Udalinfok Ijentea kalean izango dituen bulegoak azaroaren 12an irekiko dira

Udalinfok Ijentea kalean izango dituen bulegoak azaroaren 12an irekiko dira

Easoko Herritarren Arretarako bulegoek egun horretan bertan utziko diote zerbitzua emateari

Azaroaren 12tik aurrera, orain arte Easo kalean zerbitzua ematen zuten Udalinfo herritarren arretarako bulego nagusiak Udaletxera (Ijentea, 1) lekualdatuko dira, herritarrentzako erreferentziazko tokian finkatzeko. Gune zabalago horretan zentralizatuko dira gehien eskatzen diren zerbitzuetako batzuk.

Bulego berri horiek Boulevardetik izango dute sarrera, eta Easo kalekoak zeukaten azaleraren bikoitza baino gehiago dute. Horrek nabarmen hobetuko du herritarrentzako arretaren kalitatea.

Easoko bulegoetan eskaintzen ziren izapideez gain, gaur egun Goikoa Jauregian ematen den Zerga-bilketaren arloko herritarren arreta ere eskainiko da, Hirigintzan espezializatutako arretarekin batera. Halaber, autotramitazio-makina bat egongo da izapide jakin batzuk arintzeko, hala nola errolda-ziurtagiria lortzeko.

Herritarrentzako arreta

Azaroaren 12tik aurrera, Easoko eta Goikoa jauregiko herritarren arretarako bulegoak itxi egingo dira, eta Ijentekoak Udalinforen bulego nagusiak izango dira. Hauek, Morlans eta Altzako bulegoekin batera emango dute zerbitzua:

  • Udaletxea: 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara
  • Morlans: 9:00 – 14:00
  • Altza: 9:00etatik 14:00etara

Derrigorrezkoa ez bada ere, bulegoetara aldez aurretik hitzordua eskatuta joatea gomendatzen da. Hitzordua donostia.eus/udalinfo webgunean eskura daiteke. Herritarren arretarako zerbitzuarekin ere jar daiteke harremanetan 010 telefono-zenbakian.

2025/11/04-an argitaratua