Elkarlan Sarien edizio berria abian da balio komunitarioak indartu eta kultura demokratikoa sendotzeko helburuarekin

Elkarlan Sarien edizio berria abian da balio komunitarioak indartu eta kultura demokratikoa sendotzeko helburuarekin
  • Guztira, lau proiektu sarituko dira eta proiektu irabazle bakoitzak 9.000 euro jasoko ditu
  • Proiektuak martxan edo garapen fase aurreratuan egon beharko dute

Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailak antolatutako Elkarlan Sariek helburu dute balio publikoa sortzen duten proiektuak bultzatu eta aitortzea.

Sari hauen bidez balio komunitarioak indartu eta sustatu nahi dira, hala nola konpromisoa, ahalegina, lankidetza, elkartasuna, aniztasuna, errespetua eta guztion ongia.  Aurkeztutako ekimenen izaera berritzailea, eredugarritasuna eta pertsonen eta kolektiboen ahalduntzea kontuan hartuko dira eta proiektuek gobernantza eta partaidetza bultzatu behar dute, Euskadin balio publikoa elkarlanean sortzeko ezagutza eta lankidetza-sarea sendotze asmoz.

Bultzada gobernantza, kultura demokratiko eta parte-hartzeari

Edizio honetan, osasuna, ingurumena, garapen ekonomikoa, ikaskuntza-kultura eta gizarte-kohesioa, gobernantza, kultura demokratikoa eta erabaki publikoetan parte hartzea bezalako arloetan eragina duten proiektu berritzaileak sarituko dira.

9.000 euroko lau sari emango dira. Prestazio ekonomikoaz gain, proiektu irabazleek kanpo-aholkularitza jasoko dute euren proiektua beste eragile batzuei transferitzeko prozesuari dagokionean.

Hautaketa Batzordeak proiektuen balorazioa egingo du eta betiko legez, parte hartzea prozesua ere egingo da Irekiako webgunean herritarrek gustukoen dituzten lau proiektuak bozkatu ditzaten.

Proiektuak aurkezteko epea gaur hasi da, deialdia EHAAn argitaratu ondoren, eta urriaren 13ra arte aurkeztu ahal izango dira proiektuak. Proiektuak martxan edo garapen fase aurreratuan egon behar dute eta lankidetzan oinarritutako partaidetza ikuspegia barneratua izan behar dute. Eskabideak esteka honen bidez egin daitezke.

Hamarkada bat eta gero, erabat egonkortuta dauden sariak

Elkarlan Sarien 10 edizio egin dira dagoeneko. Denbora guzti honetan, 250 proiektu baino gehiago aurkeztu dira. Saritutako proiektuen artean, badira azpimarratzeko hainbat, hala nola: Argia Fundazioaren «Arte Komunitarioa», buruko gaixotasuna duten eta ez duten pertsonen kohesio soziala bultzatzeko; Lurgaia Fundazioaren basoak berreskuratzeko eta natura-ondarea babesteko proiektua; «Euskarabentura Espedizioa», gazteen artean euskara eta euskal kultura sustatzeko; edo Asparbi Elkartearen (Parkinson Bizkaia Elkartea) proiektua, Parkinson gaixotasunaren eraginpeko familien kolektiboari errehabilitazio-terapiari jarraipena emateko proiektua whatsapp talde bat sortzeko proiektua.