Eusko Jaurlaritzak Berrikuntza Itsasargiak abiarazi ditu, Euskadi abangoardia zientifiko eta sozialeko Europako polo gisa sendotzeko

Eusko Jaurlaritzak Berrikuntza Itsasargiak abiarazi ditu, Euskadi abangoardia zientifiko eta sozialeko Europako polo gisa sendotzeko
  • Eusko Jaurlaritzak baliabide ekonomikoak eta giza kapitala berrikuntzarantz lehentasunez bideratzeko tresna estrategiko berri bat jarri du abian, Euskadik Europako polo gisa duen posizioa indartzeko
  • Estrategiak, hiru trantsizio handiekin —digitalarekin, energetikoarekin eta sozialarekin— lerrokatuta, bederatzi Berrikuntza Itsasargi ezartzen ditu, datozen urteetan berrikuntza-politikaren norabidea markatuko dutenak
  • Imanol Pradales: «Aukeratzen eta arriskatzen ari gara. Onak garen horretan indartsu jartzen. Euskadirako arlo estrategikoak fokalizatzen”

Eusko Jaurlaritzak Berrikuntza Itsasargiak aurkeztu ditu gaur, berrikuntzan baliabide ekonomikoak eta giza kapitala lehentasunez bideratzeko diseinatutako tresna estrategiko berria. Ekimen honek koherentzia eman nahi dio Jaurlaritzaren berrikuntza-politika guztiei, eta Euskadi goi-mailako berrikuntzako Europako polo gisa finkatu.

Lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren apustua nabarmendu du bere hitzaldian: “Aukeratzen eta arriskatzen ari gara. Onak garen horretan indartsu jartzen. Euskadirako arlo estrategikoak fokalizatzen”. “Gaur, argi luzeak piztuko ditugu berriro, eta gure ahaleginak ‘Euskal berrikuntza-itsasargietan’ zentratuko ditugu, nora iritsi nahi dugun ikusteko”, nabarmendu du Pradalesek. Era berean, Lehendakariak azpimarratu duenez, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren gidaritzapean, sailen arteko eta erakundeen arteko ahalegina egiten dugu Euskadiko politika publiko guztiak bideratzeko zientziaren eta berrikuntzaren arloan, helburuak elkartuz eta horretarako beharrezkoak diren baliabideak aktibatuz, eta Berrikuntza Funtsa horretarako oinarrizko tresna da.

Getxoko Olatua zentroan egindako ekitaldian Imanol Pradales Lehendakaria izan da buru, eta bertan parte hartu dute Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek, Ogasun eta Finantzetako sailburu Noël d’Anjouk eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik.

 

Inpaktu ekonomikoa eta soziala

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek nabarmendu duenez, “berrikuntza-itsasargiak pentsatuta daude hiru trantsizioek planteatzen dizkiguten erronkei erantzuteko eta erronka horiei soluzio egokiak aurkitzeko”. Horietako bakoitzak biltzen dituen itsasargiak eta ikerketa- eta berrikuntza-ildoak aukeratzeko, oso kontuan hartu ditugu zientzian eta berrikuntzan ditugun ahalmenak. Halaber, beste instituzio batzuek arlo horretan egiten dituzten ahaleginen gidari izan nahi dute, eta institutu ekonomiko eta soziala izan”.

Itsasargien helburu orokorra goi-mailako ezagutza sortzea da, gizartean inpaktua izateko helburu esplizituarekin. Itsasargi hauek gida izango dira berrikuntza disruptiboak aurkitzea eta garatzea sustatzen duten ikerketak eta jarduketak garatzeko, berrikuntza abangoardiako ezagutzaren sorkuntza gisa ulertuta, epe labur eta ertainean inpaktu ekonomikoa edo soziala sortzeko xedearekin.

Berrikuntza Itsasargiak ZTBP 2030 planaren zientzia- eta berrikuntza-estrategiaren barruan kokatzen dira, eta Euskadi murgilduta dagoen hiru trantsizio handiek planteatzen dituzten erronkei erantzuteko beharraren inguruan egituratzen dira: teknologiko-digitala, energetiko-ingurumenekoa, eta soziodemografikoa eta sanitarioa. Helburua da trantsizio horiei ezagutza aurreratuaren eta berrikuntzaren bidez aurre egitea, erronkak aukera bihurtzeko eta Euskadi digitalagoa, berdeagoa eta inklusiboagoa lortzeko.

 

Trantsizio hirukoitzerako bederatzi Berrikuntza Itsasargi

Hiru trantsizio horietan kokatutako estrategiak bederatzi Berrikuntza Itsasargi proposatzen ditu, datozen urteetako berrikuntza-politika gidatuko dutenak. Lehen trantsizioan (Trantsizio Digitalean eta Teknologikoan), hiru itsasargi nagusi identifikatzen dira: Adimen Artifiziala (AA), lehentasun estrategikotzat jotzen baita osasun arloko diagnostikoetarako ezagutza aurreratua eta funtsezkoa sortzeko, prozesu energetikoak optimizatzeko eta euskara sustatzeko; Teknologia Kuantikoak, konputazioan, komunikazioetan, zibersegurtasunean eta sentsorikan inpaktu garrantzitsuak dituen disrupzio teknologiko gisa errekonozitzen baitira; eta Zibersegurtasuna, baldintza transbertsala baita, helburu duena digitalizazio perbasibo eta erresilientea bermatzea, erasoei aurre egiteko, detektatzeko eta berreskuratzeko esparru transbertsal baten bidez, datuaren bizi ziklo osoan.

Bigarren trantsizioan (Energia eta Ingurumen Trantsizioan), hiru itsasargiak deskarbonizazioan zentratzen dira. Izan ere, deskarbonizazioa ardatz nagusi bat da erregai fosilekiko mendekotasuna murrizteko, efizientzia energetikoaren bidez, hidrogeno berdea bezalako erregai berriztagarrien garapenaren bidez, CO2 atzitzeko, erabiltzeko eta biltegiratzeko soluzioen bidez eta baterien hobekuntzaren bidez; One Health ikuspegia, pertsonen, animalien eta ekosistemen osasuna integratzen baitu osasun- eta ingurumen-erronkei heltzeko; eta elikadura osasungarria eta jasangarria, kutsatzailerik gabeko elikagai seguru eta osasungarriak bermatzen baititu, ekoizpenean jasangarritasuna, biodibertsitatea eta zirkulartasuna sustatuta.

Azkenik, hirugarren trantsizioak (Trantsizio Soziodemografikoak eta Sanitarioak), hiru itsasargi ere jasotzen ditu: osasun pertsonalizatua eta doitasunekoa, erikortasun eta hilkortasun handieneko eremuetatik (hala nola onkologiatik, gaixotasun kardiobaskularretik, osasun mentaletik  eta gaixotasun neurodegeneratibo eta arraroetatik) eratorritako erronkei erantzuten baitie, baita lehen mailako arretaren hobekuntzarekin, medikuntza prebentiboarekin eta osasun publikoarekin lotutako erronkei ere; osasunaren baldintzatzaile sozialak, hezkuntza-maila, diru-sarrerak, gizarte-laguntza edo etxebizitza bezalako faktore sozialak aztertzen baitituzte (horiek osasunean eragina dute eta osasun-egoeran desberdintasun saihetsezinak sortzen dituzte); eta demografia eta erronka soziosanitarioa (dinamika demografikoak eta migratzaileak, zahartze osasungarria, iraupen luzeko zainketen kudeaketaren arloko berrikuntza eta belaunaldien arteko solidaritatea aztertzen ditu).

 

Gobernantza eta aurrekontu-aurreikuspena

Berrikuntza Itsasargiak estrategia Berrikuntza Funtsaren baliabideekin finantzatuko da, eta beste jatorri batzuetako funtsen ekarpena sustatzen du. Datozen urteetarako aurrekontu-aurreikuspena Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan esleitutako zenbatekoetan oinarrituta dago, eta guztira 102 milioi eurotik gorako zenbatekoa izango du 2030eko ekitaldirako.

Estrategia hau pixkanaka jarriko da abian. Berrikuntza Funtseko partiden zati bat Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailari berresleitzea aurreikusten da, eta 2028an % 100eko berresleipena lortzea.

Jardueren gobernantzarako, jarraipenerako eta koordinaziorako, lantalde bat eratuko da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluaren barruan, Pérez Iglesias sailburuak gidatuko duena. Talde horrek koordinazioa ziurtatuko du inplikatutako beste sail eta eragile batzuekin (zientifiko, teknologiko, industrial eta abarrekin). Estrategiaren helburua da eragin traktorea eta ugaltzailea duten diziplina anitzeko eta nolabaiteko tamainako proiektuak sustatzea.