Justizia eta Giza Eskubideen Sailak eta UN Etxeak zortzi euskal gazteri bekak eman dizkiete NBEn giza eskubideak babesteko alorrean trebatzeko

Justizia eta Giza Eskubideen Sailak eta UN Etxeak zortzi euskal gazteri bekak eman dizkiete NBEn giza eskubideak babesteko alorrean trebatzeko

Genevan izango da prestakuntza, datorren astelehenetik asteazkenera, organoaren 60. bilkura-aldian

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak eta UN Etxeak –UNESCO Sustatzeko Euskadiko Elkarteak– gazteentzako zortzi beka eman dizkiete, Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluaren funtzionamenduari buruzko prestakuntza-programa batean parte hartzeko. Programa hori Genevan (Suitza) egingo da datorren astelehenetik asteazkenera bitartean, nazioarteko organoaren 60. bilkura-aldian.

Datorren astelehenean, irailaren 15ean, Ainhoa Zugasti Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendariak lagunduko die programaren edizio berri honetan aukeratutako zortzi pertsonei. Saio teorikoak eta Giza Eskubideen Kontseiluaren hainbat instantziatako parte-hartze praktiko eta presentziala uztartuko ditu programak. “Programa honen bidez giza eskubideekin konprometituta dauden gazteei lagundu nahi diegu, Nazio Batuen bihotzean esperientzia paregabea eskainita”, azaldu du Zugastik. “Gure helburua bikoitza da: prestakuntza akademiko eta profesionala ematea, eta, aldi berean, Euskadik dituen gaitasunak indartzea, giza eskubideak sustatzeko eta defendatzeko gazte trebatu, kritiko eta aktiboen belaunaldiaren bidez”.

Hauek dira edizio honetan aukeratutako zortzi pertsonak:

Ainhoa Gómez García (Bilbo, 1998) Nazioarteko Harremanetan lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta Nazioarteko Garapen eta Lankidetzako Masterra du, Hegoa Institutuak emana (EHU). Gainera, Migrazio Behartuetan diploma du, Instituto de Estudios sobre Conflictos y Acción Humanitariak emana. 2024tik duela hilabete batzuk arte, Garapenerako Nazio Batuen Programan (UNDP) lan egin du, Txileko Santiagon, eta arlo hauetan egin du lan: Pobrezia murriztea eta Garapen Inklusiboa, Ingurumena eta Garapen Jasangarria, eta Proiektuen Ebaluazioa eta Monitorizazioa. Aurretik, Euskadiko hainbat GGKErekin ere lan egin du.

Daniel Felipe Barrera Aguilera (Bogota, Kolonbia, 1996). Psikologoan tituluduna da, Pontificia Universidad Javerianaren eskutik. Psikoterapia Sistemiko-Erlazionalean Masterra eta Aditua Deustuko Unibertsitatean. Ikerketa Ereduak eta Arloak Gizarte Zientzietan Masterra Euskal Herriko Unibertsitatean. Eskarmentua du sektore publikoan eta pribatuan, eskubideen ikuspegitik eta ikuspegi intersekzional eta transkulturaletik laguntza eta ikerketa kliniko eta psikosozialean, batez ere migratzaileekin, erbesteratuekin, errefuxiatuekin eta/edo indarkeria anitzen biktimekin. Bere interes-eremuak osasun mentala, trantsizio-testuinguruetako bake-eraikuntza, migrazioak eta aniztasunetan oinarritutako inklusio-prozesuak dira.

Claudia Astorqui Peña (Getxo, 1995) Nazioarteko Harremanetan graduduna da Deustuko Unibertsitatean, eta bi master ditu: Genero Ikasketen Masterra (UNED) eta Garapena eta Nazioarteko Lankidetzako Masterra – Hegoa (EHU). Ibilbide profesionala giza eskubideen, laguntza humanitarioaren eta nazioarteko lankidetzaren arloetan garatu du, eta lekuan bertan proiektuak kudeatzen eta esku hartzeko taldeak koordinatzen esperientzia du.

Laura-line Verguts (Leuven, Belgika, 2000) Psikologian graduduna da Lilleko Unibertsitatean (Frantzia). Ikerketa Ereduak eta Arloak Gizarte Zientzietan Masterra du (EHU) eta gaur egun Globalizazioa eta Garapena Masterra egiten ari da (EHU). Nazio Batuen Latinoamerikarako eta Kariberako Batzorde Ekonomikoan (CEPAL) lan egin du Txileko Santiagon, ikerketa-laguntzaile gisa. Gaur egun, boluntarioa da Bilboko Adsis Fundazioan. Bertan, gaztelania-eskolak ematen dizkie migratzaile afrikarrei, eta haien integrazioa bultzatuta, kulturen arteko trukea sustatzera bideratutako kultura-jardueretan parte hartzen du.

Leire Sánchez Fernández (Zumaia, 2002). Nazioarteko Harremanetan graduduna eta Garapena eta Nazioarteko Lankidetza Masterra – Hegoa (EHU). Nazioarteko lankidetzan, ekintza humanitarioan eta giza eskubideetan espezializatuta dago, giza eskubideetan eta genero-ikuspegian oinarritutako ikuspegia aplikatuta. Orain Guatemalan dago Medicus Mundi Bizkaia (MMB) eta ASECSArekin batera, masterreko praktikak egiten maien komunitate indigenaren, bereziki emakume maien eskubideen exijigarritasunean eta defentsan oinarritutako proiektu bat garatzen. Halaber, ACNUR Euskal Batzordeko boluntarioa da, eta giza eskubideak sustatzen eta babesten lan egiten du.

Lorea González Martínez-Sagarra (Basauri, 2000) Filosofia, Politika eta Ekonomian (+ ITS) graduduna Deustuko Unibertsitatean. UN Etxean lan egin du, kultura-programaren arduradunaren laguntzailea izan da, kultura-aniztasuna eta kultura-eskubideak sustatzen. Giza eskubideetan, bakearen kulturan eta garapenerako lankidetzan oinarritu du prestakuntza.

Lucía López García (Bilbo, 1992) Nazioarteko Harremanetako eta Zuzenbideko gradu bikoitza du Deustuko Unibertsitatean, eta Varsovian egin du egonaldia. Erasmus Mundus Masterra du Nazioarteko Ekintza Humanitarioan, Deustuko Unibertsitatearen eta Maltako Unibertsitatearen eskutik. 2022an Bizkaiko Foru Aldundiko Lankidetzako eta Aniztasunaren Kudeaketako Zuzendaritzaren Beka lortu zuen. UN Etxean lan egin du Factoría 4.7 proiektuan; garapen jasangarrirako hezkuntzaren alorreko ezagutza kudeatzeko plataforma berri bat sortzea zuen helburu. Horrez gain, ikerketa juridikoak garatu ditu aporofobiarekin lotutako gaietan, eta hainbat boluntario-lan egin ditu lekuan bertan, Maltako Gurutze Gorriarekin eta Jesuit Refugee Service erakundearekin, besteak beste.

Martxel Zamora Díaz (Cumaná, Venezuela, 2003) Politika Zientzia eta Kudeaketa Publikoko Graduko ikaslea da (EHU), eta interes berezia du Nazioarteko Harremanetan. Eskarmentua du ikasleen ordezkaritzan, arrazakeriaren aurkako eta LGTBIQ+ aktibismoan. EHUko Unibertsitate Politika eta Kanpo Harremanetarako Lehendakariordea da Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Fakultateko Ikasle Kontseiluko presidente izan da (EHU).

18 eta 30 urte bitarteko gazteak

 Programa UN Etxeak sustatzen du 2011tik, eta Euskadin erroldatuta dauden eta giza eskubideetan prestakuntza duten 18 eta 30 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta. Ordutik, 112 pertsonak hartu dute parte nazioarteko prestakuntza-esperientzia horretan, eta horietatik 24 Justizia eta Giza Eskubideen Sailak 2023tik emandako dirulaguntzari esker izan dira. UN Etxearentzako aurrekontuko partida 80.000 eurokoa da, eta horietatik 20.000 euro inguru beka hau finantzatzeko erabiltzen dira.

Beka bakoitzak Genevako prestakuntza, materiala, bidaia, hotela eta otorduak ordaintzen ditu Egonaldia amaitzean, parte hartzaileek konpromisoa hartzen dute unibertsitateetan, gizarte-erakundeetan, komunikabideetan edo sare sozialetan ikasitakoa zabaltzeko, hala programak Euskadin duen eragina indartzeko. Zugastik adierazi duen bezala, “Genevan ikasitakoa Euskadira itzultzea, hemen partekatzea eta gizarte-konpromisoa sortzea nahi dugu”.