Emakundek lagundutako azterlan batek euskal hiriburuetan bizikletaren erabileran dagoen genero-arrakala nabarmendu du

Emakundek lagundutako azterlan batek euskal hiriburuetan bizikletaren erabileran dagoen genero-arrakala nabarmendu du
  • Erabiltzaileak ugaritu diren arren, ikuspegi androzentrikotik sortutako aurreiritzi eta estereotipoak irauten dute
  • Garraio mota honek, emakume erabiltzaileen arabera, hiri-eredu atseginagoak eta iraunkorragoak sortzen laguntzen du

«Emakumeak bizikletaz euskal hiriburuetako kaleetan zehar. Diagnostiko parte-hartzailea genero-ikuspegiarekin», Emakundek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko ikerketa-lanei ematen dien bekaren emaitza aurkeztu du gaur, Donostiako Ziklotekan.

Ikerketa Laura Latorre Hernando ikertzaile, prestatzaile, narrazio terapeuta eta hiriko txirrindulariak eta Guillermo Vera Idoate antropologia eta etika ekologikoan adituak egin dute, bizikleta hiriko garraio gisa erabiltzen duten emakumeen elkarrizketak eta kontakizunak oinarri hartuta.

Bizikleta erabiltzeko motibazioetara hurbildu eta emakume txirrindulariek egiten duten hiri-espazioaren erabilera aztertu ondoren, hiru euskal hiriburuetan zentratuta, azterketaren ondorio nagusia da genero-arrakala dagoela, «bizikleta-azpiegitura eskasak, genero-sozializazio desorekatuak eta ikuspegi androzentrikotik bizikletaren erabilerarekin batera jarraitzen duten aurreiritziek eta estereotipoek eraginda, bai eta emakumeek hiri-ingurunean bizi dituzten jazarpen- eta indarkeria-esperientziek ere».

Hala ere, ikerketan ikusten denez, aurrerapen handia egin da bizikletaren hiri-erabileran, emakumeak gero eta gehiago jabetzen baitira hiriko espazioaz. Izan ere, erabiltzaileen arabera, «garraiobide horrek beste hiri-eredu atseginago eta jasangarriago batzuk sortzen laguntzen du».

Noemí Ostolaza Emakundeko idazkari nagusiaren hitzetan, «bizikleta genero-ikuspegitik begiratzeak oztopoak identifikatzea ez ezik, hiri inklusiboagoak irudikatzea ere eskatzen du, pedalei eragitea pertsona guztientzako aukera segurua, askea eta bidezkoa izan dadin». Bere ustez, «gizarte- eta hirigintza-eraldaketek emakumeen eta gizonen beharrak aintzat hartu behar dituzte, baita hiri atseginagoak, jasangarriagoak eta berdinzaleagoak sortzeko beharra ere». Besteak beste, hiri-plangintzak eta garraioak familia-bizitza, bizitza pertsonala eta lan-bizitza uztartzean duen eragina azpimarratu du Ostolazak. Halaber, emakumeen artean bizikleta erabiltzeak duen garrantzia azpimarratu du, emakumeak ahalduntzeko eta espazio publikoa okupatzeko bitarteko gisa.

Ikertzaile-taldeak ohartarazi duenez, emakumeen bizikleta bidezko joan-etorrien hazkundea «generoak eta gizartean oraindik dagoen denboraren eta zaintzaren arrakalak» ere baldintzatzen dute. Bizikleta hiri-garraio gisa aukeratzen duten emakume txirrindulariek haien praktikotasuna, ekonomia, autonomia eta azkartasuna baloratzen dituzte.

Lanean, halaber, trafiko-politikak eta bizikleta-azpiegiturak aztertu dira, eta, elkarrizketatuen ustez, hobetu egin behar dira, desplazamendu-modu jasangarriak errazteko. Ildo horretan, kontuan hartu dira hirigintza feministarekin lotutako gaiak, bizikletentzako aparkalekuen segurtasun-baldintzak hobetzen lagundu behar dutenak.

Ikerketari amaiera emateko, ikuspegi feministadun herritarren hezkuntza sustatzeko eta hiri-mugikortasunean bizikidetza hobetzeko proposamenak egin dira. Hala, hainbat ekimen planteatzen dira, hala nola, kontzientziazio-kanpainak, bizikleta erabiltzeko eta mantentzeko prestakuntza, eta hiri-garapen trinkoa lortzeko politika publikoak sustatzea.