Ertzaintzak lapurtutako gailu elektronikoak errezibitzen, manipulatzen eta saltzen zituen talde kriminal bat desegin du

Ertzaintzak telefono mugikorrak, ordenagailu eramangarriak eta gama altuko bestelako gailu elektronikoak errezibitzen, manipulatzen eta, ondoren saltzen zituen talde kriminal antolatu bat desegin du. Gailu guztiak Euskadin, beste autonomia-erkidego batzuetan edo atzerrian aurretik lapurtutakoak ziren. Operatiboan bost pertsona atxilotu dituzte eta beste biri eginbideak ireki dizkiete ikertu gisa, eta lapurtutako salgai ugari konfiskatu dituzte.

Egitura kriminal hori desegitea ahalbidetu duen polizia-operatiboa Bizkaiko Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuak (SICTB) jarri zuen martxan joan den ekainean, eta hilabete hauetan Bilboko 8. zenbakiko Instrukzio Epaitegiak koordinatuta garatu da.

Egindako ikerketei esker, denbora honetan telefono mugikorrak, ordenagailu eramangarriak eta gama altuko bestelako gailu elektronikoak errezibitzen, manipulatzen eta, ondoren, saltzen zituen pertsona talde bat identifikatu ahal izan da. Objektu guztiak Euskadiko hainbat udalerritan, autonomia-erkidego mugakideetan eta kasu batzuetan atzerrian aurrez lapurtutakoak ziren.   

Jakin ahal izan zenez, taldeak modu egituratuan jarduten zuen, kideen artean zereginak banatuz eta legez kanpoko materiala biltegiratzeko eta banatzeko hainbat higiezin erabiliz.

Ikerketa horien ondorioz, joan de asteartean polizia-dispositibo bat ezarri zuten Bizkaiko hainbat herritan, susmagarriak aurkitzeko asmoz, eta talde kriminaleko bost kide atxilotu zituzten, taldea desegiteko polizia-operatiboa arrakastaz amaituz. Era berean, egiturarekin zerikusia zuten beste bi pertsonari eginbideak ireki dizkiete ikertu gisa.

Taldeko kideak, 20 urtetik 35 urtera bitarteko bost gizon, atxilotu ondoren, miaketak egin dira Bilbon eta Barakaldon, eta telefono mugikorrak, tabletak, argazki-kamerak eta droneak konfiskatu dituzte. Atxilotuetako lau magrebtar jatorrikoak dira eta bosgarrena Saharaz hegoaldekoa.  

Ikerketak iraun duen denboran, hirurehun telefono mugikor baino gehiago konfiskatu dituzte, horietako asko azken belaunaldikoak, bai eta ordenagailu eramangarriak, tabletak eta bestelako gailu elektronikoak ere.  Horiek aztertu ondoren, jakin dute ehun bat aparatu lapurreta- edo ebasketa-salaketekin lotuta daudela, eta salaketa horiek ebatzita daude, beraz, eta objektuak legezko jabeei itzuli zaizkie.

Atxilotuak epailearen eskuetan jarri dituzte, eta Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du berreskuratutako gailuak indibidualizatzeko, horien legezko jabeak identifikatzeko eta horrekin guztiarekin lotutako egitate guztiak argitzeko.

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi Bideoa/ Video