Izen-ematea zabalik irailaren 12tik 23ra
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eskolaz kanpo eta on line egingo den programa berria abian jarriko du urritik maiatzera, 8-14 urte bitarteko haurrentzat. Mintzaon izena du, aisialdiko jarduera ludiko bat da eta bi helburu nagusi ditu: parte-hartzaileak gustura aritzea euskaraz eskolatik kanpo; eta ahozko euskara lantzea, giro atseginean.
On line izango da jarduera hau, eskola orduz kanpo eta doan. Beraz, Mintzaonek eremu digitalean euskaraz aritzeko aukera emango die haur eta gaztetxo donostiarrei. Begirale baten laguntzarekin, solasean ariko dira jolasean ari diren bitartean: hizkuntza-jokoak, erronkak, musikarekin loturiko ekimenak eta gustuko dituzten bestelako jarduerak partekatuko dituzte.
Egitasmoa irekia da eta euskaraz hitz egiteko gaitasuna duen edonork parte hartu ahal izango du. 350 bat parte hartzaile izango dira.
Bi aldaera eta talde txikiak
- MintzaOn: 8-12 urte bitartekoentzat (LH 3, 4, 5 eta 6. mailako ikasleentzat).
- MintzaOn+: 12-14 urte bitartekoentzat (DBH 1 eta 2. mailako ikasleentzat).
Parte-hartzaileak adinaren eta ordutegiaren arabera talde txikitan antolatuko dira (5-7 lagun) eta dinamizatzaile bat ariko da talde bakoitzarekin. Etxetik parte hartuko da edota haurren arduradunek egoki irizten dioten lekutik, astean behin, 45 minutuz, eskolatik atera ondoren.
Izen-ematea eta informazioa
Zabalik egongo da, irailaren 12tik 23ra. Izena emateko eta ordutegia aukeratzeko, formulario bat bete behar da https://www.donostiaeuskaraz.eus helbidean. Doako jarduera da, plaza mugatuak ditu, eta behar izanez gero, zozkatu egingo dira.
Jarduerari buruzko informazio guztia Udaleko Euskara Zerbitzuaren webean jasota dago, eta jardueran interesa duten haurren gurasoekin edota adin txikikoen arduradun legalekin on line bilera bat egingo da (parte hartzeko, izena eman behar da irailaren 16a baino lehenago, https://www.donostiaeuskaraz.eus helbidean).
Mintzaon-en onurak
Udaleko Euskara Zerbitzuak Mintzaon pandemia garaian egin zuen lehenbizi eta, geroztik, joan den ikasturtean, proban jarri zuen egitasmo hau. Emaitzak positiboak izan ziren eta haurren euskararen erabilerarako onuragarria zela ikusi zen.
Batetik haur eta gaztetxoek ongi pasatzen dute, ahozkotasuna indartzen dute euskara modu naturalean erabilita. Gainera hiriko beste neska-mutil batzuk ezagutzen dituzte, hasieratik euskara harreman-hizkuntza hartuta.
Bestetik, euskara eremu digitalean ere erabiltzen dela ikus dezakete, jarrera aktiboarekin; izan ere, komunikatzeko eta sozializatzeko gaitasunak garatzen dituzte, Mintzaonen ari diren bitartean.
Azkenik, etxean euskara erabiltzen ez denean, hizkuntza etxean sartzeko modu bat ere bilakatzen da Mintzaon; izan ere, gurasoek lagundu ohi diete neska-mutilei Mintzaon saioen hasieran konektatzen, eta, gero, taldekideek euskaraz hizketan jarraitzen dute, konektatu ondoren.