Prebentzioa, detekzio goiztiarra eta arreta ekitatiboa, pertsonalizatua eta jarraitua tratamendu aurreratuekin, 2025-2030 aldirako Euskadiko Onkologia Plan Integralaren zutabeak

Prebentzioa, detekzio goiztiarra eta arreta ekitatiboa, pertsonalizatua eta jarraitua tratamendu aurreratuekin, 2025-2030 aldirako Euskadiko Onkologia Plan Integralaren zutabeak
  • Alberto Martínez Osasuneko sailburuak Plana aurkeztu du gaur. Prozesu parte-hartzaile zabal baten emaitza da, Europarekin eta Euskadiko Osasun Itunarekin lerrokatuta dago, eta 142 ekintza aurreikusten ditu minbizia duten eta minbizitik bizirik irten diren pertsonen biziraupena eta bizi-kalitatea hobetzeko
  • Pazienteek eskatutako neurriak sartzen ditu, besteak beste, kontsultetan haien presentzia behar ez izatea, beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihesteko, etorkizuneko hitzorduak planifikatzea, edo osasun-langileekin komunikatzea zalantzak argitzeko eta prozesu osoan babesa eta laguntza jasotzeko

Minbizia duten pertsonen biziraupen-tasa hobetzea eta gaixotasun horretatik bizirik irtendako pazienteen bizi-kalitatea hobetzea da Euskadiko 2025-2030 aldirako Onkologia Plan Integralaren helburu nagusia, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martínezek gaur aurkeztua. Gontzal Tamayo Osasuneko sailburuordea, Lore Bilbao Osakidezako zuzendari nagusia, hainbat paziente eta Planaren lehentasunezko arloetako arduradunak izan ditu ondoan, besteak beste, Inés Gallego Osasun Eraldaketarako zuzendaria eta Iñaki Gutiérrez Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendaria.  Helburu hori lortzeko, Planak honako hauek lehenetsiko ditu: minbiziari etapa guztietan modu integralean eta integratuan heltzea, prebentzioan eta diagnostiko goiztiarrean aurrera egitea, baliabideetarako sarbide unibertsala, ekitatiboa eta humanizatua, arreta pertsonalizatua eta tratamendu aurreratu eta berritzaileak.

Hala azpimarratu du Osasuneko sailburuak gosari informatiboan eta ondoren Bilbon egin den aurkezpen ofizialean, planaren prestaketan parte hartu duten 200 pertsona inguru bertan zirela. Hain zuzen ere, Alberto Martínezek bere hitzaldian nabarmendu duenez, parte-hartze zabala izan da dokumentua egiteko prozesu osoaren ezaugarria: batez ere, Osakidetzako profesionalak, baina baita inplikatutako beste eragile batzuk ere, minbizia duten pertsonez eta pazienteen elkarteez gain, guztiak ere gaur Bizkaiko hiriburuko BAT dorrean egindako ekitaldian.

Izan ere, Planean jasotako 142 ekintzetako asko pazienteek egindako eskaerei erantzuten diete, besteak beste, kontsultetan haien presentzia behar ez izatea, beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihesteko, etorkizuneko hitzorduak planifikatzea, edo osasun-langileekin komunikazioa indartzea zalantzak argitzeko eta prozesu osoan babesa eta laguntza jasotzeko.

Aldi berean, dokumentuak beste urrats bat ematen du zainketen jarraitasunean eta integrazio sozialean, hezkuntzaren, lanaren edo gizarte-zerbitzuen esparruan eskura dauden baliabideetarako sarbidea errazteko ekintzekin, edo minbiziak erasota ospitaleratuta dauden pertsonen errehabilitazioarekin, besteak beste.

Osasuneko sailburuaren hitzetan, plan berriak aurreko planak (2018-2023) hasitako bideari jarraipena emateaz gain, zabaldu eta eraldatu ere egiten du. Izan ere, anbizio handiagoko ikuspegi ekitatiboagoa du, pertsona ardatz duena, prozesu onkologikoaren fase guztietan osasunaren sustapena, gaixotasunaren prebentzioa eta ekitatea lehenetsita, eta, gainera, erakundeen arteko koordinazioa indartzen du.

Europarekin —Euskadik aktiboki parte hartu du haren ekimenetan— eta Euskadiko Osasun Itunarekin —hain zuzen ere haren ildo estrategikoetako bat da onkologia osasunaren lehentasunezko arlo gisa— lerrokatuta, plan hau Euskadiko osasun-sistemaren tresna estrategikoa da, Euskadiko heriotza-kausa nagusietako bati modu integralean heltzeko: lehena, gizonen kasuan (% 33,8), eta bigarrena, emakumeen kasuan (% 22,3). 2015etik 2019ra 14.327 minbizi-kasu diagnostikatu ziren batez beste urtean, eta 2012tik beheranzko joera izan zuen, Osasun Sailak garatzen dituen baheketa-programei esker. Bost urtera arteko biziraupenak hobera egin du tumore gehienetan, eta tartean bularreko minbizia (% 88) eta prostatakoa (% 90) nabarmentzen dira, nahiz eta heriotza-tasa handia izaten jarraitzen duen beste batzuetan, besteak beste, biriketakoan eta pankreakoan. Haurren minbiziaren kasuan, guztizkoaren % 1 bada ere, gaixotasunagatiko heriotzaren kausa nagusia da 15 urtetik beherakoen artean, eta 5 urtera % 80ko biziraupena du.

Osasuneko sailburuak aurreko planaren esparruan egindako lana nabarmendu du; izan ere, plan horren ezarpenak, helburuen % 80 baino gehiago beteta, aukera eman du arreta homogeneizatzeko, asistentzia-eredu bateratu bat sortzeko eta asistentzia-mailen arteko hobekuntza bultzatzeko.

LEHENTASUNEZKO 7 ARLO, 35 HELBURU ETA 142 EKINTZA

2025-2030 aldirako Euskadiko Onkologia Plan Integral berriak lehentasunezko 7 arlo zehazten ditu, eta horietan 35 helburu lortzera bideratutako 142 jarduera hedatzen dira. Alberto Martínez sailburuarekin eta Gontzal Tamayo Osasun eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearekin batera, zazpi ardatz horiek garatzeaz arduratu direnak izan dira beren eremu bakoitzaren edukia eta irismena azaltzeko, laburbilduz, ondoren adierazten diren hauek.

1.- PERTSONAK ARDATZ NAGUSI

Planaren oinarri etikoa eta operatiboa ezartzen du: pertsona ardatz duen arreta onkologikoa, Osakidetzaren humanizazio-ereduaren ildotik. Hau da: gizabanako bakoitzak (pazienteak, zaintzaileak, profesionalak edo herritarrak) izan behar du sistemaren jarduera guztien ardatz egituratzailea, eta horrek esan nahi du arlo kliniko hutsetik harago joatea eta emozionala, soziala, kulturala eta espirituala integratzea.

2.- ASISTENTZIA-EREDUA

Helburua da arreta-eredu ekitatibo, eraginkor eta kalitatezkoa bermatzea, asistentzia-maila guztien arteko koordinazioan oinarritua, laguntza-ibilbide espezifikoak izango dituena eta ikerketa onkologikoa txertatuko duena.

3.- OSASUNAREN SUSTAPENA ETA MINBIZIAREN PREBENTZIOA

Herritarrak ahalduntzea eta inguruneak eraldatzea du helburu, arrisku-faktoreekiko esposizioa murrizteko eta bizimodu osasungarriak sustatzeko, eremu indibidualean zein politika publikoei dagokienean jardunda. Hori guztia, aurretiazko ikuspegi batetik, ebidentzian oinarrituta eta bizi-kalitatea hobetzera, desberdintasunak murriztera eta sistemaren jasangarritasuna bermatzera bideratuta.

4.- MINBIZIAREN DETEKZIO GOIZTIARRA

Funtsezko zutabeetako bat da eta bi jarduera-ildo biltzen ditu: sintomarik gabeko pertsonen populazioaren baheketa —betiere ebidentzia zientifikoan oinarrituta eta adituen batzordeen gomendioei jarraituz— eta arrisku genetiko handia duten pertsonen zaintza-programak.

5.- ARRETA INTEGRALA

Diagnostikotik hasi eta bizitzaren amaierako jarraipenera edo zaintzara arte. Alderdi sanitarioak zein ez-sanitarioak hartzen ditu, profesionalen eta asistentzia-mailen arteko koordinazio eraginkorrarekin. Hiru fase bereizten dira:

  • Diagnostikoa. Susmoaren eta tratamenduaren hasieraren arteko denbora ahalik eta gehien murriztea, bai eta diagnostikoaren zehaztasuna hobetzea ere, diagnostiko biologikoa, erradiologikoa edo doitasunezko medikuntza bezalako tresnak indartuta, eta diagnostiko azkarreko zirkuituak zabaldu eta estandarizatuta, besteak beste, Minbizi
  • Tratamendua. Etengabeko berrikuntza terapia kirurgiko, mediko eta erradioterapikoetan, eta zerbitzu-zorroan tratamendu aurreratuak sartzea (terapia zelularrak, biologikoak edo protonterapia).
  • Zainketen jarraitasuna. Zainketa ez da tratamenduarekin amaitzen; pertsonaren eta haren ingurunearen beharrei erantzun behar zaie etapa guztietan: diagnostikotik hasi eta kronikotasunera edo bizitzaren amaierara arte: prestakuntza kirurgikoa, elikadura, ariketa fisikoa, laguntza psikosoziala eta zainketa aringarriak. Arreta berezia jartzen da bizirik irtendako pazienteengan.

6.- OSASUN-EMAITZAK, ERREGISTRO-, INFORMAZIO- ETA ZAINTZA- SISTEMAK

Osasun-emaitzak hobetzea, hau da, osasun-arloko esku-hartzeei egotzi ahal zaien osasun-egoeraren aldaketa positiboak. Horretarako, ebaluazio bat planteatzen da, honako hauek jasoko dituena: emaitza epidemiologikoak, klinikoak, kudeaketa sanitarioa, balioa, eta emaitzak humanizazioan. Horretarako, informazio- eta erregistro-sistemak indartu behar dira, eta datuaren gobernantza argia eta eraginkorra sustatu.

7.- IKERKETA ETA BERRIKUNTZA

Aurrerapen zientifikoak praktika klinikora eramatea eta, horrela, minbizia duten pertsonen prebentzioa, diagnostikoa, tratamendua eta bizi-kalitatea hobetzea. Arreta berezia jarriko da doitasun pertsonalizatuko medikuntzan eta terapia aurreratuetan, eta, aldi berean, ikerketak bultzatuko dira pazientearen beharrak ase ditzaketen beste esparru batzuetan.