Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu Erandion eta Trapagaranen, Bizkaian substantzia sorgorgarrien trafikoan ari zen talde bateko ustezko beste 13 kide joan den martxoan atxilotu ondoren egindako ikerketen ondorioz. Bi kilo speed eta beste bi kilo haxix konfiskatu dituzte, bai eta kokaina eta eskudirutan 12000 euro ere. Atxiloketa horiekin, Ertzaintzak desegintzat eman du talde kriminal hori.
Sestaoko Ertzain-etxeko Droga Atalak, Bilboko Ertzain-etxeko Droga Atalarekin elkarlanean, ikerketa bat jarri zuen abian 2024ko irailean, Bizkaiko Ezkerraldean finkatutako pertsona-talde bat substantzia sorgorgarrien trafikoan ari zela jakin ondoren.
Egindako ikerketen eta zaintzen ondorioz, joan den martxoan drogaren aurkako polizia-operatibo bat egin zuten, eta guztira 13 pertsona atxilotu zituzten Bizkaiko hainbat udalerritan eta beste zazpiri eginbideak ireki zizkieten ikertu gisa egitate berberengatik. Txakur Unitateak, Zaintza eta Erreskate Unitateko Droneen Atalak eta Ertzaintzako Esku Hartzeko Unitateak Ortuella, Trapagaran, Barakaldo eta Bilboko hainbat etxebizitza eta pabiloitan sartu eta miaketa egin zuten, eta 100 kilo inguru droga, dirua eta ibilgailuak aurkitu zituzten, substantzia sorgorgarriak prestatu, banatu eta saltzeko beharrezko beste hainbat elementuz gainera.
Zehazki, 26 kilo kokaina, 27 kilo anfetamina, 35 anfetamina-base olio (140 kilo inguru anfetamina egiteko adina), 20 kilo MDMA, 23 kilo haxix, 6 kilo marihuana, 250 gramo kokaina arrosa edo “tusi”, dirutan 37500 euro, dirua zenbatzeko makinak, hutsean ontziratzeko gailuak, baskulak eta pistola simulatu bat konfiskatu zituzten. Atxilotuetako sei espetxean sartu zituzten.
Sare kriminal bat zen, drogen salmentan eta banaketan espezializatua, eta beste trafikatzaile txiki batzuei hornitzen zizkien. Taldeak “gordetegi” egitura bat sortu zuen, eta pertsona batzuk zituen substantziak gorde eta banatzeko. Gainera, droga garraiatzeko ibilgailuak zituen, substantziak ezkutatzeko prestatutako zuloekin.
Beste bi atxilotu Erandion eta Trapagaranen
Joan den martxotik, ikerketaz arduratu ziren agenteek ikertzen jarraitu dute, eta espainiar nazionalitateko beste bi gizon erlazionatu ahal izan dituzte droga-trafikoan aritzen zen organizazioarekin.
Horrela, joan den astelehenean, hilaren 13an, biak atxilotu zituzten Erandion eta Trapagaranen, eta beste bi etxebizitza miatu zituzten. Miaketa horietan, bi kilogramo anfetamina-sulfato edo speed, beste bi kilo haxix, berrogeita hamar gramo kokaina, dirutan 12000 euro eta telefono mugikor batzuk konfiskatu zituzten. Gainera, bost ibilgailu ere konfiskatu dituzte, horietako hiru gama altukoak.
Bi atxilotuak, 33 eta 44 urtekoak, atzo, asteazkena, eraman zituzten Barakaldoko Guardiako Epaitegira, polizia-eginbideak amaitu ondoren, eta epaileak 33 urteko gizona espetxeratzeko agindua eman zuen.