- Imanol Pradales Lehendakariak eta Fernando Clavijo Kanarietako presidenteak sinatutako protokoloak jasotzen duen lankidetza lerroetako bat da Ekonomia Urdina eta Itsas Ikerketa
- “Ozeanoak eta itsasoak bizitza eta aberastasun motorrak dira. Gaur indartzen dugun elkarlanari esker gaitasun handi hori baliatzeko aukera izango dugu”, nabarmendu du Lehendakariak
Kanarietako Gobernuko eta Jaurlaritzako hainbat ordezkari elkartu dira lan bilera batean −ondoren, bi gobernuetako buruak eta Kanarietako unibertsitate publikoetako errektoreak sartu dira−, elkarrekin Ekonomia Urdina eta itsas ikerketa elkarlanean lantzeko modua adosteko.
Hain justu ere, horixe da atzo Imanol Pradales Lehendakariak eta Fernando Clavijo Kanarietako presidenteak izenpetutako protokoloaren ataletako bat. Batzarrean, hasieratik Octavio Caraballo Kabineteko kontseilariordeak eta David Pérez Dionis Proiektu Estrategikoen eta Planifikazio Organikoaren zuzendaria buru izan direlarik, bi gobernuen artean dauden harreman onak nabarmendu dira, bai eta hainbat eremutan orain arte aurrera eraman ahal izan duten elkarlana ere, batik bat, “ekonomia urdinean eta itsas ikerketan, izan ere, bi lurraldeetan gaitasun handia dago arlo hauetan”, azaldu dute.
Lehendakariaren aburuz, ezagutza zientifiko eta teknologikoa partekatuta, Euskadik eta Kanariar Irlek behar besteko gaitasuna dute berrikuntzako egitasmoak sustatzeko eta enplegurako eta garapen jasangarrirako aukera berriak sortzeko. «Ekonomia urdina eta Atlantikoko itsas kontserbazioa gidatzeko moduan gaude, alegia, etorkizuneko Makroeskualde Atlantikoaren ardatz nagusietakoa bat”, adierazi du.
“Ozeanoak eta itsasoak bizitza eta aberastasun motorrak dira. Gaur sendotzen dugun lankidetzak aukera emango digu itsasoak duen gaitasun izugarria baliatzeko, adibidez, itsas bioteknologian, energia ozeanikoan, akuikulturan edo turismo nautikoan, betiere jasangarritasuna jomugan”, gaineratu du. Zentzu honetan, puntako zenbait eragilek garatzen duten lana nabarmendu du Imanol Pradalesek, adibidez, AZTI −zentro zientifiko eta teknologikoa, zeinak eragin handiko eraldaketa egitasmoak garatzen baititu, Nazio Batuen 2030eko GJHekin lerrokatuta−. Urteotan zentro zientifiko eta teknologiko horrek benetako inpaktua duen lankidetza sarea finkatu du Kanarietan: hondartzetako kudeaketa adimentsutik hasita arrantza jasangarriraino, ikuskatze ozeanografiko aurreratutik edo mikroplastikoei buruzko ikerketatik pasatuz, besteak beste. “Egitasmo hauek guztiek enplegua eta kontratuak sortzen dituzte, konponbideak eskaintzen dizkiete udalerriei eta enpresei, eta gure kokagunea sendotzen dute Europako eta nazioarteko erreferentziazko hainbat saretan”, bukatu du Lehendakariak.
Esperientziak partekatzea
Kanarietako presidenteak, berriz, bere aurkezpenean atzo sinatutako protokoloak “esperientziak, egitasmoak eta praktika onak partekatzeko espazio komuna” eraikitzen duela nabarmendu du. Ildo beretik, Fernando Clavijok adierazi duenez, hemendik aurrera bi gobernuak “ekonomia urdinean estrategia berriak koordinatzean oinarrituko dira, batik bat, jasangarritasunari eta dibertsifikazio ekonomikoari dagokionez”.
Funtsean, “ezagutza eta baliabide zientifikoak partekatzea da xedea, horrela, hainbat sektoreri bultzada bat emateko, besteak beste, itsas bioteknologiari, energia ozeanikoari, akuikulturari, arrantzari, turismo nautikoari eta portuei; era berean, ikerketa zentroen, enpresen eta administrazioen arteko elkarlana sustatuko dugu, gure teknologia berrikuntzako egitasmoek benetako eragina eta irismen handiagoa eduki dezaten”, gaineratu du Kanarietako presidenteak.
Aldaketa klimatikoak itsasoan intzidentzia nabarmena duen garaiotan, Clavijok berretsi duenez, horretaz gain, “oso garrantzitsua da elkarrekin talentua, inbertsioak eta enplegua erakartzeko bide berriak bilatzea, horretarako ekintzaileei eta ideia eta irtenbide berriei erantzuteko gune izan daitezkeen espazio esperimentalak landuz”.
Kanarietako presidenteak bere aurkezpena amaitzeko adierazi duenez, garai berri honetan “Euskadirekin batera abiatu dugun bide honi esker, lurralde jasangarriagoa eta efizienteagoa lortzen lagunduko diguten aurrerapen teknologiko hauek guztiak bi komunitateen eskura eta bi komunitateetako herritarren eskura jarri ahalko ditugu”.
Bukatzeko, lan-mahai honetan Migdalia Machín Zientzia eta Berrikuntzako eta Kulturako kontseilariak ere parte hartu du, bai eta bi autonomia erkidegoetako beste entitate batzuetako hainbat ordezkarik ere, beste batzuen artean, AZTI Itsas eta Elikadura Ikerketan Espezializatutako Zentroa; Basque Research and Technology Aliance (BRTA) eta Tecnalia, Euskadiri dagokionez, eta unibertsitate publikoak, Plocan, ITC, Emerge, Itsas Klusterra eta Itsas Zientzietako Zentro Teknologikoa, Kanariar Uharteei dagokienez.