Gasteizen gizon bat atxilotu dute adineko emakume bati indarkeriaz lapurreta egiteagatik

Ertzaintzak 18 urteko gazte bat atxilotu du Gasteizen, adineko emakume bati indarrez tira eginda urrezko katea kendu ondoren.

Atzo, asteartea, 11:30 aldera, Gasteizko Sansomendi auzoko kale batean taka-taka baten laguntzaz oinez zihoan emakume bati gazte bat hurbildu zitzaion atzetik, eta indarrez tira eginda lepoan zeraman urrezko katea kendu zion.

Lekura hurbildu ziren Ertzaintzaren baliabideek lehenengo laguntza eman zioten biktimari, eta gertatutakoari buruzko informazioa bildu zuten.

Handik minutu batzuetara, ertzainek inguruan aurkitu zuten biktimak eta lekukoek emandako deskribapenarekin guztiz bat zetorren gazte bat. Inplikatuari egindako miaketan, oinetako baten barruan aurkitu zioten emakumearen urrezko katea, domina eta guzti.

Horren aurrean, 18 urteko gaztea indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu zuten, eta, ondoren, polizia-egoitzara eraman zuten beharrezko eginbideak betetzera.  Horiek amaitu ondoren, atxilotua agintari judizialaren eskuetan jarriko dute.   

Biktima, bestalde, Txagorritxu ospitalera eraman zuten lesioak sendatzera.