Ertzaintzak Epaitegira bidali du uztailaren 20an Azpeitian izandako desordena publikoetan inplikatutako gazte guztien identifikazioa

Ertzaintzak Epaitegira bidali ditu uztailaren 20an Azpeitian erregistratutako desordena publikoetan parte hartu zuten 18 urteko bi gazte identifikatzeko eginbideak. Guztira, Urola-Kostako ertzain-etxean hilabete hauetan egindako ikerketekin 23 gazte ikertu dira, baita 16 urteko adingabe bat ere, guztiak ere desordena publikoak eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua egotzita, eta eginbide polizialak amaitutzat eman dira.

Istilu larriak uztailaren 20ko goizaldean gertatu ziren, Ertzaintzaren patruila batek hiri-altzarietan pintada bat egiteagatik gazte bat identifikatu zuenean eta ondasun publikoak narrasteagatik zigortzeko proposatu zuenean. Handik gutxira, gazte talde handi bat agertu zen Udaltzaingoaren egoitzan, eta agenteei agiraka eta eraso egin zieten. Ertzaintzaren patruilak udaltzainei laguntzera joan ziren, eta egoera bideratzeko esku hartu behar izan zuten. Istilu horien ondorioz, bi ertzain zauritu ziren.

Urola-Kostako Ertzain-etxeak ikerketa hasi zuen gertakari horiengatik, eta, hasiera batean, 16 urteko adingabe bat atxilotu zuten eta beste hamar gazte ikertu. Horiei guztiei desordena publikoen delitua eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua leporatu zizkieten.

Abuztuan zehar eta iraileko lehenengo egunetan, 18 urtetik 38 urte bitarteko beste hamaika gizon ere ikertu zituzten.

Orain identifikatu dituzten 18 urteko bi gazte horiekin, Ertzaintzak amaitutzat eman du ikerketa, ikertu gisa identifikatutako 23 pertsonen balantzearekin eta 16 urteko adingabe baten atxiloketarekin, eta kasuaren ardura duen epaitegira bidali ditu polizia-eginbideak.