- Jon Mikel Eubak ibilbide artistikoaren saria jaso du, Zuhar Iruretagoienari bere sorkuntza-lana aitortu zaio; eta Garaikoitz Fragari arte plastikoen eta bisualen arloan eragileek egindako lana aitortzeko saria eman diote.
- Lehendakariordeak azpimarratu duenez, saritutako pertsonak “gure herriaren talentuaren eta bizitasunaren erakusgarri dira; beren lanarekin Euskadi irekiago bat irudikatzen, zalantzan jartzen eta eraikitzen laguntzen dute”.
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua buru dela egin da gaur 2025eko Gure Artea sariak banatzeko ekitaldia. Sari horiek Euskadik arte plastikoen eta bisualen arloan ematen dituen saririk garrantzitsuenak dira.
Edizio honetan sariak honako hauek jaso dituzte: Jon Mikel Eubak ibilbide artistikoaren saria jaso du; Zuhar Iruretagoienak sorkuntza-lana aitortzen duen saria; eta Garikoitz Fragak arte plastikoen eta bisualen arloan eragileek egindako lana aitortzeko saria.
Ekitaldia gaur egun euskal arteari balioa emateko topagune bihurtu den Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoan, Artium Museoan egin da.
Bere hitzaldian, Ibone Bengoetxea lehendakariordeak saridunen lana balioetsi du, “saritutako artistak gure herriaren talentuaren eta bizitasunaren erakusgarri dira; euren lanarekin Euskadi irekiagoa, sortzaileagoa eta kohesionatuagoa irudikatzen, zalantzan jartzen eta eraikitzen laguntzen dute” nabarmendu du. “Kultura, azken batean, herria eraikitzeko modurik ederrenetako bat da”, esan du.
Era berean, Bengoetxea lehendakariordeak berretsi duenez, “Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartuta du gizartearekin konektatutako kultura sistema indartsu eta anitz batekin, sortzaileei bere potentzial guztia garatzeko eta artea herritarrengana hurbiltzeko beharrezko tresnak eta konfiantza emango dizkien sistemarekin”.
Ekitaldian Andoni Iturbe Kulturako sailburuordea eta Ana Lopez Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendaria ere izan dira.
Artearen eta kulturaren esparruko espezialistek osatutako edizio honetako epaimahaiko kideak ere bertan izan dira.
Ibilbide artistikoa aitortzeko saria: Jon Mikel Euba (Zornotza, 1967)
Ibilbide artistikoa aitortzeko 2025eko Gure Artea saria Jon Mikel Eubari eman dio epaimahaiak, euskal arte garaikidean egindako ibilbide zabal eta berezia aitortzeko.
Epaimahaiak bere lanaren heterogeneotasuna, belaunaldien arteko erreferente gisa betetzen duen zeregina eta liburu, tailer eta hezkuntza-proiektuen bidez ezagutza transmititzeko etengabe egiten duen lan pedagogikoa nabarmendu ditu.
Bere jarduera artistikoak, prozesu gisa marrazketan eta programa gisa eskulturan oinarritzen denak, egungo erregimen hiper-estetikoen aurrean begirada kritikoa bilatzen duen ekoizpen-sistema propio bat garatu du.
90eko hamarkadaren amaieratik, Eubak eraiki duen ibilbidean prozesuen eskuzabaltasunak eta etengabeko bilaketak eredu berezia definitzen dute, sormena, hausnarketa eta lankidetza konbinatzen dituena.
Bere lana Reina Sofía, MACBA, MUSAC, MUDAM, FRAC Poitou-Charentes museo eta erakundeen bildumen edo Kultura Ministerioaren bildumen parte da. Gainera, bere lan performatibo eta teorikoa, besteak beste, Writing Out Loud (2017) eta Vulnerario (2021) argitalpenetan jaso da.
Epaimahaiak nabarmendu du bere jarduna erresistentzia eta esperimentazio modu bat dela, eta erreferentzia aparta dela Euskadiko eta nazioarteko panorama artistikoan.
Sorkuntza-lana aitortzeko saria: Zuhar Iruretagoiena (Zarautz, 1981)
Zuhar Iruretagoiena artistak sorkuntza-lana aitortzen duen 2025eko Gure Artea saria jaso du, begirada kritiko eta ikertzailetik formaren, materialtasunaren eta sinboloaren arteko tirabirak aztertu dituen proiektu artistikoaren sendotasunagatik.
Arte Ederretan doktorea eta EHUko irakaslea da, eta bere lana eskulturaren eremu hedatuan kokatzen da, objektuaren, espazioaren eta pertzepzioaren arteko mugak zalantzan jarriz.
Bere proiektuak, besteak beste, Guggenheim Bilbao, San Telmo, La Casa Encendida edo Recalde Aretoa erakundeetan erakutsi ditu, eta, besteak beste, Generación 2008, Ertibil 2009 edo 2024ko Puerto de Santander sariak jaso ditu.
Epaimahaiak ikerketa formal eta kontzeptualerako duen gaitasuna, artearen lengoaiaren aurrean duen jarrera kritikoa eta eskulturaren berrikuntzarekin duen konpromisoa nabarmendu ditu, horrek euskal arte garaikidearen ezinbesteko erreferentzia bihurtzen baitu.
Eragileek egindako lana aitortzeko saria: Garikoitz Fraga – Belleza Infinita (Bilbao, 1971)
Eragileek egindako lana aitortzeko 2025eko Gure Artea saria Garikoitz Fraga Angoitiak jaso du Belleza Infinita argitalpen-proiektuaren buruan egindako lanagatik. Ekimen aitzindari eta iraunkor horrek Euskadiko edizio artistikoa eraldatu du.
Belleza Infinita 2022an sortu zen, eta lan berezia, berritzailea eta ibilbide luzekoa egin du artista-liburuaren, saiakera bisualaren eta poesia grafikoaren esparruan, estatuan eta nazioartean erreferente bihurtuz.
Epaimahaiak arte garaikidearen bitartekaritzarekin eta hedapenarekin duen konpromisoa, artistekin batera egindako lan zorrotza eta artisaua eta euskal ekosistema artistikorako argitalpen-azpiegitura sendo bat sortzeko egindako ekarpena baloratu ditu.
Bi hamarkada baino gehiagotako esperientziarekin, Garikoitz Fraga Eseté aldizkariaren sortzailea izan da, bai eta erakusketen komisarioa ere, hala nola Juan Carlos Eguillorri 2025ean Rekalde Aretoan eskainitakoarena.
Epaimahaiak bere ikuspegi sortzailea, independentzia eta jarraitutasuna aitortu ditu, horrek Belleza Infinita funtsezko proiektua bihurtzen baitu arte garaikidearen proiekziorako eta ezagutzarako.