Categorías: albisteak-berriak

Donostiako Udal Gobernuak legealdi akordioaren konpromisoei bultzada berria emateko asmoa azaldu du

Jon Insausti alkateak bere lehenengo Tokiko Gobernu Batzarrean zinegotzi guztiei euren egitasmoak bizkortzeko eskatu die donostiarren beharrei erantzuteko

Jon Insausti Donostiako alkateak Udal Gobernu berriko zinegotzi guztiak bildu ditu gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrean eta bertan udal egitasmoei bultzada berria emateko konpromisoa hartu du. Alkatetzara iritsi eta sei egunetara jarri da lehenengoz mahai honen buru eta bi mezu adierazi nahi izan ditu:

  • batetik, udal gobernua sendo eta indartsu dagoela,
  • eta bestetik, ilusio eta proposamen berritzaileak tarteko, martxan dauden egitasmoak bizkortzeko agindua eman duela.

Izan ere, alkatearen esanetan “hiritarren premiazko behar eta eskakizunei erantzun beharra daukagu, eta horretarako udal gobernu honek badu irmotasuna eta kemena, betiere proaktiboak izanez, erronka bakoitzari dagokion energia jartzeko”.

Jon Insausti Donostiako alkatea hiriko egitasmo nagusien lidergoa hartzeko gogotsu azaldu da eta Gobernua osatzen duten bi indarrei (EAJ eta PSE) leialtasuna eta elkarlana eskatu eta agindu dizkie, orain arte bezala legealdi hasieran sinatutako gobernu akordioa berme osoz garatzeko. Akordio hori izango da, hain zuzen ere, eguneroko lanaren oinarri.

Alderdi sozialistaren bozeramaile Ane Oyarbidek aipatu du “hiriarentzat lan egiteko borondate sendoarekin jarraitzen dugula, 2023an, legegintzaldiko ituna sinatu genuenean hartutako konpromisoak betetzeari begira. Bi gobernukideok bat gatoz egonkortasunaren, lankidetzaren eta aurrerapenaren bidean aurrera egiteko asmoarekin, desberdinen arteko elkar ulertzearen aldeko apustua eginez. Baina Alderdi Sozialistatik hori egin nahi dugu martxan jartzen diren udal-politiketan arrasto progresista bat markatzeari uko egin gabe. Donostia justuagoa, kohesionatuagoa eta modernoagoa lortzeko”.

Halaber, proiektu partekatu eta sendo horren baitan, Insausti alkateak konpromisoa hartu du 2026 urteko aurrekontu proiektua urtea bukatu baino lehen onartua izan dadin. Bertan islatuko dira udal gobernuaren lehentasunak, hots, etxebizitza, segurtasuna eta enplegua. “Gure nahia donostiarrek euren bizitza proiektua Donostian garatu ahal izatea da eta hori ahalbidetzeko ezinbestekoak diren baldintzak sortzeko lan egingo dugu buru-belarri”.

Oyarbidek, bere aldetik, “etxebizitza, segurtasuna, bizikidetza, berdintasuna eta enplegua” aipatu ditu, “funtsezko arloak baitira, hiri irekia, segurua, solidarioa eta guztiontzako aukerak izango dituena eraikitzen jarraitzeko. Eta denbora gehiago galdu gabe ekin behar zaie. Azeleragailua estutzeko eta gainditu gabeko erronkei anbizio handiagoz aurre egiteko garaia da”, esan du buruzagi sozialistak.

Bestalde, garai berri honen isla gisa, Donostiako udalak hiritarrekin gertutasuna jorratzeko asmoa azaldu du eta besteak beste Udalinfo arretarako bulego nagusien egoitza berria azaroaren 12an irekiko du. Egun horretatik aurrera, aurrez aurreko zerbitzua Ijentea kalean eskainiko da, udaletxeko egoitzan bertan, gune zabal eta erosoan. Era berean, laster informazio eta harremanetarako kanal berri bat abian jarriko du Whatsapp bitartez.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

Udalinfok Ijentea kalean izango dituen bulegoak azaroaren 12an irekiko dira

Easoko Herritarren Arretarako bulegoek egun horretan bertan utziko diote zerbitzua emateari Azaroaren 12tik aurrera, orain…

3 horas hace

Cirque du Soleil-ek KURIOS ¿ Bitxikerien Kabinetea ekarriko du laster Bizkaira, bere birako ikuskizun goraipatuenetakoa

Cirque du Soleil se complace en llegar pronto a Bizkaia (Barakaldo) con KURIOS – Gabinete…

3 horas hace

Lehendakaria ‘Popel’ dokumentalaren aurkezpenean izan da

Imanol Pradales Lehendakaria ‘Popel’ dokumentalaren aurkezpenean izan da gaur arratsaldean, Bilboko BBK Aretoan. Imanol Pradalesi…

3 horas hace

Bingen Zupiria: “Segurtasun Sailaren aurrekontuak gure zerbitzu publikoa eta gure segurtasun eredua indartuko ditu”

Segurtasun Sailak 2026an 850 milioi euroko aurrekontua izango du, aurreko urtearekin alderatuta %6,4 gehiago. Inbertsio…

3 horas hace

Arabako Errioxa berrabiarazteko 17 proiektu eraldatzailerekin hasi da ABIAN plana

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak plan integral bat aurkeztu dute, 3 ardatz estrategikorekin, Arabako…

3 horas hace

Hezkuntza Sailak inoizko aurrekonturik handiena izango du 2026an ezberdintasunak murrizteko, emaitzak hobetzeko eta ikasleen ongizatea bermatzeko

3.346,5 milioi eurorekin, hezkuntza Eusko Jaurlaritzaren lehentasuntzat hartuko da. 700 plaza berri baino gehiagori esker…

3 horas hace