Categorías: albisteak-berriak

Eusko Jaurlaritzak eta Eroskik hitzarmena berritu dute, Euskadin tokiko nekazaritzako elikagaien sektore jasangarriago eta lehiakorragoa bultzatzeko

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta EROSKIk 2013tik duten lankidetza-hitzarmena berritu dute, hiru euskal lurraldeetako nekazaritzako elikagaien industria indartzeko eta garatzeko. Hitzarmenak hiru urteko indarraldia izango du, eta nekazaritzako elikagaien sektore jasangarri, berritzaile eta Euskadin aberastasuna sortuko duenaren aldeko apustu partekatua sendotzen du. Hala, 2013an lehenengo hitzarmena sinatu zenetik, Euskadin tokiko produktuen salmentak % 217 igo dira produktu freskoetan eta % 133 elikagaietan. Bereziki aipagarria da zenbat hazi diren barazkien, haragiaren, gaztaren, esnearen eta Eusko Label zigiluaren babesean egindako produktu guztien salmentak.

Hitzarmena ‘Lurraldea, produktua eta konpromisoa’ topaketaren esparruan sinatu da. Kooperatibak Jundizen duen freskoen plataforma logistikoan egin da, eta Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektore osoak parte hartu du. Ekitaldiaren buru izan dira Amaia Barredo sailburua eta Rosa Carabel EROSKIren CEOa, eta bertan izan dira, baita ere, Raúl Pérez de Iratxeta Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordea, Asun Bastida EROSKIren tokiko produktuen zuzendari komertziala, foru-aldundietako ordezkariak, HAZIren arduradunak eta Euskadiko nekazaritzako elikagaien elkarte nagusietako ordezkariak.

Rosa Carabel EROSKIren zuzendari nagusiak hitzaldian azpimarratu duenez, “hitzarmen hau berritzeak berretsi egiten du EROSKIren baliabide guztiak Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektorearen hazkundearen zerbitzura jartzeko dugun borondatea. Bertakoa sustatzea komunitatea eraikitzeko eta gure inguruan benetako eragina sortzeko modua da. Kooperatiba gisa, gure konpromisoa da ekoizleekin eta kontsumitzaileekin balio partekatua sortzea, landa-ingurunearekiko lotura indartuta”.

Eusko Jaurlaritzak azpimarratu duenez, akordio hau Jaurlaritzaren beraren estrategiaren barruan sartzen da, hau da, Euskadiko lehen sektoreari eta nekazaritzako elikagaien industriari laguntzeko estrategiaren barruan, ekonomiaren, lurralde-kohesioaren eta trantsizio ekologikoaren funtsezko zutabeak baitira. Alde biek konpromiso bera dute: Euskadin egindako kalitatezko produktuen komertzializazioa bultzatzea, landa-ekintzailetza sustatzea eta elikadura osasuntsuago eta jasangarriago baterantz aurrera egitea.

Hala ziurtatu du Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak hitzarmena sinatzeko ekitaldian: “EROSKI funtsezko eragilea da Euskadiko elikaduraren balio-katean. Tokiko produktuak eta produktu jasangarriak komertzializatzeko konpromisoa du, eta horrek eragin erabakigarria du nekazaritzako elikagaien sektorearen garapen ekonomikoan eta gure ekoizleen balorizazioan”.

Hitzarmenaren konpromisoak

Hitzarmenaren baitan, EROSKIk gain hartutako konpromisoen muinean daude jasangarritasuna eta tokiko ekoizleentzako laguntza zuzena. 2022az geroztik, kooperatibak laguntza-programa bat bultzatzen du, sektoreko eragile txikiei hazten, profesionalizatzen eta merkatu gero eta zorrotzagoaren erronkei aurre egiten laguntzen diena, berrikuntzan eta gobernantzan hobekuntzak sustatuta. Gaur egun, tokiko ehun ekoizle baino gehiagok hartzen dute parte programa horretan Euskadin eta elikagaien freskotasuna eta kalitatea ziurtatzen dituen, garraio-kilometroak minimizatzean karbono-aztarna murrizten duen eta sektorea indartzen duen eredua hedatzen laguntzen dute.

Beste jarduteko ildo bat da tokiko produktua EROSKIren dendetan sustatzea eta ikusaraztea, kontsumitzaileek errazago identifika ditzaten seinaleztapenaren eta gune nabarmenen bidez. Horrez gain, nekazaritzako elikagaien sektorearekin eta administrazio publikoekin harreman egonkorrak eta baliagarriak sortzeko xedea du, Euskadirentzat etorkizun jasangarriagoa eraikitzeko konpromiso partekatuan oinarrituta.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu du nekazaritzako elikagaien sektorearen inguruko lankidetza instituzionala dinamizatzeko konpromisoa, EROSKIrekin komunikazio arina eta etengabea bermatzeko. Hitzarmenaren arabera, proiektu bateratuak sustatuko dira erreferentziazko zentro teknologikoekin, hala nola Azti, Neiker, Elika eta Basque Culinary Centerrekin, berrikuntzan, elikagaien segurtasunean eta produktu berrien garapenean aurrera egiteko. Gainera, Eusko Jaurlaritzak lehen sektorearen ekoizpena sustatuko du, ekintzailetza-ekimenak babestuko ditu, eta, aldi berean, Euskadiko nekazaritza- eta elikagaigintza-kateko eragileen lana aintzatetsiko du.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

Nafarroako Gobernuak herri-lanetako ingeniari teknikorako bederatzi plaza eta geologo izateko lau plaza deitu ditu

Nafarroako Gobernuak, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, 13 oposizio-plazaren deialdia argitaratu du gaur, eta herri-lanetako…

4 horas hace

Lurralde Kohesioa Landaben eta Arazuri-Orkoien industrialdeetako trenbide-saihesbidearen lanak aurreratzen ari da, eta trenbide-begiztaren amaierari aurrea hartu dio

A* Jesús Garzaron/Gobierno de Navarra. F* 2026_05_04 T* El consejero de Cohesión Territorial, Óscar Chivite,…

4 horas hace

HEALTH Azeleragailuaren seigarren deialdia zabalik da, osasun-arloko ekintzailetza-proiektuetarako

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak, Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroa (CEIN) sozietate publikoaren…

4 horas hace

Geopolitika, feminismoa, aniztasuna eta “Festaren” mendeurrena izango dira Nafarroako Liburutegiak maiatzean eta ekainean egingo dituen jardueren artean

Nafarroako Liburutegiak maiatza eta ekainerako programazioaren berri eman du, eta gai sozialei buruzko hitzaldi-zikloak izango…

4 horas hace

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Unibertsitate Klinikari eman dio 2026ko Kirol Babesle Onenaren saria

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren (NKJFI) bidez, 2026ko Kirol Babesletzaren sariak eman…

4 horas hace

NOUko Mikrobiologia Zerbitzuak NOPLOIrekin batera egindako ikerketa bat komunikazio onenetako bat bezala aitortu dute Europako Kongresu batean

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko (NOU/HUN) Mikrobiologia Klinikoko Zerbitzuak egindako ikerketa bat ahozko komunikazio onenetako bat bezala…

4 horas hace