Ertzaintzaren Txakur Unitatea Auziker enpresarekin elkarlanean ari da gorpuak detektatzeko diseinatutako beita sintetiko berri bat garatzen.

Ertzaintzak Barakaldoko DEMA eraikinean Auzikerrek antolatu duen ekitaldian parte hartu du. Ekitaldiaren helburua “Hilotz” izeneko txakurren entrenamendurako beita berri bat aurkeztea zen, eta enpresa horretako ikerketa taldeak formulatu du Txakur Unitatearekin lankidetzan. Hil osteko lehenengo 24 orduetan gorpuetan dauden funtsezko konposatu lurrunkorrak erreproduzitzen dituen beita sintetikoa da. Auziker enpresaren eta Txakur Unitatearen arteko harreman estua 2017tik dator; izan ere, urte horretan bertako agenteek bultzatu zuten enpresak entrenamendurako lehenengo beitak garatzea.

Gaur, ostirala, egin da Barakaldoko DEMA eraikinean txakurren entrenamendurako “Hilotz” izeneko beita berri baten aurkezpena. Beita Auziker enpresak formulatu du, eta auzitegi, osasun eta biodetekzioaren eremuan txakur-unitate usnatzaileak entrenatzeko gailuak ikertzen eta garatzen espezializatutako enpresa da. “Hilotz” 24 ordu baino gutxiagoko post mortem tarteko gorpuak detektatzeko entrenamenduetan erabiltzeko diseinatutako lehenengo beita da. Mugarri hori ez zen posible izango Ertzaintzaren Txakur Unitatearen inplikazio aktiborik gabe eta detekzio-tresnak etengabe hobetzeko bere konpromisorik gabe.

Ekitaldian beitaren garapenean inplikatu diren eta erabiltzaile izan daitezkeen guztiek parte hartu dute, eta bertan zuzenean egin den saiakera praktikoan Ertzaintzaren Txakur Unitateko erreskate-txakurrek parte hartu dute.

Auziker enpresaren eta Txakur Unitatearen arteko harreman estua 2017tik dator; izan ere, urte horretan bertako agenteek bultzatu zuten enpresak entrenamendurako lehenengo beitak garatzea. Etengabeko lankidetza horren ondorioz, Ertzaintzak erronka tekniko berri bat planteatu zuen 2023an: detekzio txakurrak entrenatzeko zailtasuna deskonposizio fase oso goiztiarretan gorpuak aurkitzeko.

Heriotzaren lehenengo orduetan gorpuek askatzen dituzten konposatu lurrunkorrak usteltzeko etapa aurreratuagoetan sortzen direnen oso bestelakoak dira. Tarte labur horretan benetako gorpuekin entrenatzea ezinezkoa denez, material alternatiboak erabili behar izaten dira (hala nola beita sintetikoak edo txerri-ehunak), baina ez dute zehaztasunez erreproduzitzen usain objektiboa, eta positibo faltsuak sor ditzakete.

Behar horri erantzuteko, Auzikerrek bere gain hartu zuen erronka 2023ko irailean, eta beita berri bat garatzen hasi zen: Hilotz. Hil osteko lehenengo 24 orduetan gorpuetan dauden funtsezko konposatu lurrunkorrak erreproduzitzen dituen beita sintetikoa da. Bere helburua: tresna segurua, etikoa eta unibertsala eskaintzea, benetako gorpuzkiak erabiltzearekin lotutako arazo logistikorik eta legezkorik ez duena.

Garapen hori Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) lankidetza zientifikoari esker egin da, Auzikerren “Harrotu” programaren esparruan, Auzitegi Analisiko Masterreko master amaierako bi lanen bidez. Bi lan horietan diseinatu eta gauzatu ziren benetako gorpuetako konposatuen laginketa eta analisirako metodologia eta ondorengo datuen tratamendu estatistikoa. Informazio horretatik abiatuta, Auzikerreko sintesi-taldeak “Hilotz” beitaren prototipoak garatzea lortu zuen.

Prototipoak baliozkotzea funtsezkoa izan da, eta, horretarako, Ertzaintzaren Txakur Unitatea bere erreskate txakurrekin lankidetzan aritu da 2025eko urtarriletik, bilaketa libreko probak eginez. Saiakera horiei esker, taldeak beita sintetikoaren azken formulazioa doitu ahal izan du, eta oso emaitza positiboak lortu ditu aukeraketari eta espezifikotasunari dagokienez.

Jaitsi Argazkia

Jaitsi Argazkia

Jaitsi Argazkia

Jaitsi Argazkia

Jaitsi Argazkia