- Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak zentroa bisitatu dute gaur goizean. Bertan, Ospitalizazio Unitatean eta eraikinaren estalkian birgaitze-lanak hasiko dira
- Eraberritze-obretan 4 oheko gelak kenduko dira, eta ospitaleratze-unitatea 8 banako gela eta 8 logela bikoitzez hornituko da
- Bisita Osasun Saileko eta Osakidetzako arduradunek profesionalei aktiboki entzuteko hasitako prozesuaren parte da
Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martínezek, Osakidetzako zuzendari nagusi Lore Bilbaorekin batera, Gorlizko Ospitalea bisitatu du. Bertan, goizeko lehen orduan, zuzendaritza-taldearekin, Txus Romón gerente berria buru, eta zerbitzuburuekin bildu dira, eta, ondoren, Ospitaleko eremuetatik ibilbide bat egin dute.
Topaketa hau Osasun Saila erakunde sanitario guztietan egiten ari den entzute aktiboko prozesuaren parte da, talde profesionalekin iritziak trukatzeko eta osasun-arretaren hobekuntzan aurrera egiteko.
Ildo horretan, nabarmentzekoa da Gorlizko Ospitaleak hirugarren solairuko Ospitalizazio Unitatea osorik berritzeko prozesuari ekin diola, 5.660.000 euroko inbertsioarekin. Hirugarren solairuko eskuinaldean dagoen ospitale-unitate hori eta eskuineko zein erdiko hegaletan dauden asistentzia-eremuak guztiz eraberritzeko lanak egingo dira, eta guztira 1.041 m2-ko azalera izango dute. Gainera, eraikinaren estalkia osorik birgaituko da.
Birgaitze-lanei esker, ospitalizazio-unitatean gaur egun dauden 4 oheko gelak kendu ahal izango dira, eta 8 gela indibidual eta 8 gela bikoitz egongo dira. Horrez gain, asistentziara eta biltegiratzera bideratutako beste espazio batzuk sortuko dira.
Eraberritze-proiektua, gaur egun, egikaritze-eskaintzak jasotzeko fasean dago. Urtearen hasieran, espedientea egikaritzeko proposamena egingo da, lanak 2026ko udaberrian hastea aurreikusten da, eta 18 hilabeteko egikaritze-epea dute.
Humanizaziorako aurrerapausoak
Proiektatutako birmoldaketa-lanekin, Ospitalea arretaren humanizaziora egokitzeko prozesuari ekin zaio, pazientearentzako intimitate handiagoa lortzeko bidean aurrera eginez.
Osasun Sailak eta Osakidetzak, Gorlizko Ospitalea eraberritzeko obra horiekin, beste aurrerapauso bat ematen dute Bizkaian eskaintzen den asistentzia sanitarioa hobetzeko. Gainera, Euskadiko Osasun Itunean jasotako konpromisoari erantzuten zaio, Osakidetzako zentroak eta egiturak hobetu, modernizatu eta egokitzeko, pertsona guztientzako arreta hurbilean, kalitatezkoan eta irisgarrian aurrera egiten jarraitzeko.
