Getxon atxilotu dute indarkeria eta beldurra erabiliz egindako bi lapurretaren egilea

Ertzainek 23 urteko gazte bat atxilotu zuten asteazken arratsaldean Getxon, joan den maiatzean indarrez tira eginda emakume bati urrezko katea lapurtzeagatik egindako ikerketaren ondorioz. Egindako ikerketei esker jakin ahal izan da Leioan beldurra erabiliz egindako beste lapurreta batean ere inplikatuta dagoela.

Maiatzaren 30ean, emakume batek Ertzaintzan salatu zuen lapurreta baten biktima izan zela Getxoko herrigunean oinez zihoanean. Adierazi zuenez, kalean gazte batekin gurutzatu zen, eta gaztea beregana hurbildu zen eta indarrez tira eginda lepoan zeraman katea kendu zion, eta, ondoren, ihes egin zuen.

Berehala abian jarri zen ikerketari esker identifikatu ahal izan zen ustezko lapurra, delitu-historia luzea duen 23 urteko gaztea. Beharrezko frogaketak egin ondoren, ikerketaz arduratu ziren agenteek asteazken arratsaldean Getxon atxilotu zuten susmagarria, indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta.

Gauzatu den ikerketaren bidez egiaztatu ahal izan da gazteak joan den ekainaren 1ean Leioan adingabe bati larderiaz, labana bat erabiliz, egindako beste lapurreta batean ere parte hartu zuela, eta azken asteetan izandako antzeko beste delitu-ekintza batzuetan parte hartu ote zuen ere ikertzen ari dira.

 Beharrezko eginbideak amaitu ondoren, atxilotua gaur jarri dute agintari judizialaren eskuetan.