Joan den irailaren 30ean Gasteizen arma zuriekin egindako erasoen hiru egileak atxilotu dituzte

Ertzainek hiru gazte atxilotu dituzte joan den irailaren 30ean arma zuriekin bi pertsonari eraso egitea leporatuta. Erasoa Arabako hiriburuko Gasteiz Hiribidearen eta Gorbea kalearen arteko elkargunean gertatu zen.

Egitateen egunean, arratsaldeko zazpiak aldera, bi gizon Gurutze Zuriko kalean oinez zihoazenean, arma zuriak zeramatzaten hiru mutilek eraso egin zieten hitz-erdirik esan gabe. Horietako bat sorbaldan zauritu zuten eta besteak ihes egitea lortu zuen eta inguruko taberna batean babestu zen, baina bi erasotzailek bertan harrapatu zuten eta bi labankada eman zizkioten bizkarrean eta bat buruan. Jarraian, erasotzaileek azkar alde egin zuten ostalaritza-establezimendutik.

Handik pixka batera iritsi ziren lekura Ertzaintzaren patruilak, baina ezin izan zituzten aurkitu delituaren egileak. Bien bitartean, bi zaurituak anbulantzian eraman zituzten Txagorritxu ospitalera mediku-arreta jasotzeko.

Gasteizko Ertzain-etxetik ikerketa jarri zuten abian pertsona horiek identifikatzeko, eta atzo atxilotu zituzten Gasteizen hiru susmagarriak, 23, 22 eta 21 urtekoak, lesio-delitu bana leporatuta. Zaharrenak polizia-aurrekari ugari ditu, bai arma zuriz egindako erasoengatik bai ondarearen aurkako delituengatik.

Biktimetako batek salatu zuenez, gertakari horren jatorria duela bi hilabete 23 urteko atxilotuarekin izan zuen liskarra izan zitekeen.

Hiru atxilotuak agintari judizialaren eskuetan jarriko dituzte dagozkion polizia-eginbideak amaitzean.