Ertzainek gizon bat atxilotu zuten atzo Bilbon iruzur-delitua leporatuta, banku-txartel batekin hiru establezimendu ezberdinetan erosketak egiten saiatu ondoren. Txartela aurretik lapurtu zuten auto baten barrutik.
Atzo, igandea, arratsaldean, salaketa bat jarri zuten Bilboko Ertzaintzan, Basurtun aparkatutako auto batean lapurreta egin zutelako. Autotik hainbat objektu lapurtu zituzten, besteak beste, banku-txartel bat zuen diru-zorro bat, eta gero txartel horrekin ordainketak egiten saiatu ziren hainbat merkataritza-establezimendutan.
Bilboko Ertzain-etxeko agenteak establezimendu horietako batera joan ziren, eta, segurtasun-kameretako irudiak ikusita, txartela nork erabili zuen jakin ahal izan zuten, eta gainerako patruilei haren deskribapena eman zieten.
Susmagarria arratsaldeko zortziak baino lehentxeago aurkitu zuen polizia-dotazio batek San Frantzisko kalean, eta establezimenduko irudiak ikusi zituen agenteetako batek ezagutu zuenez, iruzur-delitua leporatuta atxilotu zuten.
Atxilotua, polizia-aurrekariak dituen 39 urteko gizona, aske utzi zuten eginbideak amaitzean, nahiz eta datozen egunotan agertu beharko duen agintari judizialaren aurrera.