Gizon bat atxilotu dute Bilbon, arma zuri batekin eraso egin izana egotzita

Ertzaintzako agenteek gizon bat atxilotu dute gaur goizaldean Bilbon, Atxuri auzoan, arma zuri batekin beste gizon bati eraso egitea leporatuta. Erasoaren ostean, biktimak zauria izan du sabelean eta ospitalera eraman behar izan dute.

Gertakaria goizaldeko ordu bata bost gutxitan izan da, Bizkaiko hiriburuaren erdigunean. Hainbat deik Atxuri auzoan hainbat lagunen arteko liskarra gertatzen ari zela ohartarazi dute. Ertzaintzako hainbat agente bertaratu dira, eta biktimarekin harremanetan jarri dira; gizonak zauri zorrotza zuen sabelean. Berak adierazitakoaren arabera, bi pertsonak arma labur batekin mehatxu egin zioten, eta horietako batek arma zuri batekin eraso egin zion, ondoren ibilgailu batean ihes eginez.

Biktimak egun batzuk lehenago berarekin izandako eztabaidan parte hartu zuten bi susmagarrien eta ihes egiteko erabilitako ibilgailuaren deskribapena eman du. Handik gutxira, Ertzaintzaren patruila batek bi pertsona aurkitu ditu Santutxu auzoan, liskarrean inplikatutakoen deskribapenarekin bat zetozenak. Agenteek bi gizonak identifikatu dituzte, eta horietako bat atxilotu dute, erasoaren ustezko egilea delakoan; izan ere, arropan odol-arrastoak zituen eta arma zuri bat zeraman.

Atxilotua, 23 urtekoa, Ertzaintzaren egoitzara eraman dute, beharrezko polizia-eginbideak egiteko. Haiek amaituta, atxilotua epailearen esku jarriko dute.

Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du; izan ere, uste da istilu horretan hainbat tiro egin direla su-arma batekin. Erasoa izan den lekuaren ikuskapen batean bi bala-zorro aurkitu dituzte.