Eusko Jaurlaritzak etxebizitza babestuaren aldeko apustuarekin lotzen den Basque Country marka defendatu du Dublinen

Eusko Jaurlaritzak etxebizitza babestuaren aldeko apustuarekin lotzen den Basque Country marka defendatu du Dublinen

Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak mahai-inguru batean parte hartu du Dublinen garatu den International Social Housing Festival 2025 ekitaldiaren barruan. Itxasok etxebizitza publikoaren aldeko apustuarekin lotzen den Basque Country marka defendatu du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ereduak arlo horretan dituen gakoak partekatu ditu, Europako hiri nagusiek bizi duten gero eta tentsionamendu handiagoari eman dakiokeen egiturazko erantzun gisa.

Funts publikoekin eraikitako etxebizitza babestu orok kalifikazio horri betirako eutsi diezaion Ministerioak egindako proposamenari buruzko Estatuko eztabaidaren testuinguruan, sailburuak irmo adierazi duenez, “etxebizitza babestua deskalifikatzea izan da higiezinen merkatuko espekulazioan gehien lagundu duen faktorea”. Horregatik, “gaur egun parke publiko eta sendo baten parte izan beharko luketen milaka etxebizitza galdu izanaren ondorio kaltegarria salatu behar da”, eman du aditzera, eta “politika horrek higiezinen merkatua berotzen eta herrialdeko funtsezko azpiegituretako bat deskapitalizatzen lagundu du” erantsi du.

Sailburuaren iritziz, “etxebizitza eskuragarria da desberdintasunaren eta erradikalizazioaren aurkako antidotoa. Gaur egun etxebizitzan inbertitzea Europako gizarte-ehuna indartzea da”, adierazi du Itxaso sailburuak, eta gogorarazi duenez, “guk erabaki ausartak hartu ditugu, eta eskaerak eskaintza gainditu duela eta esku-hartze publikoa inoiz baino beharrezkoagoa dela aintzat hartzen duen diagnostiko argiari erantzuten dion Etxebizitza, Lurzoru eta Hirigintza arloko Premiazko Neurrien Legea onartu dugu”.

Neur daitezkeen emaitzak dituen egiturazko eredua

Ekitaldian, Itxasok jakinarazi du Euskadik 119.000 etxebizitza sozial baino gehiago bultzatu dituela 1981. urteaz geroztik, eta horietatik heren bat Eusko Jaurlaritzak zuzenean sustatu dituela. Ildo horretan, nabarmendu du Euskal Autonomia Erkidegoak babes ofizialeko etxebizitzen kalifikazio iraunkorrean, berme publiko bidez babestutako alokairuan eta klase ertainei etxebizitza eskuratzea errazteko politika fiskal eta pizgarrietan oinarritutako eredua aplikatu duela.

Puntu horretan, argi utzi nahi izan du zer iritzi duen administrazioen artean konpromiso komunak hartzeko beharraren inguruan. “Etxebizitzaren arloan eskumena dugun administrazio guztiok erantzun behar diogu Europak etxebizitza babestuko parke publikoa handitzeko egindako eskaerari, eta, horretarako, gutxieneko bat partekatu behar dugu: babes ofizialeko etxebizitzak betirako hala kalifikatu beharra”, eman du aditzera. Hala egin ezean, “etorkizunean beste etxebizitza-krisi batzuk sortzeko bidea irekiko dugu, eta akats berean jarraituko dugu, dagoeneko porrot egin duten politikei jarraipena ematearekin; hori arduragabekeria onartezina da, herrialdea eta etorkizuneko belaunaldiak irtenbideen zain uzten dituelako”, gehitu du.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren hitzetan, “ez da kolektiborik zaurgarrienen arazoa; gaur egun klase ertaineko sektore zabalei eragiten baitie, bereziki gazteei”.

Euskal Autonomia Erkidegoko alokairu sozialeko parkea % 4,6koa da, Espainiako batez besteko % 3,4aren aldean, eta azken legealdian alokairu babestuko 1.128 etxebizitza hasi dira 2024an, inoizko kopururik handiena. “2018tik 2024ra bitartean, alokairu-parkea urtean % 6 baino gehiago hazi da, baina oraindik ez da nahikoa, gero eta handiagoa baita gazteen, migratzaileen eta pertsona bakarreko etxeen eskaria”, azaldu du Itxasok.

Gazteen emantzipazioa, erakundeen lehentasuna

Dublinen, arlo horretako arduradunak arreta berezia jarri du gazteei emantzipazio-prozesuetan lagundu beharrean. “Gaur egun, Etxebiden izena eman duten pertsonen % 46k laguntza publikoa behar dute etxebizitza alokatu ahal izateko”. Errealitate horren aurrean, Gaztelagun eta Emantzipa programak aldarrikatu ditu. Programa horiek 50.000 gazteri baino gehiagori lagundu diete 2015etik, alokairurako zuzeneko laguntzen bidez.

“Euskadiko legeek etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortzen dute. Horrek gure politikak seriotasunez eta anbizioz egokitzera behartu gaitu”, adierazi du. Beste ekimen batzuen artean, Bizigune programa nabarmendu du —merkatu pribatuko etxebizitza hutsak zentzuzko alokairurako mobilizatzen dituen programa—, baita enpresa misto publiko-pribatu abiaraztea ere, 2026tik 2036ra bitartean alokairuko 10.000 etxebizitza eraiki daitezen.

Itxaso sailburuak egiturazko neurriak ere defendatu ditu, hala nola tentsioan dauden eremuak izendatzea, “tresna horrek aukera ematen digu alokairuaren prezioek auzoetako bizilagunak kanpora bultzatzen dituzten lekuetan esku hartzeko”, eta amaitzeko adierazi du Euskadi Europako foroetan jardunbide egokiak partekatzeko prest dagoela, “ekarpen handia egiteko moduan baikaude”.