Ertzaintzak 41 eta 45 urteko bi gizon atxilotu ditu osasun publikoaren aurkako delitu bat leporatuta, Zallan desegindako indoor marihuana-plantazio baten ustezko arduradunak izateagatik. Sartu eta miaketak egitean, 640 marihuana-landare eta landareak hazteko prestatutako bi instalazio, guztira 1.000 landareko ekoizpen-ahalmena zutenak, aurkitu dituzte.
Egitateak 2025eko urtarrilean hasi ziren, Zallako Mimetiz auzoko etxebizitza-bloke bateko trastelekuetan sutea izan zenean. Bertaratu ziren Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren baliabideek egiaztatu zuten trastelekuetako batean marihuana hazten zutela, eta 100 bat landare konfiskatu zituzten.
Ertzaintzak ikertu gisa identifikatu zituen trastelekua zegokion etxebizitzaren alokatzailea eta landareen ardura bere gain hartu zuen errentaria, eta eginbideak ireki zizkieten. Pertsona hori droga-trafikoaren ustezko delitu batengatik ikertu zuten.
Kontua da etxebizitzaren jabeak aurrekariak zituela halako egitateengatik, eta Ertzaintzak ikerketa hasi zuen, beraz, 2025eko otsailean. Ikerketa horren ondorioz egiaztatu ahal izan zuen Zallako Baular auzoan etxebizitza atxikita zuen pabiloi bat zuela jabetzan.
Ikerketekin jarraituz, Ertzaintzak pabiloi horretan marihuana-plantazio bat egon zitekeela susmatuta, zaintza-lanak areagotu zituen. Ikertzaileek ondorioztatu ahal izan zuten bi arduradunak urtarrilean Mimetiz auzoko trastelekuan plantazioa aurkitu zutenean identifikatu zituzten bi pertsonak zirela.
Ertzaintzak 2025eko ekainaren 30ean atxilotu zituen bi pertsona horiek droga-trafikoa leporatuta, eta pabiloiaren jabeari eskudirutan 2.200 eurotik gora atzeman zizkioten furgoneta batean zihoanean.
Ikerketaren arduradunek pabiloian eta eranskinetan sartu eta miaketa egiteko baimena eskatu zioten agintaritza judizialari, eta baimena lortu ondoren atzo, asteartea, sartu eta miatu zituzten. Horren ondorioz, industria-pabiloiaren gainean kokatutako etxebizitzan zegoen indoor plantazioa desegin zuten.
Etxeko hiru gelatan 96, 112 eta 112 marihuana-landare aurkitu zituzten, eta estalkiko eranskin batean beste 320. Instalazio teknifikatu bat zen, eta ureztatzeko, aireztatzeko eta argiztatzeko sistema automatikoak zituen. Miaketan lurra, ongarriak, hezetasuna kentzeko makinak, filtroak, lorontziak eta lehortzeko armairuak ere aurkitu zituzten.
Plantazioaren arduradunaren jabetzako lantegian egindako bigarren miaketa batean, solairuartean, marihuana hazteko prestatutako beste instalazio bat aurkitu zuten, baina kasu honetan hutsik zegoen.
Atxilotuek polizia-egoitzan jarraitzen dute, eta dagokion eginbideak amaitu ondoren, agintari judizialaren eskuetan jarriko dituzte.
Operatiboa irekita dago, eta ez da baztertzen, beraz, atxiloketa gehiago egitea.