Ollo lehendakariordea Nafarpresek Otsagabian antolatutako tokiko prentsaren jardunaldian izan da

Ollo lehendakariordea Nafarpresek Otsagabian antolatutako tokiko prentsaren jardunaldian izan da

Nafarroako Tokiko Hedabideen Elkarteak, Nafarpresek, Otsagabian ospatu du Nafarroako Tokiko Prentsaren IV. Jardunaldia. Topaketa honek berriro bildu ditu sektoreko profesionalak, erakundeak eta hezkuntza-komunitatea, hurbileko informazioari balioa emateko eta tokiko komunikabideek lurraldearen gizarte- eta kultura-egituraketan egiten duten lana aitortzeko. Aurten, Otsagabian egin da jardunaldia, Nafarroako hedabide fundatzaileetako bat den Mendixut aldizkariaren 25. urteurrena ospatzeko.

Bigarren plehendakariordeak eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilari Ana Ollok eman dio hasiera jardunaldiari, joan den ostegunean. Bertan, Nafarroako Gobernuak “kalitatezko informazioaren alde duen konpromisoa nabarmendu du, komunitatea sortzen duen eta demokrazia sendo baten oinarri den ondasun komun gisa, gaur egun zalantzan dagoena. Gaur egungo olatu atzerakoiak mehatxatzen duen sistema demokratikoa”.

Gainera, Ollo kontseilariak tokiko prentsak zeregin horretan duen papera nabarmendu du, “erronkak erronka, tokiko kazetaritzak gizartean duen garrantzia eta funtsezko zeregina mantendu dezakeelako, aro digitaleko errealitate berrietara egokituz. Izan ere, tokiko kazetaritzak balio paregabea eskain dezake komunitatearentzat esanguratsuak diren istorio eta gaietan fokatzean. Pertsonen bihotzetatik hurbil dauden istorioak kontatzeak haien interesa erakar dezake eta irakurleen leialtasuna areagotu”.

Ekitaldian, Nafarpres sarien II. edizioko sariak banatu ziren, baita Tokiko Prentsaren I. Eskola Lehiaketaren sariak ere, aurtengo berrikuntza nagusia. Nafarroako lau ikastetxetako ehun ikaslek baino gehiagok hartu dute parte.

Endika Iriso (La Voz de la Merindad), Erkuden Ruiz Barroso (Guaixe), Sandra Goldáraz (Entreto2 Valdizarbe), Unai Beroiz (Diario de Noticias), Guaixe-ko taldea eta Estudio Cayena izan dira sarituak Nafarpres sarien II. Edizio honetan. Gainera, Silvia Astizek eta Etxahun Larrinagak Tokiko Prentsaren I. Eskola Lehiaketaren sariak irabazi dituzte.

Jardunaldia

Ollo kontseilariaz gain, Javier Arakama Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak, Arantxa Arregi Cederna Garalurreko lehendakariak eta Sandra Goldáraz Nafarpreseko lehendakariak ere hitz egin dute. Guztiek gertuko bitartekoek komunitate-egituraketarako tresna gisa duten garrantzia azpimarratu dute.

Bere mintzaldian, Sandra Goldaraz Nafarpreseko lehendakariak jardunaldia “errekonozimendu gune bat ere badela” azpimarratu zuen, eta Eskola Lehiaketaren lehen edizioa zein Nafarpres Sarien bigarrena ospatzearen garrantzia azpimarratu zuen. Bi ekimenak, adierazi zuenez, “helburu berarekin jaio dira: tokiko kazetaritzaren balioa aitortzea eta belaunaldi berrien artean bokazioak piztea, Nafarroako tokiko prentsaren etorkizuna azentu propioz idazten jarrai dadin, herriz herri”.

Ondoren, mahai-inguru bat egin zen tokiko prentsako profesionalekin, eta sektorearen erronka nagusietako batzuk aztertu ziren, hala nola belaunaldi-aldaketa, hedabide inprimatuen jasangarritasuna, informazio-basamortuen arriskua eta Nafarroako lurralde osoan hurbileko eta kalitatezko informazioa eskuratzeko aukera bermatzeko bultzatutako ekimenak.

Nafarpres sarien II. edizioa

Nafarroako tokiko komunikabideetako profesionalen ahalegina, sormena eta dedikazioa aitortzeko eta baloratzeko sortu ziren Nafarpres sariak, euskaraz zein gaztelaniaz. Bigarren edizio honetan, honako lan hauek jaso zituzten sariak:

Tokiko erronkak eta errealitateak islatzeko sakontasun eta gaitasunagatik nabarmentzen diren lanak bereizten dituen ‘Erreportaje Onena’ kategorian saria La Voz de la Merindadeko Endika Irisorentzat izan zen ‘El futuro sobre plano’ lanagatik.

Nafarroako ingurune sozial eta kulturala hobeto ulertzen laguntzen duten piezak saritzen dituen ‘Elkarrizketarik Onena’ saria Guaixeko Erkuden Ruiz Barrosok jaso zuen, ‘Besteak beste, sexu langileen alde lan egiten dugunoi’ elkarrizketa egiteagatik.

‘Argitalpen Diseinurik Onena’ kategorian, tokiko argitalpenen maketazioan eta aurkezpenean sormena eta begi-inpaktua baloratzen den kategorian, Guaixeko taldeak jaso zuen saria, ‘Uda Sakanan’ lanagatik.

Bestetik, tokiko nortasuna eta bizimodua nabarmenduz, historia bat irudiaren bidez kontatzeko gaitasuna aitortzen duen ‘Argazkigintza onena Tokiko Hedabideen Taldea’  sariaren irabazlea Entreto2 Valdizarbeko Sandra Goldáraz izan zen ‘FeriasGares2025. Diada Castells panorámica’ lanagatik.

Bestalde, inpaktu handiko irudien bidez tokiko istorioak transmititzeko trebetasuna nabarmentzen duen ‘Kanpoko Argazkilaritza Profesional Onenaren’ saria Diario de Noticias egunkariko Unai Beroizentzat izan zen, ‘Pecadoa’ lanagatik.

Azkenik, publizitatearen komunikazioaren originaltasuna eta eraginkortasuna saritzen dituen ‘Publizitate Kanpaina Onenaren’ saria, Estudio Cayenarentzat izan zen ‘Durundatu’ kanpainagatik.

Saritutako pertsona eta komunikabideek Baku Barrikupel enpresak eskuz egindako oroimenezko garaikurra jaso zuten.

Tokiko Prentsaren I. Eskola Lehiaketa

Halaber, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleei zuzendutako Nafarroako Tokiko Prentsaren I. Eskola Lehiaketaren sari banaketa ere ospatu zen. Proiektua irailean eta urrian garatu da eta tokiko kazetaritza ikasgeletara hurbildu du prestakuntza-tailerren bidez, Araxes (Betelu) ikastetxe publikoan, C.P.. Añorben, Otsagabiko Eskualde Eskolan eta Lizarra Ikastolan.

Lehen edizio honetan, C.P Añorbeko Silvia Astiz izan zen saritua Artikulu Onenaren kategorian eta Lizarra Ikastolako Etxahun Larrinaga Pinillos, Elkarrizketa Onenaren kategorian.

Jardunaldia amaitzeko, familia-argazki bat egin zen sarituekin batera eta aperitibo bat eman zitzaien bertaratutako guztiei, giro lasaian. Honek sektoreko profesionalen arteko harremanak estutzea ahalbidetu zuen.

Ekitaldi honekin, Nafarpresek tokiko prentsaren lana ikusarazteko konpromisoa indartu du, Nafarroako nortasun kultural eta sozialaren isla gisa duen funtsezko zeregina nabarmenduz.