«90 gradutan», ihes-gela hezigarri bat, ohitura digital osasungarriak erakusten dituena jolasen bidez.
«90 gradutan» izeneko programa bat jarri du abian Udalak; prebentzio digitaleko programa aitzindari bat, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Lanbide Heziketara bitarteko ikasleentzat. Ihes-gela hezigarri hori da programak duen tresna nagusia, hiru alderdi hauek lantzeko: alfabetatze digitala, autorregulazio emozionala eta jokabide problematikoen prebentzioa, pantailen erabilera intentsiboarekin eta substantziarik gabeko adikzioekin lotutakoena. «Datuek erakutsi ziguten alertatik ekintzara pasatu beharra zegoela, eta hala sortu genuen «90 gradutan», arrisku digitalak kudeatzeko moduko hezkuntza- eta bizipen-tresna batzuk izateko», adierazi du Inklusioko, Aniztasuneko eta Osasuneko zinegotzi Iñigo Garciak.
Ihes-gela horren bidez, mugikorraren, sareen eta bideojokoen benetako erabilerari lotutako enigmak, probak eta dinamika kooperatiboak ebazten dituzte ikasleek. Talde edo ikasgela bakoitzak ordu eta erdiko 2 saiotan parte hartzen du. Saio horietan, erronka ludikoak eta gogoeta gidatuak konbinatzen dira, eta helburua da pantaila-denbora, pribatutasuna, erabakiak hartzea eta arrisku-jokabideak hautematea kudeatzea. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan adimen emozionala eta autorregulazioa azpimarratzen dira; eta DBHtik eta Lanbide Heziketatik aurrera, berriz, substantziarik gabeko adikzioen prebentzioan eta eduki digitalen analisi kritikoan sakontzen da.
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek 2024an egindako diagnostikoari erantzuten dio programak; izan ere, diagnostiko hark erakutsi baitzuen geroz eta lehenago izaten dutela haiek mugikorretarako, sareetarako eta bideojokoetarako sarbidea, normaltzat jotzen dela gailuen erabilera intentsiboa eta ongizate fisiko, emozional eta sozialari eragiten diola horrek.
Orain arte 1.156 ikaslek parte hartu dute diagnostikoan, eta asko inplikatu dira; irakasleek balorazio positiboa egin dute, eta familiek baliabide osagarriak eskatu dituzte. Programaren inpaktua adierazle kualitatibo eta kuantitatibo batzuen bidez ebaluatzea aurreikusi du Udalak, edukiak doitu eta zentro gehiago erakartzeko. «Helburua da laguntzea eta gaitzea haur, gazte eta haien familiak; helburua ez da debekatzea, baizik eta tresnak eta irizpideak ematea», azpimarratu du Iñigo Garciak.
