrera egiten: inklusioz etxebizitza-parkea deskarbonizatzen” mahai-inguruan parte hartu du, ekainaren 4tik 6ra bitartean Dublinen egin diren International Social Housing Festival 2025en esparruan.
Telleriak bere hitzaldian azpimarratu duenez, “erakutsi dugu posible dela auzo kalteberak berroneratzea ikuspegi integral eta justu batetik”, eta nazioarteko adituekin partekatu du Euskadik birgaitze energetiko inklusiboaren eta gizarte-kohesioaren arloan duen esperientzia.
Bere saioan, zuzendariak azaldu du, Bultzatu 2050 Hiri Agendaren esparruan, bere zuzendaritzak, azken urteetan, esku-hartze integraleko mekanismoak eta prozesuak sustatu dituela Euskadiko hiru lurraldeetako auzo eta eremu kalteberetan. Ekintza horiek Eusko Jaurlaritzaren funts propioetako 130 milioi eurotik gora eta Europako funtsetako (Next Generation EB) 37 milioi euro inguru mobilizatu dituzte, 21 udalerritako 25 auzo berroneratzeko aukera emanez.
Telleriak zehaztu duenez, gaur egun 3.800 etxebizitza barne hartzen dituzten 435 bizitegi-eraikinen energia-efizientzia eta irisgarritasuna hobetzeko ari dira lanean. Auzo horiek identifikatzeko Hiri Kalteberatasunaren Inbentarioa, lideratzen duen zuzendaritzak garatu eta tutorizatutako tresna, erabili da.
Zuzendariaren esku-hartzearen ardatz nagusietako bat Eusko Jaurlaritzak sustatutako Opengela izan da, berroneratze-prozesuan dauden auzoetan kokatutako auzo-bulego teknikoak sortzen dituena. Bulego horiek leihatila bakar eta prozesuaren dinamizatzaile gisa jardute dute, eraikinen birgaitze integrala eta eremu publikoaren hobekuntza erraztuz ikuspegi parte-hartzaile eta komunitario batetik.
Zuzendariak nabarmendu duenez, “bizilagunen parte-hartzea eta udalen inplikazioa funtsezkoak izan dira proiektuarekiko atxikimendu handia eta garapen eraginkorra lortzeko”. Era berean, azpimarratu du garrantzitsua dela erabilgarri dauden finantzazio-mekanismoak ulertzea, “bereziki herritar kalteberenek hiri- eta energia-berroneratzeko ekimen horiek erabili eta baliatu ahal izan ditzaten”.
Mahai-inguruan moderatzaile lanetan Anamari Majdandžić, Kroaziako Garapen Jasangarriaren Diseinurako Sozietateko (DOOR) aholkulari seniorra, aritu da, eta Italiako, Kroaziako, Kataluniako eta Euskadiko hizlariek parte hartu dute eta bizitegi-parkearen deskarbonizazioaren eta justizia sozialaren inguruko ikuspegi berritzaileak partekatu dituzte.
Ana Telleriaren hitzaldiak erakundeen eta herritarren arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu du hiri erresilienteak, jasangarriak eta inklusiboak eraikitzeko beharrezko baldintza gisa.
Ertzaintzako agenteek 24 urte gizonezko bat atxilotu zuten atzo, igandea, Astigarragan, bortxatu zuen leiho batetik…
En julio del año pasado Osakidetza puso en marcha diferentes medidas para reducir las listas…
El técnico de Mungia Ander Ojanguren entrenará al filial femenino del Athletic Club la próxima…
Los Servicios de Emergencias de Euskadi rescataron ayer a un hombre, de 68 años de…
Esta mañana sede del PSE de Lasarte-Oria ha amanecido con pintadas contra Pedro Sánchez en…
Los bomberos han restacado a un perro que se encontraba atascado en una tubería, a…