Astigarraga eta Usurbil bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzea onartu du Eusko Jaurlaritzak

Astigarraga eta Usurbil bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzea onartu du Eusko Jaurlaritzak
  • Denis Itxaso sailburuak nabarmendu du garrantzitsua dela Donostialdea eta Txingudiko metropoli-ingurune osoa tentsionatutako eremu izendatzea, “tentsionamendua partekatua delako eta alokairuaren merkatuan esku hartzeko neurriek zentzua dutelako multzoari aplikatzen zaizkionean”
  • Astigarragako alkate Xabier Urdangarinek adierazi duenez, «Udalek finantziazio handiagoa eta lege-neurri eraginkorragoak behar ditugu, gainezka dagoen merkatu baten prezioen igoerari aurre egin ahal izateko»
  • Etxebizitzen gaiak bizi duen larrialdi egoerari aurre egiteko, udalez gaindiko bestelako politika integral eta ausarten beharra nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak. “Merkatuan esku hartu behar da, eta udalekin benetako lankidetzak eraiki behar dira”

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Astigarraga eta Usurbil bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatu ditu. Kalifikazio hori gaur argitaratu da EHAAn eta BOEk urrian zehar tentsionatutako udalerrien zerrenda berria argitaratzen duenean egikarituko da. Bi udalerriok Donostiako metropoli-ingurunean daude, eta herritarrek gero eta zailtasun handiagoak dituzte etxebizitza eskuratzeko, alokairuaren prezioen igoeragatik eta Gipuzkoako hiriburuak egiten duen presioagatik.

Astigarragaren izendapenaren kasuan, familiek, batez beste, diru-sarreren % 31,2 etxebizitza ordaintzera bideratzen dute —% 30eko muga gaindituz— eta alokairu-errentak % 23,1 igo dira 2017tik 2022ra, KPIaren bilakaeraren gainetik. Usurbilen kasuan, berriz, alokairuaren batez besteko prezioa azken 5 urteetan igo izanaren ondorioz izendatu da, % 19,9 igo baita, % 17tik gora (KPI + ehuneko 3 puntu); hori da, hain zuzen ere, legeak tentsionatutako eremu izendatzeko proposatzen duena.

Gaur goizean Erribera Kulturgunean egindako ekitaldian, Denis Itxaso sailburuak, Xabier Urdangarin Astigarragako alkatearekin eta Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkatearekin batera, azpimarratu duenez, “Donostialdea inguruko bi udalerri izanik, hiriburuak sortzen duen tentsioak argi eta garbi kaltetzen ditu. Ezaugarri hori dute biek, eta horregatik ematen dugu pauso hau elkarrekin, Hernanin bezala, Donostiak erakarrita etxebizitzarengan dituen eraginak antzematen ari direlako”.

Izendapena hiru urtez izango dute bi udalerriek, eta etxebizitza-eskaintza zabaltzeko, alokairuak arautzeko eta laguntza-sistema indartzeko diseinatutako ekintza-planak aktibatuko dira. Sailburuak adierazi duenez, “tentsionamendua metropoliagatik dela argi dago”. Ildo horretan, gogorarazi du Usurbil eta Astigarraga ez ezik, Errenteria, Lasarte-Oria eta Donostia ere tentsionatutako eremu izendatu direla dagoeneko, eta Lezo eta Hernani prozesuan daudela; Pasaiak ere hori egiteko borondatea agertu du. “Hortaz, konurbazio osoan Oiartzun eta Urnieta bakarrik faltako lirateke, Irun ere dagoeneko babes-sare horren parte delako”, gaineratu du. Gaur egun, Oiartzunek tentsionatutako eremu izendatzeko baldintzak betetzen ditu.

Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkatearen esanetan, Etxebizitza bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendapena “albiste ezin hobea” da Usurbilentzat, “Espero dugu ordurako etxebizitzen prezioen muga ezartzen duen indizea kaleratua izatea, hasieratik eraginkorra izan dadin”. Alkateak bi ideia nabarmendu ditu. Batetik, etxebizitza plana zaintzaren zeharlerrotasunetik garatu dutela “etxebizitzak eta zaintzak uztartzea ahalbidetuko duten etxebizitzak behar ditugulako, pertsonek beren bizi proiektuekin jarraitu ahal izan dezaten”. Bestetik, Usurbilgo etxebizitza planak bat egingo duela denboran indarrean sartzear den Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) lehenengo lau-urtekoarekin. HAPOan 715 etxebizitza berri antolatzen dira, eta %62 babestuak dira: 340 etxebizitza sozial eta 102 etxebizitza tasatu.

Solaberrietak etxebizitzaren gaiak bizi duen “larrialdiko egoera” nabarmenduz amaitu du bere hitz-hartzea. “Egoera honi aurre egiteko, udalez gaindiko bestelako politika integral eta ausartak behar ditugu. Merkatuak ezin du erabaki nor bizi daitekeen Usurbilen eta nor ez: merkatuan esku hartu behar da, eta udalekin benetako lankidetzak eraiki behar dira”.

1.200 etxebizitza berri baino gehiago, sustapenen eta hiri-berroneratzearen artean

Astigarragako plan orokorraren berrikuspenak (urte honen amaierarako aurreikusita dago hasierako onarpena) 503 etxebizitza eraikitzeko aukera aurreikusten du; horietatik 110
(% 22) babes ofizialekoak izango lirateke, 65 (% 13) prezio tasatukoak, 50 (% 10) alokairu sozialekoak eta 278 (gainerako %55) erosketa librekoak. Eta horiei Santiagomendi, Murua, Errekalde auzoetan eta hirigunean berroneratzeko operazioak gehitu behar zaizkie

Proposatutako alternatibak, Xabier Urdangarin alkateak azaldu duenez, udalerriaren hazkundearen erritmoa moteltzeko beharrari erantzuten dio, «20 urtetan populazioa bikoiztu baitu». Urdangarinek, halaber, udalen lana balioesteko aprobetxatu du ekitaldia, eta finantziazio handiagoa eskatu du, bai lurzorua erosteko, bai tokiko etxebizitza-planak garatzeko. Era berean, lurzoruaren legearen berehalako erreforman udalei kontsultarik ez egitea kritikatu du.

Usurbilen, asmoa handiagoa da: Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berriak, guztira, 715 etxebizitza aurreikusten ditu, eta horietatik % 62 babestuak izango dira. Lehentasunezko sustapenen artean, nabarmentzekoak dira: Pikaola (46 etxebizitza, 30 babes sozialekoak) eta Olarriondo (316 etxebizitza, horietatik 180 etxebizitza sozialak eta 62 etxebizitza tasatuak). Horiez gain, Zingirategi (87 etxebizitza, 32 etxebizitza sozial eta 13 tasatu), Elutx (27 etxebizitza, 11 etxebizitza sozial eta 4 tasatu), Etxe Lorea (41 etxebizitza, 13 etxebizitza sozial eta 4 tasatu) eta Txokoalde eta Zubietako sustapen txikiak daude. Agerreazpin 30 eta 35 zuzkidura-bizitoki eraikitzea eta Etxealdia auzoan udal-lokalak etxebizitza bihurtzea ere aurreikusten du planak. Horri proiektu berritzaileak gehitu behar zaizkio: Txirikorda, belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa, edo Egurtzegi, zaintzadun etxebizitzekin zein bizi osorako etxebizitzekin.

Sailburuak nabarmendu duenez, “etxebizitza-eskaintza handitu behar dugu, lurzorua martxan jarri eta dentsitatea areagotu. Ez zaio beldurrik izan dentsitateari, hori baita eskualdean lurzorua bezalako ondasun urria aprobetxatzeko modua”.

Garapen berriekin batera, dagoeneko finkatuta dagoen hirigunean jarduteko deia egiten du planak. “Udalerriei proposatzen die eraikitako hirian jardun dezaten, etxabeetan nahiz hegaletan: erabiltzen ez diren lokalak aprobetxatzea, etxebizitza bihurtzeko, eta lehendik dauden etxebizitza babestuko eraikinetan solairu berriak eraikitzeko. Legeari eta Premiazko Neurrien Dekretuari esker, hori egin ahal izango dugu, eta gutxiegi erabiltzen diren espazioak etxe bihurtzen lagunduko dugu”, azaldu du Itxasok.

Gipuzkoako Erreferentzia Prezioen Indizea, hil amaierarako prest

Bestalde, bai Astigarraga eta bai Usurbil tentsionatutako eremu izendatzeak alokairuaren merkatua erregulatzeko mekanismoak aktibatzen ditu. Hala, kontratu berrien prezioa mugatu egingo da, aurreko kontratuarena baino handiagoa izan ez dadin, eta, azken bost urteetan alokatu ez diren etxebizitzen kasuan, erreferentzia-indizea aplikatuko da. Ministerioak hilabete honen amaierarako prest izatea espero du, Isabel Rodríguez ministroak asteazken honetan Diputatuen Kongresuan iragarri duenez. Itxasok horri balioa eman dio, “Donostialdeko eskualde osoa figura horren pean babestea” ahalbidetuko baitu.

Gainera, etxegabetzeen aurrean babestea indartzen da, eta kontratuen ezohiko luzapenak aktibatzen dira maizterrak zaurgarritasun-egoeran daudenean.

Udalek OHZn errekarguak aplikatuko dizkiete hutsik dauden etxebizitzei, eta berariazko kanon bat ezartzeko prestatzen ari dira, arrazoirik gabe hutsik dauden higiezinak zigortzeko. Halaber, eraiki gabeko orubeetan hirigintza-zehapenak eta desjabetzeak aurreikusten dira, bai eta pisu turistikoak mugatzea ere, etxebizitzen bizitegi-erabilera bermatzeko. “Helburua da espekulazioa saihestea, eta etxebizitza-parkeak funtzio soziala betetzen duela ziurtatzea”, azpimarratu du Itxasok.

Bizigune, ASAP eta emantzipazio-programak indartzea

Astigarragan, Bizigune eta ASAP programen bidez, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea sustatzen du planak; Usurbilen, bestalde, gaur egun 14 etxebizitza daude Bizigunen, eta bat ASAPen, eta kopuru horiek handitu egin nahi dira. Bi udalerri horiek, gainera, jabeei zuzendutako informazio-kanpainak eta hutsik dauden etxebizitzen kanona pixkanaka aplikatzea aurreikusten dute.

Gazteen emantzipazioari dagokionez, Gaztelagun programa oraindik ere tresna nagusia; 36 urtetik beherako gazteei hilean 300 euro arteko laguntzak ematen zaizkie, eta errenta-mugak udalerri bakoitzeko prezioetara egokitzen dira. Programa horren osagarri dira Emantzipa eta udalen dirulaguntza zuzenak, hala nola Usurbilek 900 euro arteko errenta duten adin guztietako familiei ematen dizkienak; 2024an zazpi familia lagundu zituzten. 2021etik, Usurbilek 30.000 euro baino gehiago bideratu ditu emantzipaziorako dirulaguntzetara.

Etxebizitza izateko eskubide subjektiboa da beste ardatz nagusietako bat. Astigarragan, 2023an zehar zortzi espediente kudeatu ziren: lau etxebizitza esleipenarekin ebatzi ziren, eta beste hainbeste prestazio ekonomikoarekin. Usurbilen, eskubide hori esleipenen, Etxebizitzako Prestazio Ekonomikoaren eta Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarriaren bidez egituratzen da. Aldi berean, Gizarte Larrialdietarako Laguntzek 2024an zortzi familiari lagundu diete alokairua ordaintzen, eta biri hipoteka ordaintzen.

Astigarragako eta Usurbilgo ekintza-planek udalen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko jarraipen-batzorde bateratuak aurreikusten dituzte. Batzorde horiek urtero ebaluatuko dituzte aurrerapenak eta tentsio-adierazleak berrikusiko dituzte.

Eremu tentsionatuei buruzko informazio gehiago eremutentsionatua.euskadi.eus/hasiera/