Ertzaintzako agenteek 32 urteko gizon bat atxilotu dute gaur, ostirala, goizaldean, Arabako hiriburuko etxebizitza batean indarra erabiliz lapurreta egiteagatik. Lapurra etxeko bizilagunak ustekabean harrapatu du, barrura sartzeko leiho bateko kristala hautsi duenean. Patruilek ospitalean aurkitu dute, kristala haustean egindako ebakiak sendatzera joan baita.
Gaur goizaldeko lauak baino lehentxeago, hiriko Alde Zaharreko etxebizitza bateko bizilagunak Ertzaintzari jakitera eman dio bere etxean lapurreta egiten saiatu direla. Biktimak bertaratu den herritarren babeseko patruilari adierazi dionez, gela batean lotan zegoenean hautsitako kristalen zarata entzun du terrazan, lehenengo solairuan. Salatzaileak ikusi du leiho bateko kristala hautsita zegoela eta terrazan pertsona bat zegoela. Une horretan, oihuka hasi da eta ustezko lapurrak handik alde egitea lortu du.
Agente jarduleek egiaztatu dute odol-arrastoak zeudela hautsitako kristalen artean eta kaleko hainbat puntutan, eta egilea, ustez, handik aldendu dela. Gainera, eraikinaren fatxadan hodi bat zegoela ikusi dute, eta inplikatua terrazara bertatik igo dela pentsatu dute.
Kaleko odol-arrastoari jarraituz, polizia-dotazioak Santiago ospitalera iritsi dira, eta bertan aurkitu dute esku batean eta beso batean ebakiak zituen gizon bat. Osasun-zerbitzuek artatu ondoren eta lesioak etxebizitza batean sartzeko leiho bateko kristala haustean egin dituela aitortu ostean, indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu dute.
Atxilotua agintari judizialaren eskuetan jarriko dute polizia-eginbideak amaitu ondoren.