Categorías: albisteak-berriak

Donostiak programa anitz eta erakargarri bat izango du Europako Mugikortasun Astean

Jarduerak irailaren 16tik 22ra egingo dira hiriko hainbat tokitan

Donostiako Udalak, hainbat erakunderekin lankidetzan, bete-beteko jarduera-programa bat antolatu du 2025eko Europako Mugikortasun Astea dela-eta. Aurten ere, irailaren 16tik 22ra egingo da, “Mugikortasuna guztiontzat” lelopean.

Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotzi Olatz Yarzak azaldu duenez, «aurten Europako Batzordeak aukeratutako leloak gure hiria beste ikuspegi batetik begiratzera gonbidatzen gaitu. Donostia hiri anitza da: auzo batzuk eremu lauan daude kokatuta, eta beste batzuk, berriz, muinoetan; biztanleria zahartzen ari da, gazteek mugitzeko modu berriak hautatzen dituzte, eta hainbat kolektibok hiri irisgarriagoa eta atseginagoa eskatzen dute. Horregatik, guztiontzako mugikortasunaz hitz egitea ez da soilik asmo-adierazpen bat: benetako konpromisoa da ekitatearekin, jasangarritasunarekin eta inklusioarekin«.

Yarzak azpimarratu duenez, «gure borondatea da pertsona bakoitza segurtasunez, erosotasunez eta autonomiaz mugitu ahal izatea, bere adina, egoera fisikoa edo bizilekua edozein dela ere. Gure kaleak espazio partekatuak izan daitezen lan egiten dugu, oinezkoak, txirrindulariak, patinatzaileak eta garraio publikoaren erabiltzaileak harmonian elkarrekin bizi daitezen. Eta mugikortasuna gizarte-ehuna indartzeko, auzoak konektatzeko, zerbitzuak hurbiltzeko, ingurumena zaintzeko eta donostiarren bizi-kalitatea hobetzeko tresna ere izatea nahi dugu«.

«Aste hau esperimentatzeko, ikasteko, partekatzeko aukera paregabea da. Herritar guztiei gonbitea luzatu nahi diet, hain zuzen ere jardueretan parte har dezaten, mugitzeko modu berriak proba ditzaten eta etorkizunean gure hiria nolakoa izatea nahi dugun hausnartu dezagun. Izan ere, Donostia irisgarriagoa, osasungarriagoa eta ekitatiboagoa eraikitzea guztion esku dago«, azpimarratu du zinegotziak.

Adin guztietarako jarduerak

Irailaren 16tik (asteartea) 22ra (astelehena), tailerrak, erakusketak, ibilbideak, sentsibilizazio-kanpainak eta jarduera ludikoak egingo dira hirian, bizikletaren erabilera, garraio publikoa eta mugikortasun inklusiboa sustatzeko.

Aurten, berrikuntza gisa, Cristina Enea Fundazioaren lankidetzari esker eta Mugikortasunaren Asteari buruzko informazioa errazago eskuratzeko, fundazioaren webguneko atal batean kontsultatu ahal izango da programa osoa.

16 ASTEARTEA:

  • Dbusen autobus elektriko eta klasikoen erakusketa bat izango da ikusgai, flota elektrifikatzeko Bideberdea estrategiaren barruan. Aurkezpena 11:30ean egingo da Alderdi Ederren, eta bertan bi autobus jarriko dira (bata klasikoa eta bestea elektrikoa, egun erabiltzen dena), udal-flotaren bilakaera eta mugikortasun garbiago baterantz ematen ari diren pausoak ikusarazteko.
  • Egun horretan bertan, 10:00etatik 14:00etara, EHUko I.M. Barriola eraikinean (ikasgelategia) #FreeFashion azoka egingo da: mugikortasun jasangarriari lotutako arropa eta osagarriak trukatzeko gune bat izango da, unibertsitate-komunitate osoari irekia (jarduera hori asteazken goizean, hilaren 17an, errepikatuko da).
  • 10:30etik 13:30era bitartean, bizikletak konpontzeko tailer bat ere eskainiko da eraikineko arkupeetan. Bertan, bertaratutakoek beren bizikletak prest jartzen ikasi ahal izango dute, eta segurtasunari, lapurreten aurkako sistemei eta neurriei eta txirrindularientzako osagarri erabilgarriei buruzko aholkuak ere emango zaizkie.
  • «Zenbat dakizu bizikletaren erabilerari buruz? Argitu ezazu»; Kalapie elkarteak antolatutakoa. Hiru jardunaldi egingo dira (hilaren 16an, asteartea; hilaren 18an, osteguna eta hilaren 20an, larunbata) Easo Politeknikoa eta Don Bosco ikastetxeekin lankidetzan. Egun horietan, kaleko kanpaina bat egingo da hiriko hainbat tokitan, bizikletaren erabilera egokiari buruz kontzientziatzeko eta hiri-inguruneetan zirkulazio-jardunbide egokiak sustatzeko. Kanpainan zehar galdetegiari erantzuten dioten pertsonei bizikletarako argi-joko bat emango zaie

17 ASTEAZKENA:

  • EHU izango da berriz ere goizeko programazioaren protagonista. #FreeFashion azokaren bigarren egunaz gain, 11:30etik 13:30era Bizikleta-likidogailua jarduera ere egingo da. Bertara hurbiltzen diren pertsonek, pedalei eraginez, beren energia sortu ahal izango dute, fruta freskoak erabiliz zukuak egiteko. Gero, zuku horiek edateko aukera ere izango dute.
  • Eta, bitartean, espazio horretan bertan, ikasleek Bizikletaz adinik ez programa zuzenean ezagutzeko aukera izango dute. Programa horrek triziklo-pasealdiak eskaintzen dizkie adinekoei eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei, era horretan, belaunaldien arteko mugikortasuna sustatzeko.
  • Arratsaldean, 19:00etan, Emakumea eta Mugikortasuna: Ikuspegi Anitzak izeneko mahai-ingurua izango da San Telmo Museoan. Hirian zehar egiten dituzten eguneroko joan-etorrietan bizipen eta behar desberdinak dituzten emakumezko erabiltzaileak izango dira bertan, baita ikertzaileak, eta aktibistak ere.
  • Eta 19:30ean, DonostiRoller elkarteak ohiko RDR Ibilbidea antolatuko du: 18 kilometroko ibilbidea hiriko bidegorrietatik. Jarduera horrek Ibaetako Karlos Santamaria plazan izango du abiapuntua.

18 OSTEGUNA:

  • Mikel Bringas zikloturista eta dibulgatzaileak bere esperientzia partekatuko du, Perun barrena bizikletan bidaiatu baitzuen, eta askoren ustez, bizikletan ibiltzeko munduko ibilbiderik onena baita hori. Hitzaldia 19:00etan izango da, Kalapie elkartearen egoitzan (Iparragirre, 8).
  • Gainera, Udaleko Mugikortasun Zuzendaritzak lan-jardunaldi bat egingo du desgaitasuna eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen mugikortasun-zailtasunak jorratzeko, eta jardunaldi horretatik ateratako ondorioak Udala garatzen ari den Mugikortasun Inklusiboaren Estrategian txertatuko dira.

19 OSTIRALA:
Azken urteetako Mugikortasun Asteko jardunaldi nabarmenetako bat, zalantzarik gabe, PARK(ing) Day izan da, eta aurten irailaren 19an (ostirala) izango da. Ekimen global horren helburua da aparkaleku-plazak espazio publiko bihurtzea aldi baterako.

Donostian, bost erakundek auzo ezberdinetako plazak okupatuko dituzte, eta adin guztietarako tailerrak, erakusketak, jolasak eta jarduerak eskainiko dituzte, era berean, kale berdeagoak, seguruagoak eta ekitatiboagoak ere aldarrikatuz:

  • Donostia Kirola (9:00 h – 14:00 h): Ttipi-Ttapa ibilaldia Paco Yoldi kiroldegitik Bentaberri kiroldegira.
  • Cristina Enea Fundazioa (10:00 h – 14:00 h / Mandasko Dukea, 21): Klima-aldaketari buruzko espazio bat izango da, eta bertan, antzeztutako ekintza baten bidez, klima-aldaketari buruzko hausnarketa egin ahal izango da.
  • Mugikortasun Zuzendaritza eta Dbizi (10:00 – 14:00 / Urdaneta, 11): Dbizi zerbitzuari buruzko zalantza guztiak argitzeko gune bat (app-ak nola funtzionatzen duen, nola erregistratu, aparkalekuak nola erabili…), eta, gainera, bizikletak hurbileko geltoki batean probatzeko aukera.
  • Saretuz (16:30 h – 19:30 h / Ramon Maria Lili, 7): Escape jolasak, kontsumo-ohiturei buruz hausnartzeko.
  • Mugarik Gabe (16:30 h – 19:30 h / Ramon Maria Lili, 9): Bizitza Jokoan erakusketa

20 LARUNBATA:

  • TXITA enpresak antolatutako cargobike edo karga-trizikloen erakusketa bat egingo da Alderdi Ederren, 11:00etatik 14:30era. Erakusketa horretan, horrelako ibilgailuak ezagutu eta probatu ahal izango dira, hiri-garraiorako alternatiba jasangarri gisa.
  • Egun horretan bertan, gainera, bizikletaren erabilerari buruzko sentsibilizazio-kanpainarekin jarraituko du Kalapie elkarteak.

21 IGANDEA:

  • Bizikletaz Adinik Ez elkarteak adinekoentzako beste triziklo-pasealdi bat koordinatuko du: Alderdi Ederretik abiatuko da 11:00etan. Jarduera horren bidez, adinekoen eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen bizi-kalitatea hobetu nahi da, pertsona horiek hiri-bizitzan aktiboki parte har dezaten sustatuz.

22 ASTELEHENA:

  • bizikletak konpontzeko tailerraren jardunaldi berriak egingo dira EHUn, eta DonostiRollerren eskutik ibilbide lasai bat egingo da, patinajean hasiberrientzat pentsatua. Horrez gain, kolektibo zaurgarriei buruzko bi sentsibilizazio-jardunaldi garrantzitsu egingo dira:
    • Alde batetik, Antiguo auzoan 100 aldiz begiratu jardunaldia egingo da, Eusko Jaurlaritzak antolatuta. Ekintza horren helburua da adineko pertsonen artean bide-ezbeharrak prebenitzea; horretarako, egunean zehar, hainbat jarduera egingo dira Julio Caro Baroja plazan eta Antiguoko Jubilatuen Elkartean.
    • Bestetik, ONCE elkarteak Ulertu eta barneratu jardunaldia antolatuko du Gipuzkoa plazan, 11:00etatik 13:30era. Bertan, bizipen-tailerrak eta zentzumen-zirkuituak eskainiko dira, ikusteko eta entzuteko desgaitasuna duten pertsonen errealitatea ezagutzeko.

Sariak, joan-etorriak modu jasangarrian egiteagatik

Aurten ere, aste horretan Dbizi bizikleta publikoaren zerbitzua gehien erabiltzen duten bost erabiltzaileak sarituko dira: irailaren 16tik 22ra joan-etorri gehien egiten dituzten harpidedunek doako abonamendu bat jasoko dute datorren urterako. Eta, gainera, sisteman erregistratutako pertsona guztiek 20 euroko opari-bonu bat jasoko dute Guidum plataformarako. Plataforma horrek hiriak errazago ezagutzeko audiogidak eskaintzen ditu, sistema malgu eta interaktibo batean oinarritzen baita.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

Nafarroako Gobernuak 3,3 milioi euro jarriko ditu 2025-2026 ikasturteko unibertsitate-beken deialdirako

Nafarroako Gobernuak, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren bitartez, 3,3 milioi euro bideratuko ditu 2025-2026…

24 horas hace

Energia-eraginkortasuna hobetzeko 2024an hasitako obrak amaitu ditu Nafarroako Museoak

EVERES.ac-20 Nafarroako Museoak abuztuaren 31n amaitu ditu energia-eraginkortasuna hobetzeko 2024ko abenduan hasitako obrak. Lanak Construcciones…

24 horas hace

Nafarroako Gobernuak 14 plaza deitu ditu oposizio bidez A, B eta C mailetako Administrazio Nukleorako

Nafarroako Gobernuak, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, lau deialdi argitaratu ditu gaur, A, B eta…

24 horas hace

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioak NOU-Aren zortzi ebakuntza-gela berritu ditu, eta urtean 4.500 ebakuntza egiten dira bertan

A* Jesús Garzaron/Gobierno de Navarra F* 2025_09_11 T* Reforma de los quirófanos del HUN L*…

24 horas hace

Nafarroako Gobernuak berriro ekingo die Tentsiopeko Merkatuaren Zonaldea eta Alokairu Poltsaren aitorpenari buruzko topaketei sei udalerrietan

Zer esan nahi du, eskubideei eta betebeharrei dagokienez, Tentsiopeko Merkatuaren Zonaldea izendatutako udalerri batean bizitzeak…

24 horas hace

Iruñeko María Ana Sanz IIko Israel Jaime Martín ikasleak Goi Mailako Lanbide Heziketako Sari Nazionala jaso du

Iruñeko María Ana Sanz LHko ikastetxe integratuko Israel Jaime Martín ikasleak 2022ko Goi Mailako Lanbide…

24 horas hace