Hondarribiko Udalak beste urrats garrantzitsu bat eman du udal administrazioa sendotzeko bidean. Goizeko 10:00etan, Ficoban, bost administrari lanpostu betetzeko hautaketa-prozesuaren lehen azterketa egin da, eta ia 600 lagunek hartu dute parte. Prozesu hau udal lan-eskaintza arruntaren barruan kokatzen da, administrazioa indartu eta egituratzeko helburuarekin.
Igor Enparan Araneta alkateak nabarmendu du gaurko deialdia udalaren ibilbidean “mugarri garrantzitsua” dela. “Azken urteotan egindako lanari esker, Hondarribiko Udalak ia guztiz amaitu du egonkortze prozesua. Orain, hautaketa-prozesu arrunten garaia abiatu dugu. Horrek erakusten du administrazioa indartzen ari garela, ezinbestekoa baitaa gure herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzeko”.
Egonkortze prozesuak 20/2021 Legetik eratorri ziren, administrazio publikoetan urteetan pilatutako aldi baterakotasunari irtenbidea emateko. “Hondarribiko Udalean egoera nahiko larria zen, aldi baterakotasun tasa %70ekoa zelarik legea indarrean sartu zenean”, azaldu du alkateak. Lege horretatik eratorrita, Udalak 41 lanpostu deitu zituen, 17 hautaketa-prozesu ezberdinetan banatuta, eta horrek “gaur egun 37 udal-langile egonkortuta izatea ekarri du, gainerakoak bidean dauden bitartean”, nabarmendu du Enparanek.
“Udalera iritsi ginenetik lehentasun nagusietako bat izan da langileen egoera egonkortzea eta lan-baldintzak hobetzea, zuzenean baitakar herritarrei eskaintzen diegun arreta eta zerbitzuaren kalitatea hobetzea”, adierazi du Enparanek. Egindako hautaketa prozesuak honakoak izan dira:
Egonkortze-fasea ia amaituta, Udalak orain hautaketa arruntak jarri ditu martxan, karrerako funtzionario bidez beteko diren plazetarako. Alkatearen hitzetan, “helburua argia da: udal administrazio sendoa izatea eta herritarrei zerbitzu hurbil, azkar eta eraginkorrak eskaintzea”.
Gaurko bost administrari plaza betetzeko hautaketa prozesu honetaz aparte, beste zenbait deialdi jarri ditu udalak martxan. 2025ean, guztira, bi arkitekto, bost udaltzain, lau administrari, kontratazio arduradun bat, hirigintzako teknikari bat, bi arkitekto tekniko eta ekonomiaren sustapenerako teknikari plaza bat atera dira lehiaketara. Enparanek azpimarratu du “udal gobernuak hasieratik egin duen apustuaren isla” dela prozesu hau guztia, eta aurreratu du “datozen asteetan gizarte langile lanpostua ere publikatzeaz gain, karrerako funtzionario izateko beste hainbat plaza ere aterako direla datorren urtean”.
Hautaketa prozesu guztien informazioa udalaren webgunean dago eskuragarri.