Ertzaintzak adingabe bat atxilotu du droga-trafikoagatik Lemoako diskoteka batean

Ertzaintzak Lemoako diskoteka batean egindako drogen aurkako operatibo batean adingabe bat atxilotu dute droga-trafikoagatik, eta lokalaren arduraduna ikertu dute, establezimenduko hainbat lekutan substantziak aurkitu baitituzte. Hainbat bezerori zehapen administratiboak jarri dizkiete legez kanpo substantzia sorgorgarriak eta debekatutako armak edukitzeagatik.

Larunbatetik iganderako goizaldean, Ertzaintzak drogen aurkako dispositibo bat gauzatu du Lemoako diskoteka batean, Durangoko Ertzain-etxeko mugapean droga-trafikoaren aurka borroka egiteko.

Operatibo horren ondorioz, adingabe bat atxilotu dute, eta kolore marroiko substantzia bat, ustez haxixa, zuten 22 poltsatxo eta billete txikitan banatuta 625 euro konfiskatu dizkiote. Gaztea, polizia-operazioaz jabetu denean, larrialdietako atetik ihes egiten saiatu da. Hala ere, irteera hori zaintzen ari ziren agenteek atzeman dute. Saltzeko prestatutako dosi txikitan banatuta legez kanpoko substantziak zituela egiaztatu ondoren, droga-trafikoa leporatuta atxilotu dute.  

Polizia-egoitzan zegozkion eginbideak bete ondoren, gaztea aske utzi dute gurasoen eskuetan, agintari judizialak deitu zain.

Bestalde, lokalean egindako miaketan, agenteek substantzia-kopuru txikiak aurkitu dituzte jendearentzat irekitako establezimenduko hainbat gelatan, gehienak haxixa eta marihuana, eta, ustez bertan zeudenak bota dituzte polizia-baliabideak ustekabean agertu direnean.  

Lokaleko arduradunaren bulegoan ere hainbat substantzia aurkitu dituzte, besteak beste, “speed” edo anfetamina sulfatoa eta kokaina, eta 1.500 euro ere konfiskatu dituzte legez kontrako jatorria dutela susmatuta.

Operatiboan, Durangoko Ertzain-etxeko herritarren babeserako agenteei Brigada Mugikorreko, Segurtasun Pribatuko, Joko eta Ikuskizun Unitateko eta Txakur Unitateko agenteek lagundu diete, eta txakurrek aurkitu dituzte establezimenduko gela pribatuetan ezkutatutako substantziak.

Konfiskazioez gain, agenteek lau espediente ireki dizkiete bezeroei substantzia sorgorgarriak edukitzeagatik, eta beste biri debekatutako armak eramateagatik, zehazki labana bat eta ukabil amerikar bat.