2015ean sortu zenetik, 7.000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte ospitalearen barruan zein kanpoan antolatu diren 350etik gorako jardueretan, horiek guztiak ABAOko Opera Denboraldiari lotuta eta pedagogia nahiz musikako adituek gidatuta. Hamaika unitate asistentzialetan egin da ekimena, besteak beste honako hauetan: Nefrologia, Eguneko Ospitalea, Hesteetako Gaixotasun Inflamatorioa, Barne Medikuntza, Pneumologia, Onkologia, Onkologia erradioterapikoa, Pediatria, Neonatologia eta Zainketa aringarriak .
Laguntzen, emozionatzen eta eraldatzen duen musika
Programaren helburua argia da: gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen eta beren laguntzaileen ongizate emozionalari laguntzea, musikaren nahiz operaren bitartez bizipen atseginak eta trukerako espazioak eskainiz. Denboraldi honetako planak barne hartzen ditu hitzaldi didaktikoak, backstage-eko bisita gidatuak eta opera-emanaldiak, zeinak ospitalean nahiz kultura-espazioetan eskainiko baitira, hala nola Arriaga antzokian eta Euskalduna Jauregia Bilbaon.
Bestalde, edizio honetarako programatutako lanen artean, hauexek nabarmentzen dira: La forza del destino, Adriana Lecouvreur, Werther, Maria Stuarda eta Andrea Chénier. Halaber, familientzako proposamen hauek eskainiko dira Opera Txiki zikloaren barruan: Jostailuen kutxa, Gabonetako ipuina, Ipuinen zaindaria eta Grimmen basoa.
Denboraldi honetan, “Opera eta gehiago” ekimenak berretsiko du pertsonak erdigunean jartzen dituen arreta osoarekin eta sentiberarekin duen konpromisoa; hala, ospitaleko esperientzia aberasteko tresna teraupetikoak izango dira musika eta emozioa.
