Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak Gandik programa aurkeztu du Beasainen. Ekimen hori PuntuEUS Fundazioak bultzatzen du Beasaingo Udalarekin lankidetzan, eta tokiko merkataritzaren digitalizazioa bultzatzea eta gazteak merkataritza-sektorera hurbiltzea du helburu.
Hitzaldian, PuntuEUS Fundazioaren eta Udalaren lana eskertu du sailburuak. “Eskerrik asko berrikuntza, prestakuntza eta gizarte-kohesioa batzen dituen proiektu pilotu hau posible egiteagatik. Erakundeen arteko koordinazioa funtsezkoa da gure sektoreei lagunduko dieten eta hurbileko merkataritza indartuko duten proiektuak garatzeko”.
Beasainek eta Portugaletek Gandik programaren proba pilotuan parte hartzen dute. Helburua negozioen presentzia digitala sustatzea eta, aldi berean, gazteak tokiko merkataritzara hurbiltzea da. “Programak belaunaldien arteko kohesioa sustatzen du, DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleak inplikatzen baititu beren udalerrietako komertzioentzako web orrien diseinuan.
Sailburuak nabarmendu du merkataritza-sektoreak gaur egun hiru trantsizio dituela: ingurumenekoa, soziodemografikoa eta digitala. “EAEko saltokien % 30ek bakarrik du webgune aktiboa, eta % 13k baino ez du online bidezko salmenta. Gainera, publiko gaztea erakartzeko estrategia berriak behar ditugu, erosketa fisikoa eta digitala naturaltasunez uztartzen dituena”, azaldu du.
Testuinguru horretan, Gandik programak erronka horiei erantzun nahi die, tokiko merkataritzaren formazio digitalaren bidez eta gazteen inplikazio aktiboaren bidez. “Gazteak euskal merkataritzara hurbiltzea nahi dugu, ezagutu, baloratu eta eraldatzen lagundu. Gandikek belaunaldien arteko lotura hori eta sektoreak behar duen bultzada berritzaile hori irudikatzen ditu”, esan du. Era berean, Gandik Merkataritza Berrikuntzako Hub-aren barruan dagoela gogorarazi du, eta diru kopurua bikoiztu egingo dela 2026an. “Horrelako proiektuek erakusten dute berrikuntza funtsezkoa dela merkataritza-jarduera dinamizatzen jarraitzeko, eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzatik laguntza indartuko dugu”, iragarri du.
Garrantzitsua da gertuko merkataritzaren balioaz hausnartzea. “Tokiko merkataritzan erosteak, bere zergak hemen ordaintzen dituenak, gure herrietako ekonomia, jasangarritasuna eta bizi kalitatea hobetzen ditu. Erosketa-erabaki bakoitzak eragin egiten du eraiki nahi dugun gizartean”, adierazi du.
Gandik bezalako ekimenek tokiko merkataritza balioan jartzen eta bere etorkizuna bermatzen laguntzen dute, belaunaldi berrien teknologian eta konpromisoan oinarrituta. “Berrikuntza, gazteria eta merkataritza lotzen dituzten proiektuak bultzatzen jarraitu behar dugu, eredu jasangarriago eta gizatiarrago baten oinarria direlako”, amaitu du.
