Ertzaintzak bi marihuana plantazio desegin ditu Erandion eta Lezaman

Urriko lehen hamabostaldian, Ertzaintzako agenteek bi marihuana-plantazio aurkitu dituzte Txorierrin (Bizkaia), eta hiru pertsona inputatu dituzte osasun publikoaren aurkako delituengatik.

Txorierriko bizilagunen bitartez jasotako zenbait informazioren arabera, eskualde horretan marihuana-landaketak omen zeuden, Erandioko ertzain-etxeko agenteek legez kanpoko substantziak landatzen ziren bi landa-finka aurkitu dituzte Erandion eta Lezaman.

Lehen landaketa urriaren 2an desegin zuten Erandioko landa-eremu batean. Polizia-agenteek ikusi zutenez, hazte-fasean zeuden tamaina handiko hamar landare inguru zeuden baratze batean, eta, finka berean, lehortegia zegoen lokal batean, kukuluak zituzten adar ugari aurkitu zituzten, noiz kenduko zain. Landatzen ari ziren landareak eta kukuluak konfiskatu dituzte, eta jabeari eginbideak ireki dizkiote, osasun publikoaren aurkako delitu bat egotzita.

Aurreko asteazkenean, urriak 15, Lezaman (Bizkaia) beste plantazio bat aurkitu ostean, beste bi gizoni antzeko gertakariak egotzi dizkiete. Ikerketaz arduratzen ziren agenteak negutegietara eta finkako lanabes-etxe batera sartu ziren, eta hogeita hamar landare inguru aurkitu zituzten hazte-prozesuan, kukulu ugari adarrean eta beste batzuk kutxatan moztuta eta banatuta.

Hori guztia oinarri hartuta, landaketaren ardura zuten bi pertsonei jakinarazi zitzaien substantzia estupefazienteen trafiko-delitu bat egotzi zitzaiela.

Jaitsi argazki 1

Jaitsi argazki 2

Jaitsi argazki 3