Orain dela bi urte programa martxan jarri zenetik, Bizihabi programak adineko pertsonen eta gazteen arteko 50 bizikidetza-harreman lortu ditu guztira, hau da 13.620 gau elkarrekin. Emaitza horiek agerian uzten dute parte hartzen duten adineko pertsonen artean programak ongizatearen hobekuntzan eta bakardadearen murrizketan duen eragina Bizihabik sustatutako belaunaldien arteko bizikidetza-bizitokien esperientziak Bizkaian (Bilbo, Leioa, Erandio, Santurtzi, Karrantza eta Maruri-Jatabe), Gipuzkoan (Donostia, Hernani eta Deba) eta Araban (Vitoria-Gasteiz) izan dira.
Bizihabi programan parte hartzen duten adineko pertsona gehienek bizi-galerak edo trantsizioak izan dituzte (alarguntzea, seme-alabak etxetik joatea, dibortzioa, bizileku-aldaketa, erretiroa, etab.), eta, beraz, bizitza berri batera egokitzeko nahia agertzen dute. Beste motibazio batzuen artean, honako hauek ere badaude: harremanen falta sumatzen dute edo gizarteari modu positiboan lagundu nahi diote. Bizihabiren erabiltzaile nagusien % 42,7k 60 eta 65 urte bitartean ditu, % 34k 65 eta 75 urte bitartean eta % 23k 75 urte baino gehiago. % 66,8 emakumeak dira eta % 33,2 gizonak.
Bizihabiren erabiltzaile gazteen profila 24 edo 25 urteko ikasleena edo 30 eta 35 urte bitarteko langileena da. Master edo doktoretza motaren bateko ikasleak izan ohi dira. Lasaitasuna lehenesten duten eta ikasle gazteekin bizi nahi ez duten pertsonak dira eta gustura egoteko zein atseden hartzeko etxea bilatzen dute. Lanagatik lekuz mugitzen diren gazteak ere badaude. Horietako batzuk beste autonomia-erkidego batzuetatik datoz, eta familiatik urrun daudenez, eroso sentitzeko moduko etxea bilatzen dute.
«Bizihabi elkarrekin bizi diren, adinekoen eta gazteen artean partekatutako etxebizitzetako bizikidetza-programa bat da. Bizi-kalitatea hobetzen dugu, bakardadea eta gizarte-isolamendua murriztuz. 65 urtetik gorakoen errenta handitzea errazten dugu. Etxeko logela baten alokairuaren bidez, 300 €-ko batez besteko diru-sarrerak jasotzen dituzte hilean, errenta baxuagoei laguntzeko. Eta gazteei belaunaldien arteko bizikidetza eta alokairu eskuragarria eskaintzen die Bizihabik, merkatuko prezioekin alderatuta. Oso pozik gaude bere funtzionamenduarekin, eta gero eta udal gehiagok adierazten dute beren udalerrietan proiektu hau sustatzeko interesa» adierazi du Itziar de la Peñak, Eusko Jaurlaritzako Ekintza Komunitariorako zuzendariak.
2025. urtean, urriko datuak barne, Bizihabi programak 29 bizikidetza-kontratu bideratu ditu, hau da, aurreko urteko kontratuen ia % 50 berritu ditu bizikide berberen artean. Datu horrek egonkortasunerako joera positiboa erakusten du, bereziki garrantzitsua adinekoentzat, pertsona berarekin bizitzeko aukera eta jarraitutasuna baloratzen baitute. Gainera, nabarmentzekoa da kontratuen ia % 70 jabe berarekin egin direla, eta horrek Bizihabik adinekoentzat eskaintzen duen bizikidetza-ereduarekiko konpromisoa eta konfiantza indartzen ditu.
Diru-sarrerak eta aurrezkia
Bizihabi programaren bidez sustatutako bizikidetza-bizitokiei esker, gizartean eta ekonomian lortutako eraginak onura dakarkie adinekoei eta gazteei. Adinekoek 2.000 eurotik gorako aparteko diru-sarrerak izan dituzte (pertsonako eta urteko, batez beste), eta gazteek 750 euro inguru aurreztu dituzte alokairuaren batez besteko prezioari dagokionez (pertsonako eta urteko, batez beste).
Zerbitzuaren prozesua
Eusko Jaurlaritzak zerbitzuaren kostuaren % 100 diruz laguntzen du baldintzak betetzen dituzten herritarrentzat. Zerbitzu honen bidez, urrats hauek bermatzen dira:
Erregistroa: Erabiltzailearen datuak, profila, ostatua, aurreikuspenak eta bilatzen ari dena jasotzen dira.
Lehentasunak: Erabiltzaileari norekin bizitzea gustatuko litzaiokeen eta ze motako partekatzea espero duen galdetzen zaio.
Hautaketa: Hautaketa-prozesu osoa zaintzen dugu eta interesduna hobekien egokituko diren pertsonekin bakarrik jartzen da harremanetan
berari.
Elkarrizketa pertsonala: Hautaketa egin ondoren, bi pertsonekin harremanetan jartzen da, elkarrizketa pertsonala izateko eta elkar ezagutzeko.
Bizikidetza-kontratua: Bi aldeek bizikidetzarekin aurrera jarraitu nahi badute, Bizihabi arduratuko da elkarbizitzarako akordioarekin zerikusia duen guztiaz.
Alokairuaren kobrantzaren jarraipena eta bermea: Etengabeko jarraipena egiten da bizikidetza osoan, eta bitartekotza-zerbitzu bat eskaintzen da arazoren bat sortzen bada edo bizikidetza ez badabil. Gainera, bi pertsonek probaldia izango dute bateragarriak direla egiaztatzeko. Era berean, Eusko Jaurlaritzak alokairuaren kobrantza bermatzen du.
Jardunaldi teknikoa
Atzo, BIZIHABI programako lantaldeak dinamizatutako topaketa tekniko bat egin zen Bilbon. Bertan, Eusko Jaurlaritzako Ekintza Komunitariorako eta Hirugarren Sektore Soziala Sustatzeko Zuzendaritzako ordezkariek, Sestao, Bilbo, Erandio edo Getxoko udaletako ordezkariek, Altxor (60 urtetik gorako pertsonentzako aholkularitza) edo Beti On (telelaguntza-zerbitzua) zerbitzuetako kideek parte hartu zuten. Oso jardunaldi parte-hartzailea izan zen, Bizihabi programarekiko interesa erakusten zuten galdera askorekin. Bi udal berrik interesa agertu zuten udalerrian bizikidetza-bizitokien programa hori ezartzeko.
