Miramar jauregian egindako konferentziak eta udaletxeko ekitaldiek gorazarre egin diote Europako hiriek demokraziarekin, bakearekin eta giza eskubideekin duten konpromiso
Bi egunez, europeismo demokratikoaren epizentro bihurtu da Donostia, bertan egin baitira Europa Sariaren 70. urteurrena ospatzeko ekitaldiak. Sari horrek, 1955etik, Europako hiriek Europako Kontseilua sortzera eraman zuten balioekin daukaten konpromisoa aitortzen du: alegia, demokrazia, giza eskubideak, lankidetza eta bakea.
Donostiak, 2019an, sari hori jaso zuen, eta aurten urtemuga horren egoitza izateko aukeratu dute hiria. Horren harira, elkarrekin zenbait ekitaldi antolatu dituzte Donostiako Udalak, Europako Kontseiluko Batzar Parlamentarioak eta Europa Saria jaso duten Hirien Elkarteak, hiriek Europako proiektuarekin duten konpromisoaren inguruan hausnartu, eta hura ospatu eta berritzeko.
Urteurrenaren ekitaldiak ekainaren 5ean hasi ziren, ostegunean, Europako Saria jaso duten Hirien Elkartearen Batzar Orokorrarekin. Elkarteak berak antolatu zuen, Donostiako Udalarekin elkarlanean. Bileran Europa osoko ordezkari instituzionalak eta udal ordezkariak bildu ziren, tokiko demokraziarekin konprometitutako europar gazteen talde batekin batera.
Ekainaren 6an, Europako Kontseiluko Batzar Parlamentarioak Miramar Jauregian antolatutako nazioarteko konferentzia izan da ekitaldi nagusia. Konferentzia horretan, Europako parlamentariek eta alkateek, gobernantza demokratikoko adituek eta Europa Saria jaso duten zenbait hiritako gazteek elkarrekin hausnartu dute hiriek Europako proiektuaren bermatzaile gisa betetzen duten zereginari buruz.
Egunari amaiera emateko, gaur arratsaldean, Europa Sariaren 70. urteurrena ospatzeko ekitaldi ofizial hunkigarria egingo da Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan. Parte-hartze instituzionalak, ikus-entzunezko emanaldiak eta une musikalak izango ditu, hiriek europar balioen bermatzaile gisa betetzen duten eginkizuna nabarmentzeko.