Topoaren lanek gehien kaltetu duten zeharbideak oinezkoak lehenetsiko ditu, 5 metrotik gorako zabalerako espaloiekin eta garraio publikorako errei bakarrarekin
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, Euskal Trenbide Sarearen eskutik, Easo kalea behin betiko ireki du gaur goizean, urbanizatu ondoren. Zeharbideak lehentasuna ematen die oinezkoei, bost metrotik gorako zabalera duten espaloiekin eta autobus eta taxien garraio publikorako erreserbatutako errei bakarrarekin.
Easo kalea, San Martinekin bat egiten duen tokitik Askatasunaren hiribideraino, Topoaren Donostiako trenbide saihesbidearen obretako “0 gunea” gisa har daiteke, obrak hasi zirenetik Xabier Zubiri plazaren ondoan eragin handiena izan duen eremua baita. Kalearen irekierak benetako lasaitasuna ekarriko du obraren fase guztiak lehen lerrotik bizi izan dituzten inguruko egoiliarrentzat, merkataritza establezimenduentzat eta ostalarientzat.
ETSk egin dituen urbanizazio-lanek, batez beste 5,50 metroko zabalerako espaloiak utzi dituzte alde bakoitzean. Erabilitako zoladura hiriko ohiko hexagonala da, granitozko galtzada-harrizko eremuekin. Erdialdean 3 metroko zabalerako errei bat gorde da soilik autobusek eta taxiek eta larrialdiei erantzuteko ibilgailuek zirkulatzeko. Galtzada asfaltatuta dago, Arrasate kalearekiko bidegurutzean goragune bat du eta akabera inprimatuta dago.
Hiri-altzarien erremateen faltan, espaloien eremuan, gaur egun fabrikan egiten ari diren zenbait jardinera-eserleku ezarriko dira beren artean distantzia jakin batera. Uztailaren amaieratik abuztuaren hasierara bitartean ezarriko dira.
Easo ireki ondoren, Xabier Zubiri plazaren inguruko urbanizazio lanek jarraituko dute, jarduketa irailaren bigarren hamabostaldian osatzeko asmoz. San Bartolome kalea abuztuko lehen hamabostaldian irekiko da behin betiko, hiri-altzarien erremateren baten faltan. Ordurako, San Martingo asfaltatze-lanak ere eginda egongo dira, Urbieta eta Easo artean; baita Easokoak ere, San Martin eta San Bartolome artean.
Gaur goizean inguruaren urbanizazioan egindako aurrerapenak bisitatu dituen Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak eskerrak eman dizkie “inguruko egoiliar, merkatari eta ostalari guztiei, oso lehen lerroan bizi izan baitituzte obra horrek hainbeste denboran sortu dituen deserosotasunak. Eskerrak eman nahi dizkiet, halaber, gure lantaldean eta obra honen emaitzan izan duten konfiantzarengatik, izan ere, urbanizazioa amaitu ondoren nabarmen hobetu da, eta 2026an ere hala egingo du, eremu honetan mugarri izango den garraio modu jasangarri bat ezarrita”. Lurpeko pasabidearen obra eta lurpean izango dituen hiru geltokiak, “Donostiako eta Gipuzkoako mugikortasuna hobetzeaz gain, hiria berroneratzeko aukera dira, oinezkoekiko errespetu handiagoa duten kaleekin eta libre utzitako lurzoruarekin, espazio publiko eta etxebizitza berriak sortzeko aukera emango baitu Amarako trenbide-zabalgunea bezalako puntuetan”.