Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, Bruselan izan da azaroaren 28an ospatuko den Ministroen Kontseiluaren prestaketa helburu izan duen lehen batzarrean
Europar Batasuneko Ministroen Kontseiluko formakuntzetan autonomia-erkidegoen parte hartzearen esparruan, Euskadik kirol arloko koordinazioa hartuko du bere gain 2025 urteko bigarren seihilekoan. Zehazki, Europar Batasuneko Hezkuntza, Gazteria, Kultura eta Kirol Ministroen Kontseiluan egingo du koordinazio lan hori, Danimarkaren lehendakaritzapean. 2004ko abenduaren 9an Europar Batasunarekin Lotutako Gaietarako Konferentzian (CARUE) ezarritako akordioen arabera egokitu zaio Euskadiri ardura hau.
Koordinazio lan hori egiteko, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzak Europar Batasunerako duen ordezkaritzak lan talde bateratu bat eratu dute. Lan talde horren helburua da Europako beste lan taldeak laguntzea eta haien jarraipena egitea, eta, ondoren autonomia erkidegoen jarrera azaltzea Europar Batasuneko Ministroen Kontseiluak 2025eko azaroaren 28an egingo duen bilkuran.
Aste honetan bertan bidaiatu du Bruselara Gorka Iturriagak, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, lan talde bateratuak ospatu duen lehen batzarrean parte hartzeko. Iturriagak azaldu duenez, “Euskadik helburutzat du bere jarrera defendatzea eta lan-taldeetan eztabaidatzen diren eta azaroko Ministroen Kontseiluan onartuko diren txostenetan zuzenketak proposatzea, 2024ko bigarren seihilekoan Hezkuntza eta Kulturaren arloan lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Ibone Bengoetxeak, egin zuen bezala. Era berean, saio ministerialean aurkeztuko den jarrera komun bat finkatzeko lanean ari gara”.
“Koordinazio lan honek sendotu egiten du Euskadik ongizatearen, eraldaketa sozialaren eta erantzukidetasunaren aldeko kirol-politika europarrak eraikitzeko duen konpromisoa, baita Europako eta nazioarteko erabaki-foroetan duen paper aktiboa ere”, azpimarratu du Iturriagak.